Ruper Ordorika: “Ez da erreza juje eta parte ez izatea gure bizimodua ezbaian jartzen duen gaietan.”

Ruper OrdorikaRuper Ordorika kantaria bueltan da New York hirian grabatu eta Oñati sorterria azalean aipatua ageri zaigun disko berriaz, Guria Ostatuan izenekoa. Horretaz konturatzeko, baina, sakoneko oñatiarra izan behar.

Hirurogeita bost urtez (1946-2011) zabalik izan zen Guria taberna Oñatin, eta ateak ixtean umezurtz sentitu ginen oñatiar askotxo, hainbat belaunalditako seme-alabontzat topaleku ezinbestekoa izan zelako.

Beharrezko sentipen horiek -laguntasuna, elkarren babesa, komunitate pertenentzia- kantagai ageri zaizkigu Guria Ostatuan disko berrian. Euskal Herrian ohikoa den taberna izena eta halaber unibertsalak diren sentipenak.

Abiapuntu oñatiarra al dauka disko berriak?

Guria Ostatuan jarri diot izena, herri askotan egon ohi den betiko taberna. Denok behar izaten dugu babesleku bat, eguneroko gorabeheretatik aparte egon ahal izateko. Oñatin bagenuen Guria bat, bai, ondo gogoan daukat. Halako batean Ortiz de Elgearen margoa ikusi nuen eta dena batera etorri zitzaidan: diskoari izen hori bera ipini behar nion eta koadro hura azalean. Hamaika kantu berrietatik pare bat behintzat gai horren ingurukoak dira, nolabait.

Zer eman dizute New York-eko musikariek oraingoan?

Niretzat musikariekin aritzea gauza ederra da. Musika alorrean haratago joan beharra sentitzen dut aldiero eta oraingoan garbi nuen, behin Brooklynen grabatzea erabakiz gero, zer hiru musikari behar nituen. Kenny Wollesen, Jamie Saft eta Tony Scherr musikari handiak dira eta aspaldiko lagunak… Ez dezaket esan zenbat eta zenbat gozatzen dudan beraiekin lanean, bai eta nire lagun talde guztiarekin: Alberto de La Casa, Arkaitz Miner…

Instrumentazioan badira berrikuntzak, adibidez kontrabaxua kantu guztietan…

Banuen gogoa taldean kontrabaxua gehiago erabiltzeko. Baina musikaria da inportanteena, ez musika tresna bera. Tony Scherr aspaldidanik ezagutzen nuen arren, aurkikuntza bat izan da, kontrabaxua ez ezik gitarra ere jo duelako kantu askotan. Baina, bai, kontrabaxua, bibraphonoa, pianoa, sokak… Denak gehitzen dio bere nortasuna soinuari eta nortasun handiko diskoa osatu dugula sentitzen dut.

“Mare Nostrum” kantuan Mediterranioa zeharkatuta guganaino heltzen saiatzen direnak hartu dituzu kantagai. Iritzi politikorik emateko?

Nola aipatu kantuan eguneroko albisteetan ateratzen diren gai izugarri horiek? Aspalditxo nenbilen idatzi nahian lehen mundura ihesi etortzeko bizitza jokoan jartzen duen gizakiaz. Testu honek, Mare Nostrum delakoak, eman zidan gakoa. Ez da erraza juje eta parte ez izatea gure bizimodua ezbaian jartzen duen gaietan. Gai politikoak, bai horixe.

Hamar Negu singlean orkestrazioa erabili duzu, zure ibilbidean lehen aldiz…

Bai. Beti ibiltzen naiz berbetan Arkaitz Minerrekin holako orkestrazio ttikiei buruz. Oraingoan, kantua grabatu eta gero halako zeozer egitea proposatu nion… Lan bikaina burutu du, ohi bezala, eta saio ezinago eder bat grabatu zuen Hamar negu kanturako. Batzuetan jolasean bezala sortzen dira pasarte gogokoenak, baita musikan ere.

Bi urtetik behin diskoa argitaratzen duzu. Etengabe ari zara zuzenean. Zure publikoak ondo eusten al dio?

Diskoak kantuak etorri bezala ateratzen ditut. Batean bi urte beharko ditut, bestean hiru edo lau… Egia da, beti musika izaten dut gogoan eta eginkizun honetan gero eta behar handiagoa sentitzen dut aurrera egiteko. Norberak eustea da garrantzitsuena. “Nire publikoa” deitzen duzun horrek nekez onartuko luke nik sinistu gabeko kantuak onduko banitu, edo produkzio eskasak egingo banitu, edo zernahi… Eta zuzenekoan gauza bera…

Azken kantua, Zatoz, ezin gertuagoko senide baten heriotzari buruzkoa da, baita lehen aldiz ere…

Badira nire benetako Guria Ostatuan gutxitan ateratzen ditudan gaiak, heriotzarena, esaterako. Urteak behar izan ditut alor horietara hurbiltzeko. Zenbaitetan kantuak eskeini dit abagunea barrenera behatzeko, neure barruko gauzak kanporatzeko. Baina lehenago ere idatziak ditut galdu ditugunoi buruzko kantuak: Aspaldian, Sekulabelardiko kantaria edo Lagunaren heriotza, esaterako.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario