Tigrea, geure beldurren ispilu

Argazkia: Sushi Maky

Tigre batekin bizi albumak laburra du testua, baina marrazki bakoitzak ipuin oso bana du bere barruan gordea. Adin tarte jakin bateko publikoari baino gehiago, begi gosetiei, behin eta berriz irakurri zale direnei zuzendua da. Haurrentzako liburuaren itxura izanagatik ere, Harkaitz Canok helduentzat idatzitako poema bat du jatorria.

Animaliarik literarioenetako bat da tigrea. Tigre esan, eta batzuei Emilio Salgariren  protagonista mitiko hura etor dakieke gogora, Sandokan, Borneoko printze itsaslapur bihurtua, Malaysiako tigrea, ezizenez. Jorge Luis Borgesek ere estimuan zuen oso, besteak beste, Nire azken tigrea idatzian aitortu zuenez: “Kiplingen Jungle Books bilduma irakurri nuenean, haurra nintzela, pena handia hartu nuen Shere Kahn fabulako gaiztoa zelako, eta ez heroiaren laguna”.

Tigrearen alde zintzo eta poetikoa sarri nabarmendu izan da literaturan, baina album honetako tigrea bestelakoa da. Ez da burdin artean bizitzera kondenatu den animalia basatia, ez eta galzorian dagoen espezie exotikoa ere. Familia maskota ere ezin izan, etxekotuta dagoen arren. Ez da miresgarria, ez da maitagarria, eta are gutxiago, errukiorra. Zer da? Harkaitz Canok “proiekzio bat” dela dio: “Marrak izan ditzake agian, baina koaderno bati erauzitako orrialde zuria da”. Tigrea, kasu honetan, bakoitzari bere izuak islatuko dizkion ispilua izan liteke: “Begien aurrean ikusi nahi ez dugunari itzuli egiteko darabiltzagun estrategien hezurmamitze poetiko bat ere bada, neurri batean”.

Albumeko protagonistak, tigrea etxean apopilo duten horiek hain zuzen, gizon eta emakume adindu parea dira. Ez dakite zer dela-eta bizi den tigrea haienean; haiek iritsi aurretik ote zegoen han, aurreko maizterrek utzirik agian, edo leihotik sartu ote zitzaien, oharkabean. Gutxi dakite zirkunstantziez, eta are gutxiago zergatiez. Galderak dira nagusi: Kumea da? Haiek zahartu ahala hazi da? Bakarra ote da? Arra da ala emea? Besteren etxetan ere ba ote dago tigrerik? Haien etxean duen jokamolde bera ote du besterenean ere?

Ezagutza falta hori, Canoren hitzetan, garaion ezaugarria da: “gutxi gorabehetakotasun eternal batean kateatuta bizi gara, ezertan sakondu gabe, harramazka axalekoak eginez, han eta hemen, jakintza arloetan, komunikazioan, harremanetan…”.

Tigrearen berri deus gutxi dakite, baina hura, tigrea, izan bada. Ziurtasun bakarra haren presentzia da, harekin bizi beharra, haren ezustekoak egunerokoaren planifikazioan ere kontuan hartu beharra. Tigrea, agerikoa ez denean ere, bertan eta zelatan dagoelako, arrastoek ongi erakusten dutenez.

Baina urrunago ere heltzen da tigrea. Bizimodua ez ezik, izatea bera ere baldintzatu nahiz deformatu egiten die gizon eta emakumeari, magia hutsa dirudien efektu baten bidez. Izan ere, tigreak denbora gelditzeko ahalmena du, orduak uzkurtzekoa. Bere atzapar lodiek ordularietako orratzak mugiaraz ditzakete eta, ondorioz, logikarik gabe hedatzen da denbora, inoiz ez da garaiz. Badu azalpenik. “Beldurrak eta mehatxuak paralisira garamatza”, dio Canok, “eta paralisia denbora izoztua da, funtsean. Iragandako denborari edo bizitzak lapurtutakoari, galdutako gauzei egindako pertsonifikazio bat ikusten du bikote horrek, beharbada, animalia iheskor horren baitan”.

Agian zintzotasun xaloa falta du tigre honek, Borgesek edo Salgarik egotzi izan zioten nobletasunik ez du. Agian gozogabea da, eta ezinegona transmititzen du, baina zer litzateke bizitza, tigrerik gabe? Canok ondo dioen bezala, “Kontzientziarik gabeko denbora”.


Maite Gurrutxaga, ilustratzailea: “Irudi asko antzeman ditut Harkaitz Canoren hitzen artean”

Testuetatik abiatuta, “berrinterpretatze guztiz harrigarria” egin du Maite Gurrutxagak, Harkaitz Canoren aburuz; bai kolore eta tonuei dagokienean, bai eta elementuen hautaketan ere, hau da, irudien barruan eta kanpoan zer utzi eta zergatik erabakitzeko garaian. Irudiei begira, irakurleak alferrik bilatuko du tigrea bere osoan.

Agertu ezin dena bihur al daiteke irudi? Nola marrazten da marraztu ezin dena?

Isidro Ferrer ilustratzaile eta diseinatzaileak dio hitzen artean dagoena kontatzea dela ilustratzea. Nik irudi asko antzeman ditut Harkaitz Canoren hitzen artean eta horiek paperera eramaten saiatu naiz. Egia esan, testu honek nire iruditegia martxan jartzeko ahalmen berezia izan du.

Albumeko testuak helduentzat idatzitako poema bat du jatorri, Harkaitz Canok berak idatzia. Zein izan da zuen lan metodoa?

Testua atalka banatzeko bidea adostu genuen lehendabizi, irudiak osatzeko ezinbestekoa izanik. Ondoren, poemaren denborak irudien beharretara egokitu genituen. Testu egokitu horiek izan dira koloreen, formen eta konposizioen berri eman didatena. Jasotakoa, irakurritakoa, lehendik nekiena, esperientzia eta beste hainbat osagai izan dira marrazkiak sortzeko bidea.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario