Udaberritik negu beltzera

ekialdehurbilaEkialde Hurbila dauka ardatz Elkar, Jakin eta Berria-ren Aleka bildumaren laugarren liburuak.  

2011n lehertutako iraultza arabiarrak abiapuntu hartuta, hainbat herrialdetako egoera geopolitikoaz aritu dira Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariak Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan, eremu zabal bezain liluragarri eta konplexu horretan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emanez.

“Historiaren lekukoa izatea da kazetariaren lana. Ez gaude hemen gugatik kezkatzeko. Hemen gaude ahal dugun gertuena joateko eta mundu inperfektu honetatik egia ateratzeko eta kontatzeko”. Robert Fisk kazetariaren hitzak ezin aproposagoak dira esku artean dugun liburuan beste hiru kazetarik egin duten ahaleginaz aritzeko. Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzak kazetaritza lan zorrotza egin dute ‘Ekialde Hurbila. Muinak eta ertzak’ liburuan. Begirada propioz, lekukotzak jasoz, urrun geratzen zaigun mundu bat gerturatu digute, modu argiz, gatazken jatorriak eta ondorioak aletuz, baina baita gatazken ertzak ere, hegiak, eta, beti, beste ezeren gainetik, ikusitakoa kontatuz. Azken batean, kontakizun bat dakar saiakera honek.

Udaberrian lehertu zen behinolatik zetozen erregimenak irauli zituzten iraultzak. ‘Udaberri arabiarrak’ esan zioten fenomeno hark lurrikara politikoa eta aldaketa sakonak eragin zituen duela zazpi urte, baina, denborak erakutsi du hasierako itxaropena ez zela betierekoa izango; ametsa izan zen, baina laburra. Eta udaberria negu beltza bilakatu da. Huts egindako estatuak, errepresioa, anabasa, estatu kolpeak, gerrak, hilketak. Ayestaranek dioen bezala, iraultza gerra bilakatu zen, eta eremua gerra txiki bat da, pusketan zatituta dagoena, zentsu hertsian.

Irazabalek Tunisian eta Egipton kokatu du bere atala. Iraultza piztu zen herrialdea da Tunisia, haren hitzetan, demokraziaren alde borrokatzen jarraitzen duen bakarra: “Mundu arabiarreko demokraziaren laborategia da”. Egipto, aldiz, ifrentzua da: “Han egun batetik bestera, eta ia konturatu gabe, beste erregimen militar batera itzuli ziren, aurrekoa baino askoz ere krudelagoa”.

Zurutuzak Ekialde Hurbileko ertz geografikoetaraino bidaiatu du, aitortuak ez dauden herrien iraultza partikularrak jasotzera, agerian utziz ‘iraultza arabiar’ izena ez zela erabat zehatza, dena hitz bakar batean laburtzeko eta etiketa batean akotatzeko joeraz susmatuz. Kurduen, amazigen eta sahararren lurrak urratu ditu, herri horien xehetasunei erreparatuz.

Azken batean bidaia ere bada liburua, mapez hornitua; Iran, Irak, Siria, Palestina, Tunisia, Egipto, Rojava, Nafusa eta Sahara okupatuan zehar. Bateko eta besteko kontakizunak jasoz, bertatik bertara, inoiz amaituko ez den errelatoa eginez. G. K. Chestertonek zioen kazetariek istorio bat kontatzen dutela beti, baina inoiz ez hori nola hasi den, ez eta nola bukatu den ere. Ez erabat behintzat.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario