Fertxu Izquierdo: «Mundua miseriaz betea dagoen honetan, irudi lezake poesia idazteak ez duela zentzurik; badu, ordea»

... ETA GAUETIK, EURIA Euriak eta behe lanbroak umeldutako poema sorta bat argitaratu berri du Fertxu Izquierdok Pamielarekin: Gari errearen urrina. Sinbolismo handiko lana da, bizitzaren edertasunari zein haren ilunari mintzo zaiena, bi-biei.

 

 

 

 

 

Lehenbiziko olerkian bertan azaleratu, eta ondotik aldizka-aldizka bistaratu duzu liburuan hari gisara funtzionatzen duen irudia: basurde zuri batzuena. Olerkietako ahotsetako batzuk basurdeok noiz agertuko zain daude. Zer ahalmen antzeman diozu sinbolo horri? 

Asko gustatzen zitzaidan lehendik ere; Franco Battiatoren kanta batetik hartu nuen. Gero, ikertu, eta jakin nuen basurdearen sinbolismoa deabruarekin lotuta dagoela kultura batzuetan, eta, aldiz, beste batzuetan kutsu baikorragoa duela, magikoa. Nik bigarren esanahi horri heldu diot gehiago, ona den zerbaiten zain gaudela irudikatu nahian.

Liburuak bi atal ditu, eta aurrenekoak atzera kontaketa bat simulatzen du, itxaronaldi moduko bat, poemaz poema. Irakurleari tentsio gisako bat sorraraztea zenuen xede?

Bai, baita atal hori leherketa baten modukoa den olerki batekin bukatzekoa ere, haren ondoren, bigarren atalean, beste tonu itxaropentsuago bat ekartzeko poemetara; hori, eta estilo intimoago bat.

Halere, irudipena da ez zarela saiatu disimulatzen munduko gatazka eta miseriei erreparatzean sentitzen duzun etsipena. Poemetara ekarri dituzu Gaza, Jerusalem eta Zisjordania. Baita Minneapolisen hildako George Floyd ere. Erraz aurkitu duzu haiek olerkietara ekartzeko formula?

Formarekin jokatuz lortu dut: maiuskularik gabe, puntuaziorik gabe batzuetan… gordintasunean aurkitu dut modua larridura, ezinegona eta presioa transmititzeko. Bestalde, adibide zehatzak izendatzea ere garrantzitsua iruditu zait, abstrakzioan ez erortzeko.

Kezkek hartutako gogoetei kontrapisuarena egiten diete maitasunari, desirari edo gazte garaietako irrikei buruz idatzi dituzunek.

Ni poetiko horren bizipenak dira guztiak, egunerokotasunekoak, eta egunerokotasuna islatzeko berdin erabil ditzakezu albisteetan entzuten dituzunak edo samurtasun uneak, edo oroitzapenak, edo amodioa bera, edo laguntasuna, edo poema batzuetan azaleratu dudan erotismo fin bat. Hala nahi nuen.

Eta, hala eta guztiz, Hamalau (solairu) izeneko olerkian zera diozu: «Eta euriak belarraren/ gainean/ gogorarazten dit/ berriro gaza eta/ maitasun olerkiek galtzen dutela zentzua».

Ideia hori behin baino gehiagotan agertzen da liburuan. Pentsa: poesia idazten zabiltza, eta, bat-batean, lehertu da berriz Gazaren kontrako erasoaldia. Egia esan, mundua miseriaz betea dagoen honetan, irudi lezake poesia idazteak ez duela zentzurik. Baina, gero, pentsatzen duzu gehiago, eta ohartzen zara baietz, baduela, eta igual maitasun poema bat ere behar dugula batzuetan, nahiz eta, gertatzen ari den guztiarekin, horretarako gogoa ere kenduko diguten azkenerako.

Zure olerkiek detailez jositako eszenen segidak dirudite kasik. Zerorrek ere imajinatzen dituzu, irudiz, idatzi ahala?

Guztiz: nik ikusi egiten ditut irudi horiek guztiak, argi eta garbi; bata bestearen atzetik etortzen zaizkit. Gero, jakina, poema eraikitzeko prozesua ezberdina da kasuan-kasuan. Batzuetan argi daukazu guztia, eta laster ateratzen zaizu; beste batzuetan, milaka aldiz bueltatu behar izaten duzu poema berera, gustura gelditu arte.

Fertxu Izquierdo eleberrigileak eta Fertxu Izquierdo poetak zer dute komun? Eta zer diferente?

Gaiak konpartitzen dituztela uste dut; hitzen atzean dauden ideiak eta kontzeptuak antzekoak izaten dira. Euria da bat; beste bat, gaua.

…eta gauetik, euria eleberrian egin bezala, liburu honetan ere «soinu banda bat» eskaini diozu irakurleari: kantu zerrenda bat QR batean. Musikak zer toki du zure idazketa prozesuan? Eta nola nahiko zenuke irakurleak erreminta hori baliatzea?

Idazten ari naizenean, ni beti-beti-beti aritzen naiz musika entzuten. Eta, gainera, poemen kasuan, bereziki gustatzen zait kantek hitzak izatea. Kanta batek eraman nazake gero poema batean garatzeko moduko ideia batera, edo, alderantziz, poema baten ideiak kanta bat ekar diezadake gogora, eta, halakoetan, kanta horretara jotzen dut, eta entzun egiten dut, buklean ere bai, batzuetan, eta irudiak bururatzen zaizkit poemetarako.

Gustatzen zait prozesuaren parte izan diren kantu horiek guztiak ere irakurleari ematea, nahi bezala erabil ditzan. Nahi badute, entzun ditzatela irakurri bitartean; edo olerkiak irakurri aurretik, edo ondoren. Edonola ere, uste dut kantek osatu egin dezaketela idatzita dagoena.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina