Haritz Larrañaga Altuna: “Geure historia geuk bizi izan dugun moduan kontatzeko eskubidea eta betebeharra dugu”
Olatuak sutzen direnean Haritz Larrañaga Altunaren lehen eleberria da. Autobiografiari fikzio ukituak emanez Euskal Herriko historia hurbila gogoratzeko memoria ariketa egin du askatasunaren bila ari diren bi anaiaren kontakizuna harilkatuz: Lizarrek askatasuna itsasoan bilatzen duen bitartean, Imanol borroka armatuari lotuko zaio.
Zarautz. 80ko hamarkadaren hasiera. Bi ume: Lizar eta Imanol. Turistentzat postal ederra zenaren atzean, bestelako herria bizi izan zuten bi anaiek. Berehalakotasunak memoria lapurtzen digun garaiotan, hutsune bat betetzera al dator liburua?
Nik gauzak nola gogoratzen ditudan azaldu nahi izan dut, ez baitute bertsio ofizialarekin ikustekorik; bizi izan genuena nola oroitu behar dugun inposatu nahi digute euren erantzukizuna onartzeko gai ez direnek. Historia boteretsuek idazten dute, indarkeriaren monopolioa dutenek, edo garbiago esanda hiltzeko gaitasun handiagoa dutenek. AEBek ez lukete egun duten boterea eta gainerako estatuen errespeturik izango, duten gaitasun militarragatik izango ez balitz, eta gauza bera gertatzen da mailarik apalenetan ere. Gurea oso herri txikia da, baina txikia izanagatik ere errespetua merezi du; errespetua merezi dugu. Eta uste dut bizirik gauden artean, geure historia geuk bizi izan dugun moduan kontatzeko eskubidea eta betebeharra dugula, bestela herri honen historiaren zati handi bat gu desagertzearekin batera desagertuko delako. Errespetua ez da doan, ordea: irabazi egin behar da, isilik dagoena ez baita existitzen.
Zentzu horretan, Euskal Herriko edozein etxetan gerta zitekeen istorioa kontatzen saiatu naiz: etxe berean hazitako bi pertsona dira protagonistak, antzeko heziketa eta bizipenak izan dituztenak, baina oso bide desberdinak hartu dituztenak. Euskal Herrian 70eko hamarkadan jaiotako edozein euskaldunek ezagutu dituen istorioak kontatzen ditut; Durangoko, Aiarako edo Berriozarko euskaldunek ulertzeko moduko istorioak direla uste dut. Irakurlea surflaria izan ordez, futbolaria, pilotaria, edo igerilaria izan daiteke, baina antzekotasunak topatuko ditu.
Askatasunari buruz hitz egiten duzu, oinarrian: askatasun indibidualak, askatasun kolektiboak eta askatasunik ezak zipriztintzen dute kontakizuna.
Askatasuna hitz potoloa da eta nork berak izan dituen bizipenen arabera irudikatzen du. Oso desberdinak diren pertsonaiek askatasuna nola uler dezaketen azaltzen saiatu naiz; bakoitzak zentzu oso desberdina eman diezaioke askatasunari, baina hitzak berbera izaten jarraitzen du. Hala ere, hitz horrek ez du pisu bera baten edo bestearen ahotan.
Anaien arteko maitasunak ere liburu osoa zeharkatzen du. Lizarrek eta Imanolek bide desberdinak hartu arren, hor daude, beti, bata bestearentzat.
Anaien arteko maitasunarena nahi gabe atera zait, beste gauza askoren moduan. Horrela da eta kito. Euskaldunok balio batzuk oso errotuak ditugu eta horietako asko kristauak dira: familiak duen garrantzia, esate baterako. Balio horiei esker komunitate indartsua osatu ahal izan dugu. 80ko hamarkadan heroinak egin zuen triskantzaz hitz egin ohi da, adibidez, baina ez da hitz egiten euskal gizarteak dituen balioek halako arazo potolo bati aurre egiteko izan zuten garrantziaz. Hemen heroinarekin egin zutena beste edozein lekutan egin izan balute, triskantza are handiagoa izango litzateke. Espainiako hiri handietan heroinaren sarrera masiboa izan zela esan ohi da, Euskal Herrikoa salbuespena ez zela izan sinetsarazteko, eta, tira, bertsio ofizialak nahi duena esango du, baina geure begiekin ikusi genuen hemen gertatu zena, eta datuak hor daude. Euskal Herrian hain errotuak ditugun balio horiei esker izan ez balitz, ordea, heroinazale askok ez zuketen halako laguntzarik jasoko familiaren eta lagunen aldetik. Nahiz eta behin eta berriz erori, nahiz eta behin eta berriz etxera itzuli eta dena lapurtu, heroinazale askok behin eta berriz jasotzen zuten ingurukoen laguntza. Ez gara ohartzen, baina hori hemendik kanpo ez da horrela izaten: norbaiti aukera bat edo bi ematen zaizkio, baina hortik aurrera erantzuten ez badu, bakarrik uzten dute. Zorionez, Euskal Herrian hori ez da horrela izan eta nik balio horien aldeko aldarria egiten dut uste dudalako, zoritxarrez, horiek ere galtzen ari garela.
Estilo arina erabili duzu, baina irakurleari sakontasunez iristen zaio hitz bakoitza. Deskribapenek ere, egoerak geure azalean bizitzera eramaten gaituzte: beldurra, tristura, herstura, poza, laguntasuna… Nolakoa izan da idazketa prozesua?
Idazketa prozesua oso interesgarria izan da; asko ikasi dut. Ez nekien liburu bat idazteko hainbeste arau bete behar zirenik, eta ez naiz gramatikaz ari, estiloaz baizik. Uste dut hainbeste arau jarraitu beharrak idatziari freskotasuna kentzen diotela, baina erronka polita izan da zailtasun horiek gainditzen joatea. Ni “do it yourself” eskolatik nator, uste dut ia edonork ia edozer egin dezakeela baliabideak baldin baditu; beste kontu bat da, jakina, ondo edo gaizki egitea. Oso gutxi dira zerbait ongi egiteko talentua duten pertsonak, baina gainerakook ere geure ekarpena egiteko aukera izan beharko genuke. Freskotasuna eta inperfekzioa maite ditut, jendearengana iristeko eraginkorragoak direla uste dudalako.
Musika jar dezakegu horren adibide gisa: musikan, gaur egun, dena oso ongi neurtua dago, musikariek musika-tresnak jotzen dakite, solfeoa ikasi dute eta ez dute akatsik egiten, baina ez dute freskotasunik eta kontzertuak pantaila handietako irudiekin lagundu behar dituzte, publikoarekin harreman zuzena izateko duten gaitasunik eza ezkutatzeko. Aitzitik, Eskorbuto edo RIP bezalako taldeek, akatsekin, solfeorik gabe eta musika maila apalarekin, sekulako arrakasta izan zuten, publikoarekin konektatzeko zuten gaitasunagatik. Musikaren eremuan literaturan adina arau izan balira, Eskorbutok eta RIPek ez lukete lekurik izango eta nik ez nituzke hainbeste maite ditudan taldeak ezagutuko. Horregatik uste dut, literaturan arau gutxiago izango balira, maila teknikoa jaitsi, baina maila orokorra igoko litzatekeela. Pertsona asko baitira kontatzeko sekulako istorioak dituzten arren literaturan lekurik ez dutenak, zentzugabeko arau literario zurrunek, haien idazteko modua edo gauzak kontatzeko era mespretxatzen dituztelako. Idazleei neurriz kanpoko balioa ematen zaiela uste dut.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Franck Dolosor: “Gernika Batailoia aipatzea ez da bakarrik historiaz aritzea aktualitateaz baizik”