Harkaitz Cano: “Pentsamendu kritikoa papurtuta dago”

silueta - Harkaitz CanoSilueta (Susa, 2025), idatzi gabeko nobelaren kritika bilduma ondu du Harkaitz Cano idazleak.

31 kritikek idatzi dute Silueta nobela; irakurleek berridazten al dute?

Irakurketa, nolabait, ez ote da berridazketa mentala? Irakurri ahala ahaztu eta deformatu egiten dugu. Gero, inori kontatu ahal izateko, sinopsi gisara laburbiltzen dugu ulertu uste izan duguna eta liburuak ezin zenba ahala bifurkazio hartzen ditu. Horretan datza kontagintzaren lilura. 

Idatzi gabe den nobela horrek ba al du formarik, edo forma hartzen joan ahal da kritikak idatzi ahala?

Nire bide-orria oso lausoa zen. “Zerk sumindu ditu ba hainbeste kritikariok?”, galdetzen nion nire buruari. Balizko kritikarien haserreek edo laudorioek eman dizkidate idatzi gabeko nobelaren inguruko arrastoak. Hartara, neronek ere motibazioa izan dut idazten jarraitzeko, ez bainekien kritikariek kritikatzen zuten hori nola amaituko zen.

Silueta nobela baden edo ez den; absentziak presentzia sortzen du. Ez al da hori memoria politikoaren funtzionamendu bera?

Halaxe da, memoriaren transmisioaz ari garelarik, lehenbizi etenaz hitz egin behar da: beti dago belaunaldien arteko etenaldi bortitz bat, eta memoria ariketa oro “erreskate” ariketa bilakatzen da. Norberak, jakina, bere aurrejuzkuen eta ideologiaren arabera gauza bat edo beste berreskuratu eta transmititu nahiko du, jakinik denbora kontua dela ahanzturak bere lana egitea. Frankismoarekin gertatu dena ikusi besterik ez dago.

Idazle gisa hainbat lumetatik idatzi izan duzu, baina, kritikariaren hitzak eraikitzeko ariketak zer du desberdin?
Kritikariaren lana epikoa da, ia ezinezkoa: zorrotza eta edukatua behar luke, jantzia baina ez pedantea aukeran; literaturaren gaineko jakintza izan behar du, baina baita literatur lanak bizi dugun sasoian txertatuta interpretatzeko gaitasuna ere.

Gaur egun kritika eta epaiaren arteko langa fina da. Garai digitalean, kritikaria desagertu ala demokratizatu egin da?

Orain ez dago zentsura beharrik: zure ahotsa bat gehiago da ozeanoan, baina ez du inork entzungo. Ustezko horizontaltasun digitalak ez du ideia truke aberats eta jarraikorrik sustatu. Pentsamendu kritikoa papurtuta dago.  

Bertsua gerta daiteke kazetari figurarekin?

Egunkari bat aurrera ateratzea Gerra eta bakea egunero berridaztea da. Tamalez, kazetariek ez dute beren lanei behar adina denbora eskaintzeko modurik: irakaskuntzan edo saiakeran aterpea bilatu behar. Duela gutxiko albistea da The Washington Post-eko azken “berregituraketan” liburuen saila kendu egin dutela. Bitxia, Jeff Bezos liburuak saltzen aberasten hasi zela gogoratzen badugu.

Uste al duzu ironia galtzen duen gizarte batek galdu ahal duela fikzioa ulertzeko gaitasuna?
Zalantzarik gabe: ironia zeharkakotasuna da, jolasa, ilargiaren alde ezkutuan norbere buruari eta munduari barre egitea ahalmentzen digun ukendua. Inteligentzia arrasto bat, finean.   

Amaitzeko egin dezagun ariketa; zein obrari egingo zenioke kritika?
Balio du jada idatzita dagoen bat hautatzeak? Gabriel Arestik Haur besoetakoari 1970ean Anaitasunan egindakoa aukeratuko nuke. Jon Miranderi bizi zelarik egin zioten bakarra, oker ez banago…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina