Iñaki Irasizabal: “Zinikoa izan nahiko luke, baina ezin du”

Bizkartzainaren lehentasunakIñaki IrasizabalIñaki Irasizabal (Durango, 1969), eleberri beltzen euskal egile nagusietakoa, nobela berri batekin datorkigu: Bizkartzainaren lehentasunak. Bertan, Martin Goena aspaldi militante armatua izandakoak bizkartzain lanak egin beharko dizkio poliziak ETAn eduki duen satorrari.

Aurrekoen aldean nobedade bat daukan zure nobela berriak: politika tramaren ardatzean sartu duzula.

Bai, hala da. Egunkarietako garai zehatz bateko berriek osatzen dute nobelaren testuingurua. Dena dela, beste ezer baino lehen argi utzi nahi nuke nobela bat dela, fikzioa beraz, eta testuan agertzen diren ekintza zein egoera guztiak asmatutakoak direla, betiere nobelaren onean pentsatuz asmatutakoak. Eta pertsonaiak ez dira ezeren ordezkari edo isla. Fikzioa, besterik gabe.

2011an hasi zinen idazten, su-etena oraindik behin betikoa ez zenean; geroztiko gertakariek zerbaitetan eragin diote nobelari, zure ustez? Gaur egun zerbait aldatuko zenioke?

Ez, ez dut uste. Garai zehatz batean kokatutako fikzioa da. Ez da garai hartako kronika, eta pertsonaiak zein egoerak asmatutakoak direnez, geroztiko gertakariek ez dute inolako eraginik haiengan. Dena dela, nobela gaur egun kokatu behar izanez gero, seguruenik ezberdina izango litzateke.

Zenbateraino da zure nobelaren hipotesia fantasiazkoa, errealista, posiblea…?

Satorrarena ETA barruan askotan aipatu den hipotesia izan da. Norbaitek erditik kendu eta gauzak guztientzat korapilatzea ere nahiko errealista iruditzen zait, hipotesi bezala noski. Nobela beltzak errealitatetik hurbil egon beharko luke, nola egin bestela nobela beltzak berarekin daraman gizarte-kritika?

Nobela honetan leku berezia hartzen dute pertsonaiek, koxka, geruza eta bihurgune asko dituztelako; adibidez, bizkartzaina; nolakoa da Martin?

Bizitzatik gauza on askorik espero ez duen norbait da Martin. Gaztetan idealista izan zen, baina gero gauzak okertu egin ziren eta ideiek alde egin zioten. Zinikoa izan nahiko luke, baina ezin du. Gizarteak berari buruz ezer onik ez pentsatzeak ez dio askorik axola, baina alaba gaztea du, eta haren iritzia bai axola zaiola. Bizitza aspergarria alde batera utzi nahia eta alabaren errespetua nahi izatea dira Martin arazotan sartuko dutenak.

Topikoak alde batera utzita

Erkiaga ere interesgarria da. Zer esango zeniguke berataz?

Francoren garaian ETAn ibili zen, Euskadiko Ezkerran gero eta PSE-EEn azkenik. Kargu ona du Barne Sailean, eta polizia ez den norbait behar duenean, EEko diputatua zeneko bizkartzaina gogoratzen du, Martin Goena. Erkiaga politikan bizitza osoa daraman gizona da, ideien defentsa sutsua aspaldi alde batera utzi eta bizitza erosoa eraman nahi duena. Boterearen kudeaketa da bere helburua. Bera da nobela abian jartzen duena.

Itziar, Martinen emazte ohia, Aratz alaba eta Barney laguna ez dira asko agertzen, baina ondo landutako pertsonaiak dira.

Itziarrek gauza asko bizi izan ditu eta, garai batean estuagoa bazen ere, orain gauzak modu irekiagoan ikusten ditu. Martinekin harreman ona izan nahiko luke, urteak eman ondoren inolako harremanik gabe. Alaba da bere kezkarik handiena. Aratz 20 urteko neska idealista da, ironikoa ere badaki izaten, eta, aitarekin harreman askorik izan ez duen arren, estimatzen du. Barney Martinen gamelu eta laguna da. Gizaki on hutsa, edozer gauza egingo luke bere lagunagatik. Hirurak dira ezinbestekoak nobelaren garapenean.

Aldiz, Oier satorra eta Elias ertzain-burua enigmatikoagoak geratzen dira, ez dakigu ondo zer dabilkien barnean. Nahita hartutako erabakia izan da?

Nolakoa izan zitekeen satorra pentsatzeko orduan topikoak alde batera utzi nahi nituen. Ezin zen sekulako fanatikoa izan, bestela goizago edo beranduago igarri egingo zuten, eta gizon pragmatikoa egitea erabaki nuen. Telebistako berrien aurrean edozeinek emango lukeen iritzia ematen duena, politikan interes gehiegirik ez duena. Gu guztiok bezalakoa gutxi gorabehera, ez onegia, ez txarregia, ez azkarregia, ezta ergela ere… Elias, berriz, polizia bat da, polizia gogorra, jendea berehala serio jartzen duten horietakoa, ez nuen informazio gehiegirik eman berari buruz, horrela pertsonaiaren profil beldurgarri hori indartu egiten zelakoan.

Errealitate politiko-periodistikoarekin lan egitea zer egin zaizu: beste nobelak baino errazago? Konplikatuago?

Ez dakit. Nobelek beti izaten dituzte gai batzuk eta gai horiek landu behar dituzu, nobelaren ardatza babesteko, sinesgarri egiteko. Hemen beharbada nobelaren argumentuan hartzen nituen erabakiak gehiago pentsatu ditut.

Bestalde, Bizkaia euskalduneko herrietan kokatu izan dituzu zure istorio gehienak; oraingoan, aldiz, Bilbo duzu gertalekua, oso lokalizazio zehatzekin: Errekaldeko azken etxeak, Zabalburuko ertzain-etxea, Unamuno plaza, Bizkaia plaza Indautxun…

Argumentuak Bilbon kokatzea eskatzen zuela uste dut. Nobela beltzak beti izaten ditu garapen aukera gehiago hirian herrian baino, eta hemen Bilbo da daukagun hiri bakarra.

Proiektu berririk esku artean? Urteko nobela bateko erritmoari eutsiko diozu?

Baditut nobela berri batentzako ideia batzuk eta ipuin batzuk ere idatzita dauzkat. Nobela bat urtero? Ba ez dakit, baina kontua da nire nobelak laburrak direla eta horrek asko errazten ditu gauzak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina