Mariasun Landa: “Nire esperientzia eta sentimendu pertsonaletatik abiatzea gustatzen zait”
Mariasun Landa beste hizkuntzetara gehien itzuli den euskal idazleetako bat da. Haur literaturara itzuli berria da, orain bi urte eleberri autobiografikoa idatzi ondoren, helduentzat idazten zuen lehen liburua. Ipuin harrigarria egin du berriro, irakurleari eragingo din horietakoa.
Ipuin berriak idazle eta literatur irakaslearekin hitz egitera eraman gaitu.
Has gaitezen paradisutik, zure azken argitalpena: Ipurtargiak paradisuan.
Nafarroa Oinez-etik ipuin bat eskatu zidaten esanaz gogoan hartzeko Argiñe maskota ipurtargia eta beren leloa: “Txikia handi.” Informatzera jo eta aurkitu nuen Japoniako literaturan zeinen erabiliak ziren ipurtargiak maitasunaren animaliatxo gisa. Elementu horiekin inoiz pentsatuko ez nuen leku batera joan nintzen: paradisura. Bi enamoraturen bila joan eta Adan eta Eba aurkitu nituen.
Ipuin polit harrigarria da, agian zu zeu harrituena?
Batzuetan enkarguek behartu egiten zaituzte gai batzuk tratatzera edo erronka berriak jartzera zure buruari. Gai honek oso gustura sartu naizen mundu batera eraman nau. Pentsatu nahi dut jarraituko dudala paradisu inguruko erdi fantasia erdi utopia izan daitekeen espazio mitiko horretan.
Lehen irakurleentzat eta tamaina txikiko narrazioa da. Narrazio laburrean ekonomia handiz jokatu behar duzu, hitzak eta ekintzak aukeratu eta denbora gutxian kontatu zerbait oso interesgarria eta batzuetan sakona, modu xume eta era berean landuan. Haurrak txintxoak dira eta irakurtzeko esatean, irakurri egiten dute, hasi eta buka, baina ez dira tontoak eta badakite noiz dagoen istorio interesantea eta noiz ez.
Adan eta Eba, Paradisua, “gero sagarrarena gertatu zen…” Guraso askori lana jarri diezu ipuin honekin.
Ondoren etorri da sorpresa hori, haur batzuek ez ezagutzea Adan eta Eba. Niretzat sintoma kezkagarria da. Agian nahastu egin baitugu zer den erlijioa bere moraltasunarekin eta ondare kultural judeo-kristaua. Gustatu edo ez, kultura horretakoak gara, hori da jaso duguna. Bibliako pasarte zenbait ez aipatu izana sekula normala da, baina Biblia istorio fantastiko zoragarri pila bat biltzen dituen liburua da. Nik uste, oinarri oinarrian, nire kultura literarioan istorio hauek guztiak daudela. Jo nuen ustez oso ezagunak ziren pertsonaia batzuengana, eta egia esan, ni neu, oso pozik gelditu naiz.
Paris han dago, hurbil edo urruti?
Oso hurbil!
Azken aurreko liburua, Festa aldameneko gelan, Parisen gertatzen zen. Helduentzako lan luzea izan zen hura. Bi urtera zein balorazio egiten duzu?
Helduentzako, gazteleraz idatzitakoa, aspaldiko proiektua… urtetan hor zegoena. Ni lau urte bizi izan nintzen Parisen, liburuan lehenengoa kontatu dut.
Liburu onestua da, kontakizun autobiografikoa egiten saiatu nintzen, eta pozik nago emaitzarekin. Genero autobiografikoan kontakizunak izan behar du konstatatzeko modukoa benetan hala izan zela eta egon behar du itun autobiografikoa irakurlearekin, egia izan behar du bi aldeentzat. Bestalde, genero horrek irakurlea etengabe interpelatzen du. Nik oso ondo pasatzen dut autobiografia irakurtzen, etengabe pentsarazten didalako nigan.
Sinesten dut baita ere, adin batetik aurrera badagoela behar bat norberaren bizitza laburbiltzeko, sintesi bat egiteko, eraikitzeko narrazio hori eta transmititzeko. Alde horretatik liburu honek satisfazio handiak eman dizkit.
Aurreko beste liburuekin baino gehiago bete zaitu jasotako erantzunak?
Satisfazio modu ezberdinak dira, ez gehiago eta ez gutxiago. Nik uste nitaz asko hitz egin dudala nire haur eta gazte liburuetan, baina mozorrotuta. Haur eta gazte literaturan ez nago oso urruti alderdi autobiografikotik. Beti izan zait motibagarria nire esperientzia eta sentimendu pertsonaletatik abiatzea. Iruditzen zait ematen ahal duzun onena hori dela. Lanak originaltasun apur bat izango badu hortik egongo da.
Parisekoan, heldu zen momentu bat nire bizitzan, non prest nengoen mozorrorik gabe hitz egiteko. Batzuk esaten zidaten biluztu nintzela, aldiz, hemendik kanpo esan izan didate fintasunez eta era neurtuan kontatzen dudala.
Kontakizun autobiografikoaren bidetik jarraitzeko asmorik bai?
Bai, ez dakit noiz, baina bai.
Zure gazte sasoian aupair joaten zineten atzerrira, gaur egungoak Erasmus bekak baliatuz joaten dira.
Askok ikasten duten bitartean lan egiten dute. Beste batzuk, berriz, oso bizimodu eroso batetik datoz, natural ikusten dute hori, eta gero Erasmus batekin joatea, eta etortzen direnean lanik ez aurkitzea harrigarria egiten zaie… Belaunaldi honi asko eman zaio beharbada, maila materaialean. Orain independiente izateko iruditzen zaie behar dutela apartamendu bat, eta lan bat, eta gizarteak zor diela hori.
Hala ere, funtsean, orain dela 40 urte nik bizitakoa eta gazte batek orain bere baitan bizi duena, agian ez daude horren urruti. Gurasoengandik banatu, norberak bere bidea aurkitu, independentzia fisikoa lortu, eta barrutik ere niaren sentsazio hori, nor naiz, zer egin nahi dut… erantzun behar diote eta erantzuten diote, baina inguru bigunagoan, erosoagoan.
Magisteritzara iristen diren zure ikasleen literatur ezagutza maila nola baloratuko zenuke?
Ai… Belaunaldien arteko amildegia izugarria da! Egungo gazteek guk genituen erreferentzia kanonikoak ez dituzte, erreferentzia zinematografikoak ere ez… Gauzak hain azkar doaz aldatzen, benetan zailena izaten da ikasle eta irakasleen arteko puntu amankomunak aurkitzea. Orain urte batzuk, heroiaren ibilbide kanonikoa esplikatzeko balia nintekeen Indiana Jones pertsonaiaz. Orain ez dute Indiana ezagutzen. Dagoeneko inposibletzat jo behar duzu Madama Bobary zein den jakitea, edo Garoa… Urtetan baliagarri izan den imaginario kolektibo batetaz ari naiz. Hori dena eten egin da. Nire susmoa da beraien erreferentzia nagusiak telebistaren bitartez jasotakoak direla.
Dena den, ez da paso egiten duen belaunaldia, interes handia dute, jakinmina. Ondo moldatzen naiz ikasleekin, asko hitz egiten dugu.
Etorkizuneko irakasleen formazioan zabiltza. Ondo ari al gara irakaskuntzan literaturari dagokionean?
Uste dut une honetan eskolari dena eskatzen zaiola. Hori aitortu egin behar da. Eskatzen zaizkie hiritar irakurzaleak, ekologistak, demokratikoak… non daude familia eta gurasoak? Hemen utzikeria handia egin da beste sektore batzuetatik. Ahozko transmisioan ere huts handia dago, Olentzero eta gutxi gehiago transmititzen zaie.
Irakasleak formazio literario on bat eduki beharko lukete, ez hizkuntzaren menpekoa. Gaitasun linguistikoa eta gaitasun literarioa bereiztu beharko genituzke. Irakasle asko ez dira irakurzaleak; gurasoak berdin. Gaitasun literarioak suposatzen du haurrei ematen zaien liburu zerrenda horiek sailkatuta egon beharko luketela ez bakarrik adinaz, baizik eta gela horretako ikasle horien gaitasunen arabera. Liburuen zerrendetan zerbait tiranikoa ikusten dut nik, adinaren araberakoak dira, ez gaitasun literarioen araberakoak.
Planifikazio berri eta handi batez ari zara.
Literaturarekiko maitasun serioa behar da, errespetu serioa. Literaturak badauka prestigio soziala, baina prestigio ahul samarra. Ez dago konbentzimenturik esperientzia literarioaz, esperientzia zoragarri hori non irakurleak topo egiten duen liburu batekin, bat egiten du berarekin, eta liburu horrek transformatu egiten du irakurlea. Esperientzia hori oso aberatsa eta pertsonala da, ez da gertatzen berdin denongan. Hori gertatzen denean, berriro bueltatzen zara irakurketara, berriro bilatzen da emozio hori. Niretzako eskolak bilatu beharko lukete espazio batzuk esperientzia hori eman dadin.
Parisen lau urte eginda, herrira itzuli eta ikastola batean hasi zinen lanean…
Nire familia euskalduna da, baina erdaraz hitz egiten zuena. Hala ere nik beti neukan euskara ikasi nahia eta beharra. Zauria bezala zen. Sortzen ziren aukera guztiak baliatu nituen, baina hizkuntza bat ikasteak beste integrazio bat eskatzen du, beste ahalegin bat, eta horretara dedikatzea. Parisetik etorrita aukera bakarra ikastoletakoa izan zen. Hor sartu nintzen, hamaika urtez bi ikastetxetan.
Zarautzeko Salbatore Mitxelena ikastolan gero euskal kulturan izen handi bihurtu diren askorekin egokitu zinen: Joxan Ormazabal, Andu Lertxundi, Imanol Urbieta, Txiliku, Elexpuru… Zugan ere eragina izango zuen, noski.
Nik garbi neukan idazle izan nahi nuela. Euskaraz eta haur literaturan hastea bai da ikastolaren eragina edo ondorioa. Une hartan bildu zen talde sortzaile indartsu bat, oso giro aproposa aurkitu nuen bide hura hartzeko. Ziur nago euskara ikasi gabe ere idatziko nuela, baina agian ez haur literatura. Haur literatura egon da lotuta euskararen alde egindako hautuarekin. Eta aukera batzuk egitean beste batzuk baztertzen dituzu…
Zein da zuk sortutako pertsonaiarik kuttunena?
Iholdi. Alter hego bat da.
Zein da sarrien irakurri duzun liburua?
Italo Calvinoren Seis propuestas para el próximo milenio. Bertan aurkezten du beretzat literaturak ze ezaugarri izan beharko lituzkeen. Erreferente teoriko on bat da.
Zure webgunean esaldi hau duzu: “Joan zen atzokoa, misterioa biharkoa da, oparia gaurkoa.”
Bizi behar da bizitza egunero, orduero. Iragana historia da, importantea, baina ez gaitu gehiegi lotu eta amargatu behar. Nostalgia, nahiz eta eduki, uxatu egin behar da pixka bat. Bizitza, adinarekin are gehiago, opari bat da. Jende asko falta zaigu jada, Asun Balzola, Joxan Ormazabal…
Nola bizi duzu heriotza?
Garbi dago joaten den bakoitzarekin gure bizitzaren parte bat ere joaten dela, gu ere hil egiten gara pixka bat. Hutsunea uzten du eta nekez betetzen da. Momentu batetik aurrera hasten zara joan direnekin bizitzen bertan daudenekin adina. Joandakoak ere presente ditugu. Nik behintzat integratu nahi ditut nire bizitzan. Batez ere ez baduzu erlijio berezirik, zentzua ere badauka hil direnekin kohabitatzea normalidade goxo batean.