Mikel Ayllon, hiltzen ari den mundu zaharraz eta sortzen ez den berriaz

Mikel-AyllonIgartza bekaren laguntzaz, lehenengo eleberria idatzi du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980): Ez tiro egin anbulantziei, atzekoz aurrera espetxean hasi eta matxinada eta maitasun istorio batekin amaitzen den obra ausart eta berritzailea. Egilearengana jo dugu, bere lanaz galdezka.

Zure belaunaldiko literaturazale asko bezala, Urruzunon saritua zara, liburuen inguruan gaztetatik ibilia, baina eleberri bat idazteko urteak utzi dituzu pasatzen. Zergatik orain?

Ez tiro egin anbulantzieiDuela hamar urtetik gora sortu zitzaidan istorio honen lehenengo ideia-izpia, eta, geroztik, pixkanaka joan zait b>uru barruan garatzen, sustraiak ondo botatzen, adaxka berriak hazten, hostoak ernatzen… Izan ere, landareen modukoak dira ideiak: ernatu, hazi eta loratu egiten dira, baina lehenago ala beranduago, udazkena heldu eta horailtzen, zimeltzen, usteltzen hasten da dena. Udazken bete-betean neukan burua, eta erabaki nuen handik atera behar nuela behingoz ideia, behin betiko galdu aurretik.

Nahi baino luzeagoa izan da prozesua, baina gustatzen zait pentsatzea, Thoreau anarkistak esaten omen zuen hura (idaztera eseri aurretik zutik egon behar duzula bizitzeko) ez dela esaldi huts bat, eta nire landarea inoiz baino biziago dagoela orain, zer jan ugari izan duelako urte hauetan guztietan. 

Hala ere, honen aurretik baduzu beste liburu bat idatzia…

Bai, 2005ean beste hainbat gazterekin batera bizi behar izan nituenak idatziz jasota utzi genituen Gerezi gorrien garaia kronika-liburuan. Gaur arte dirauen epaiketa politikoen azken kate luzearen lehenengo katebegia izan zen gurea, eta bizitako guztia liburu batean kontatzeko beharra sentitu genuen: atxiloketak, zenbait tortura kasu, kartzelaldi luze bezain zentzugabeak, zirkuaren pareko epaiketa… Oldarraldi basati haren dimentsio politikoa ulertzeko ez genuen zailtasunik, baina uste dut gehiegitan horren azpian lurperatuta geratzen den dimentsio humanoak asko sufritu zuela harekin guztiarekin, eta nola edo hala ordenatu eta erraietatik atera behar izan genuen erokeria lazgarri hura guztia.

Kazetaritzan ibilia zara, kronika liburu bat idatzi zenuen… Zertan da desberdina fikzioa sortzea?

Koherentzian. Errealitateak ez du koherentziaren beharrik. Nobela batean idatziko banu 10 urtera kondenatu nahi gintuen epaileak lotan eman zuela epaiketa ia osoa, edo epaitegiko itzultzaileak guk sekula esan gabeko hitzak jartzen zituela gure ahoetan, ez zen batere sinesgarria izango. Ahaleginak eta bi egin beharko nituzke gertakari horiek koherentzia jantziz beztitzeko. Kazetaritzan lan hori errealitatearen esku geratzen da, eta ez kazetariarenean. Gauzarik sinesgaitzena ere erraz gerta daiteke errealitatean. Fikzioan, aldiz, esku-joko miragarriak egin beharko dituzu irakurleak sinetsi dezan belarra ubela dela edo mundua biribila.

Zein izan dira sortze prozesuaren pozak eta minak? Geldialdi edo zalantzarik izan duzu?

Mikel AyllonBuru barruko landareak erauztea eta orriratzea prozesu geldoa eta nekosoa da niretzat. Hau da, asko kostatzen zait idaztea, oso perfekzionista naizelako, sekula ez naizelako gustura geratzen eta apur bat alferra ere banaizelako. Gainera, lehenengo nobela egiteko, pinu arrunt bat beharrean, hara non baobab bat landatzea okurritu zaidan.

Prozesu luzea eta gogorra izan da, baina, zorionez, ideia oso mamituta neukan hasieratik, eta horrek zalantza asko uxatzeko bidea eta aurrera egiteko kemena eman dizkit. Eta orain, behin emaitza ikusita, garraztasun haiek guztiak gozotasun bihurtu zaizkit, eta sortzen jarraitzeko grina apaldu beharrean, hauspotu egin dit honek guztiak.

Berezia da idatzi duzun nobela, alderdi askotatik. Zein zen zure helburua idazten hasi aurretik? Nahi zenuen bezala geratu da, ala asmoak aldatuz joan dira bidean?

Batzuetan, pertsonaietako batzuek izutu egin naute: nondik nora joan behar ziren argi banuen ere, oldartu egiten zitzaizkidan oharkabean, eta erabaki txiki batzuk hartzen utzi behar izan diet. Nik ezkutuagoan utzi nahi nituen pertsonaietako bakoitzaren arrazoiak. Ez zitzaidan gehiegi interesatzen zergatik zegoen bakoitza zegoen egoeran, eta haien gainbehera kontatu besterik ez nuen egin nahi. Baina haietako askok ez zuten hori isilpean utzi nahi.

Bestela, oro har, gure mundu honen krisi larriaz hitz egin nahi nuen, hiltzen ari zaigun mundu zaharraz, dagoeneko mina areagotzeko besterik balio ez duten paradigma ekonomiko, politiko, kultural, humanoez. Pozik nago ideia hori nobelan ondo islatuta geratu dela uste dudalako, nahiz eta orain irakurleek esan beharko duten hori hala den ala ez.

Berezitasunetako bat: atzekoz aurrera dago egituratua: amaierako gertakariak doaz liburu hasieran; abiapuntua amaieran.

Aitor dut erabaki ausarta izan dela, eta izoztu den aintzira zapaltzea erabakitzen duzunean, gerta liteke izotza hautsi eta ur jelatuetara erortzea, ala gainetik irristatzen zarela sekulako gozatua hartzea, kasik lebitatzen edo hegan egiten ariko bazina bezala.

Baina ez nuen beste irtenbiderik. Mundu dekadente bat islatu nahi nuen, gainbehera bat kontatu, pitzatzen ari zaigun errealitate ilun bati buruz hitz egin. Baina, aldi berean, itxaropena presente egon zedin nahi nuen, egoerarik ilunenean ere, ez baita zilegi anbulantziei tiroka hastea. Horregatik, atzekoz aurrera ordenatuta dagoenez, istorioak ilunetik argirako bidea egiten du. Kartzelatik eta heriotzatik abiatuta, maitasun istorio berezi bat eta mundua aldatzeko grina eta kemena ezagutuko ditugu. Eta amaierara iristen direnean, irakurleak (eta baita nobelako pertsonaiak ere) hasieran egongo dira, eta norberak erabaki ahal izango du zein bide aukeratu, eleberriko istorioa errepika ez dadin.

Bestalde, lekua eta denbora halako lanbro zehaztugabe batean utzi dituzu…

Bai, gauza kurioso bat gertatzen da. Bere ingurunetik, bere errealitatetik urrundu nahi nuen irakurlea, bere ingurunera, bere errealitatera eramateko! Zapatistek esaten dute aurpegia estaltzen dutela ikusiak izateko. Antzeko gauza bat gertatzen da nobelan: inorena ez den ez-leku eta ez-denbora bat asmatu dut, itxuraz irreala eta gure denbora eta lekutik apartekoa. Distopia baten antz handia dauka, baina, zintzotasunez begiratzen badiogu, ohartuko gara gure mundua eta nobelakoa ez direla horren desberdinak. Nobelan makinek idazten dituzte periodikoetako albisteak, debekatuta dago kalean esertzea, altuegi hitz egitea, edo baxuegi, ezin da argazkirik atera, iturri publikoek ez daukate urik, jendea batetik bestera doa, abiada bizian, gelditu gabe. Orain, begiratu ingurura eta esan, zintzotasunez, zein desberdintasun ikusten dituzun.

Nolanahi ere, kartzela beti kartzela, ezta?

Nire etsairik handienari ere ez diot kartzelarik desio. Pixkanaka harrapatu eta, ohartzerako, hormigoi eta burdin artean azpiratzen zaitu, gupidagabe. Hori berori izan da irakurleari helarazi nahi izan diodan sentipena. Kontakizuna kartzelan hasten da, baina lehenengo hogeita hamar orrialdeetan ez da “kartzela” hitza behin ere agertzen. Eta hala ere, barruak nola estutzen zaizkion nabarituko du irakurleak, lixiba usainak nola urratzen dizkion sudurretako mintzak, denbora nola den gero eta pisuago. Eta, ohartzerako, preso egongo da.

Kartzelan badira bi maxima esanguratsu: ihes egitea dela presoaren lehen eginbeharra; eta kartzelatik aterako zarela, lehenago edo beranduago. Eta apur bat bi esaldi horiei esker bizi da presoa. Baina bi-biak desagerraraziko bagenitu, zer gertatuko litzateke? Ihes egiteak ez balu zentzurik, nora ihes egin ez dagoelako, eta beraz, presoa ez bada sekula kartzelatik aterako, ba ote du zentzurik patioan aurrera-atzera paseatzen segitzeak?

Sarri, aldarrikapenak dituen literatura teknika errealistekin lotu izan da; zuk, berriz, irrealtasun kutsu bat eman diozu orri bakoitzari. Zergatia azaltzerik?

Liburuak badu errealismo magikotik zerbait, bai eta zientzia-fikziozko ukitu arin bat ere. Zalantzarik gabe, bizi gaituen errealitateari begira jarri nahi nuen irakurlea, eta horretarako paregabeko heldulekuak iruditzen zaizkit horiek. Irrealak begitantzen zaizkigun munduekin topo egiten dugunean, lasaitzeko joera daukagu, gurekin zerikusi gutxi daukan istorio urrun eta ondoriorik gabeko baten aurrean gaudela sentitzen dugulako. Baina, mundu horretan barneratu ahala, gero eta ertz ezagun gehiago daudela ohartuko gara, eta geure izateaz egin diren hausnarketa eta aldarrikapen gordinenak aurkituko ditugu. Tomas Mororen Utopiatik hasita, hor daude nobelan protagonismo berezia duen Ray Bradburyren Fahrenheit 451, edo Aldous Huxley, George Orwell, Phillip K. Dick bera…

Lehen liburua idatzi duzu, baina eleberri mardul bat da, eta anbizio handikoa. Zer izango da hurrengoa?

Behe-lainoa oso presente dago liburu honetan. Dena estaltzen du, begirada lanbrotzen digu, ertzak desitxuratzen dizkigu. Orain, lainorik gabeko istorio bat kontatu nahi dut, eta gure inguru hurbilera ekarri. Nahiz ez niokeen magiari edo ukitu irrealei uko egin nahi, nobela zuzenago bat idatzi nahiko nuke, baina, aldi berean, hau baino askoz deserosoago izango dena; irakurlea ispilu baten aurrean jarri, ihesbiderik gabe, eta “gu hau ere bagara” esan.

Uste dut gure belaunaldiak oraindik miseria asko eta asko ikusi eta biziko dituela, orain arte ikusi eta bizi izan dugun misera gehiena txiki utziko duena. Baina, hala ere, orain arte eta gaur egun bizi duguna basakeria hutsa da: jendeak leihotik behera botatzen du bere burua etxea kenduko diotelako; polizia tiroka eta borra-kolpeka oldartzen zaie lanik gabe utzi dituzten eta duintasunik gabe utzi nahi dituzten langileei; gizonok emakumeak bortxatu eta hil egiten ditugu, emakume izate hutsagatik… Badoan mundu zaharraren eta ez datorren berriaren arteko argilun honetan sortu diren eta sortuko diren munstroez oraindik zer idatzi asko dagoela iruditzen zait.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina