Mikel Valverde, Rita pertsonaiaz harro

Rita estu eta larri - Mikel Valverde - Elkar argitaletxeaRita estu eta larri dabil bere azken abenturan. Oraingoan bidaiarik egin gabe, hamaika abentura eta estutasun biziko ditu etxe inguruan.

Rita, Valverderen irudimenean eta arkatzean jaio zenetik, handituz joan da, neska txikitxoa zen hasieran, orain gaztetxo bidaiari, abenturazale eta arduratsua: dagoeneko nobioa izan du, Ipar Poloraino joan da bidaian, erraldoia ere bihurtu zen behin… Irakurle talde fidela bildu du inguruan Valverderen pertsonaiak.

 

Bilduma hazten ari da. Zein abentura berritan ikusiko dugu Rita oraingoan?
Bildumaren zortzigarren ipuina da eta oso pozik nago. Horrek pentsarazten dit Ritaren abenturak jarraitzen dituzten irakurle multzo bat badagoela, eta bilduma honen alde eginiko apustua bere fruituak ematen ari dela.

Ipuin honetan, hasieran, Rita bere buruaz inoiz baino harroago ikusiko dugu. Eta momentu hori ahalik eta gehien luzatu nahi izango du. Baina ez da erraza denbora guztian bikain jokatu eta besteen onespena jasotzea; are gehiago, ia ezinezkoa dela esango nuke. Dena den, Rita oso buru gogorra da, eta guztiek miretsi dezaten nahi du, horretarako trikimailuren bat erabili behar badu ere.

Pertsonaia berri bat ere ezagutuko dugu, Nicolai izeneko mutiko bat.
Nicolai Ritarekin batera ikusiko dugu ipuin honetan. Elementu gutxi erabili ditut argumentua egiteko. Erronka bat izan da niretzat, eta hori asko gustatzen zait. Hau da, eguneroko egoeretatik aldendu gabe eta pertsonaia gutxirekin irakurlearen arreta mantendu nahi izan dut.

Beti nahi izaten duzu zure liburuetan mezuren bat igorri. Kasu honetan ere bai?
Nire helburua istorioak kontatzea da; ez dut nahi izaten bestelako baloreak zuzenean adierazi. Errespetu handia diot irakurleari eta horregatik nahiago dut berak ondorioak ateratzea. Egia da erabakiak hartzera behartzen duten egoera zailetan sartuko dela Rita. Pertsonaiaren garapena bera erabiltzen dut argumentuari tentsioa emateko. Ritak buruan darabilen pentsamendua hau da: “Ez dakit zer egiten ari naizen, niri hain justu, gauza hauek guztiak gertatzeko”. Ritak, ipuin honetan agertzen diren beste pertsonaia batzuek bezala, zalantzak ditu. Ez dago gauza guztiez erabat ziur. Gainera, apala da, eta, azkenean, gertatzen zaizkion gauzetatik ikasteko gaitasuna agertzen du.

Zer geratzen zaizu kontatzeko?
Ideiak jasotzen ditudan koaderno pare bat erabiltzen ditut eta beteta dauzkat. Idazten hasi berria naizen irudipena daukat.

Rita pertsonaia zergatik da neska?
Jatorria marrazki bat izan zen. Lehenengo pertsonaia grafikoa jaio zen eta ondoren etorri zen ideia literarioa. Asko landutako irudia zen, eta neska atera zitzaidan, ez aurrez pentsatu eta planifikatuta. Horrela atera zen. Ezaugarri oso interesgarri batzuk zituen, ile beltz hori, daukan adierazkortasuna… Gero pertsonaia literario bihurtzean bai egin nuen ahalegin handia neskaren nortasuna lantzen.

Rita liburuz liburu handituz joan dela dirudi.
Rita ez da haziko, hortxe dago. Duela bost urte jaio zen, bederatzi bat urteko neska da eta hala izango ditu aurrerantzean ere. Hazi dena, segur aski, idazlea da.

Liburu hau luzeraz bikoitza da. Ez al ditu irakurleak beldurtuko?
Idazlearen beharra izan da hori. Pertsonaiak hori eskatzen zidan eta idazle gisa zintzo jokatuz gero, horrela egin behar nuen. Nire erronka da luzera horretan ere irakurgai erakargarria eta kalitatezkoa lortzea, haurrek irakurketari eustea.

Idazlea baino lehen ilustratzailea zinen. Nondik abiatzen eta antolatzen da zure lana egun?
Ilustratzailea izan nintzen lehenik eta orain idazlea ere banaiz. Prozesu graduala izan da, modu naturalean gertatu da. Rita baino lehen beste nobela grafiko pare bat ere argitaratu nituen.

Ritaren liburuetan testu guztia idazten dut eta gero egiten ditut ilustrazioak. Egia da buruan asko eraikitzen dudala marrazki bidez eta planifikazio garaian ere bozetoren bat jasotzen dudala. Baina idazten hasten naizenean idatzi egiten dut soilik, eta gero ilustrazioak egin.

Pozik al zaude Rita egiten ari den bidearekin?
Bilduma bat egitea lortu dut, eta egia esan harro nago. Euskarazko Ritak oso diseinu polit adute, Unai Aranak lan bikaina egin du. Bai pozik nago. Nire lanetik bizi naiz; ez da lorpen txikia.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina