53 DA! – ‘Poza’ aurkeztu dute Saguganbaran (abenduak 8)

Poza‘ bertsoz eta ilustrazioz osatutako album ilustratua da, pozari kantatu eta dantzatzeko liburua. Etxeko txikienak nahiz adinekoak gozatzeko modukoa. Uxue Alberdik idatzia, Eider Eibarrek ilustratua eta Iban Urizarrek musikatua.

Uxue Alberdik ezin izan du etorri baina Eider Eibar izan dugu Saguganbaran album ilustratua aurkezten.

Hemen dituzue liburuari hasiera eta bukaera ematen dieten poemak eta behean, aurkezpenaren bideoa. 

   

“Zer da plazer txiki hau 

bertso berrietan? 

Xomorroak al zaizkit

hasi errietan? 

Azkura eginez oin

eta gerrietan…

Urduri jartzen dira 

Udaberrietan! 

“Pozak badaki hegan

Guk baino gorago!

Hanka ugari ditu…

Edo bat gehiago!

Ezkutatuko balitz,

xomorro, pikaro…

Zuk ikusi ez arren

beti hortxe dago. 

 

(Irakurri +)

53 DA! – ‘Gure oroitzapenak’ poema musikatuen aurkezpena (abenduak 6)

Joseba Sarrionandiaren testuek eta bertako iruditeriak euskal jendearengan utzi duten arrasto sakona jaso nahirik, hainbat musika-taldek eta bakarlarik egindako 32 kanta Bildu dira ‘Gure oroitzapenak‘ izeneko disko-liburu honetan. 

Batetik, iurretarrari, 1983an hasi eta gaur arte, 35 urteotan grabatu dizkioten 150 kanta inguruko sortatik abesti eta musikari enblematikoenak hautatu dira. Bertan dira Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Iker Goenaga, Ken Zazpi, Imanol, Oskorri, Gontzal Mendibil, Eñaut Elorrieta, Izaki Gardenak, Fermin Muguruza, Alaitz eta Maider, Gose, Andrea Ulloa eta Igor Arzuaga, Berri Txarrak. 

Bestetik, proiektu honetarako berariaz sortu eta grabaturiko kantak daude, egungo artista esanguratsuenen eskutik: Anari, Audience, Zea Mays, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Amorante, Mursego, Jexuxmari Lopetegi, Beñat eta Julen Achiary, Mikel Artieda, Joseba Irazoki, Libe, Iñigo Muguruza eta Andoni Basterretxea, Mice, Xendarineko Ahizpak, Angel Katarain. 

Liburuan jaso dira, halaber, ‘Gure Oroitzapenak’ pelikula osatzen duten 12 film laburren oinarri izan diren ipuin eta poemak. Testu zahar eta berriak, artista beterano eta gazteak, estilo eta estetika askotakoak, Joseba Sarrionandiak belaunaldi desberdinengan esanahi eta gogoetagai berriak sortzeko duen ahalmenaren erakusgarri. 

Argitalpen honek badu, azkenik, beste osagai bat, balio aparta ematen diona: egileak berariaz idatzi dituen glosak, bai kanten bai filmen inspirazio-iturri izan diren testuak banan-banan iruzkintzen dituztenak, bakoitzaren sorrera eta testuinguruaren berri emanez. 

Guztia, Maite Mutuberriaren marrazkiek interpretaziorako eta iradokizunerako daukaten ahalmen bereziaz jantzita.