
Arrate Egañak 2012an kaleratu zuen “Paradisua” liburua. Argazki hau aurkezpen egunean ateratakoa da.
Arrate Egañak idatzitako Patioan kontakizunak irabazi du 2015eko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkarrek.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bosgarren ekitaldia izan da aurtengoa.
19 lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Egañak idatzitako ipuina hautatu du epaimahaiak. Patioan izeneko istorio honek neska koxkor bat aurkezten digu, Malen, eskolako jolas-orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen duena, hortxe egon nahi duelako. Malenen jarrerak hainbat arazo eta buruhauste sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Ausardia erakusten du egileak gaia hautatzean, eta trebezia berau lantzean. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean baina sinplekerian erori gabe. (Irakurri +)
Irakurle sinesbera ohartarazi beharra dago izenburuarekin sobera fida ez dadin: saiakeraz mozorrotutako sormen lana da Literatura hiztegi tekniko laburra (Elkar), teoria eta praktika maisuki uztartzen dituena, umorez eta amorez. Oda bat zer den jakin nahi? Linazasorok definitu eta adibide praktikoa emango dizu gero. Eta horrela, bilduma osatzeraino. Jeneroen arteko bidegurutzean kokaturik, urteak eskaini dizikio bere lanik anbiziotsuena den honi.
Umorea bibrazio moduko bat da zure literaturan.
Umore beltza da nirea, Kafka, Mrozek, surrealisten ezpalekoa. Monzó ere oso gustukoa dut, Tavares, Askildsen, Tobias Wolf… Gure herriko umorea oso bestelakoa da, ez da hain gogorra, zirtolariagoa da, bertsolariagoa…
Francis Picabiak zioen ironia dela desesperatuen kortesia.
Konforme nago. Ironia da, niretzat, babesgabeok munduari aurre egiteko aurrean ipintzen dugun horma, salbazio-ohola. Inteligentziaren arma bat da, eta, nire kasuan behintzat, ez du hildakorik uzten bidean; gehienez ere, zauritu arinen bat, neu ere tarteko, jakina. (Irakurri +)
Bihar, maiatzak 27, Hendaiako Mediatekan, Iñaki Zabaleta Urkiola idazle leitzarraren 110. Street-eko geltokia eleberri ospetsuaren irakurraldi publiko jarraitua egingo da, eguerdiko ordubietan hasita, arratsera arte.
Bost urte dira Hendaian euskal kulturaren alde diharduen Akelarre taldeak horrelako jendaurreko irakurraldiak antolatzen dituela. Iaz, esate baterako, Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da hautatu zuten irakurtzeko, eta aurten (bosgarren ekitaldian), Zabaletaren nobela.
Iñaki Zabaleta (Leitza, 1952) kazetaritzako irakasle gisa da batez ere ezaguna, besteak beste, baina haren hasierak literaturari lotuak dira. Poesiazko liburu zenbait kaleratu ondoren, 1985ean (orain hogeita hamar urte, beraz) argitaratu zuen bere lehen eta azken nobela den hau: 110. Street-eko geltokia, New Yorken bizi den euskal iheslari baten inguruko istorio poliziako bixi eta guztiz atsegina.
Susa argitaletxean plazaratu zen estreinakoz eleberria, eta bertan eduki zituen hiru edizio. Elkar argitaletxean atera zuen gero, non dagoeneko 70.000 ale inguru saldu baitira, 40 edizio baino gehiagotan, eta horrek bihurtu du euskal literaturaren historia osoko liburu arrakastatsuenetakoa, zinemara ere eraman zutena. Liburuak 25. argitaraldi egin zituenean, editoreek eta egileak goitik behera moldatu zuten testua, Euskaltzaindiaren arauetara egokitzeko, batetik, eta hainbat xehetasun hobetzeko, bestetik. (Irakurri +)

Josu Martinezek iaz kaleratu zuen “Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak” Tene Mujika bekaren laguntzarekin
Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak, Tene Mujika ikerketa-beka eman diote Jose Mari Izaga, Francisco Salegi eta Carmelo Urdangarinek osatutako taldeari, Debako zentral nuklearraren aurkako herri mugimenduaren historia izeneko lana osa dezaten.
Gure historia hurbilaz ari diren proiektuak saritzen ditu Tene Mujika bekak, eta horri esker idatzi dira zenbait lan gogoangarri: Imanol Muruak Loiolako solasaldi politikoez, Ramon Olasagastik gailurretan hildako mendizaleez, Ainara Gorostitzuk gaurko emigrazioaz, Pako Aristik eta Mikel Markezek Benito Lertxundiri buruz…
Iaz deialdi berezia izan zen, gaia aldez aurretik jarri baitzen: Debako zentral nuklearraren proiektua eta haren kontrako mugimendua zen ikergaia; aurkeztutako proiektuak Elixabete Garmendia, Martin Anso eta Sabino Ormazabal epaimahaikideek aztertu dituzte, eta irabazlea, esan bezala, Izaga, Salegi eta Urdangarinek osatutako taldea izendatu.
Egile-talde horren berezitasunetako bat da hirurak lekuko zuzenak direla, bertatik bertara ezagutu baitzuten proiektua, eta buru-belarri aritu baitziren zentralaren kontrako herri-mugimenduan, era askotako lanak eginez. Debako Mendata inguruan zentral nuklear bat egin nahi izan zuen Iberduerok 70eko hamarkadan (baita Ean, Lemoizen eta Tuteran ere). Euskal Herriko mugimendu antinuklearra artean sortu gabe zegoela, proiektuaren kontrako protesta indartsua piztu zen Deban, eta horrek eragin nabaria izango zuen etorkizunean, bai Deban, bai Euskal Herri osoan. Horren guztiaren berri hobeto jakingo dugu orain, ikerketa honi esker.
Debako Udalak emandako 6.000 euroko laguntza izango du taldeak lana burutzeko, eta Elkar argitaletxeak argitara emango du gero.
Arratsaldetan Holmesi buruz pentsatzeko ohituraz abisatu zigun Borgesek. Heriotza eta siesta ere aipatzen zituen zerrenda horretan. Nik besteren bat ere gehituko nuke baina ez naiz Borgeskerietan hasiko. Sherlock Holmesi buruz hitz egitera etorri naiz. Bestela banoa.
Arthur Conan Doyle jaun txit agurgarriak sortutako pertsonaiak hamabi urterekin eta boteprontoan liluratu ninduen. Watsonek lehenengo istorioan egindako erretratu zehatzari esker, sakonean ezagutu nuen detektibe famatua. Misterioak argitzeko zuen erraztasunak eta Ingalaterra viktoriarrean finkatuta egoteak, arrazoi nahikoa izan ziren jarraitzaile sutsuan bihurtzeko. Eta bertan gelditu nintzen biekin bizitzen. Hudson andrearen baimenarekin noski.
Hura poza nirea, Holmesen istorio guziak lortu eta irakurri ahal izan nituenean. Conan Doylek pertsonaia ederrak sortu zituen: Watson, Holmes, Adlertar Irene, Lestrade, Moran eta nola ez, Holmesen nemesia eta aurkaririk garrantzitsuena: Moriarty Doktorea! “Napoleon of crime” ezizenaz ezagunagoa beharbada Londreseko hanparen mundu ilunean. Britainiar batek bakarrik jarri diezaioke ezizen hori gaizkile bati. Baina Conan Doyle, ideia on eta ez hain onen aita izan zen eta Holmes hil zuen. Nazkatuta omen zegoen berak sortutako pertsonaiaz. Itun berrian gertatzen den moduan, kasu honetan ere miraria gertatu eta hil ostean, Sherlock Holmes berpiztu egin zuen egileak. Reinchenbacheko ur jauzitik bizirik atera zen, irakurleek hala eskatuta. Holmes berpiztu zuen badaezpada, irakurleen jenio bizia ezagututa Reichenbacheko ur jauzitik behera erortzeko arriskua Conan Doyle jaunak zuelako agian. Kasu honetan irakurle finak. (Irakurri +)
Nola belztu behar zuria Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia apirilaren 24an ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Usurbilgo Sutegin, 22:00etan.
Joxan Artzeren heriotzaren atari dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar argitaletxea) poesia-liburuetako poemak oinarri hartuta sortu zuten iaz Nola beltztu behar zuria emanaldia Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola deklamatzaileek. Apirilaren 24an ikuskizun hori ikusteko aukera berri bat izango da.
Emanaldia grabatu egingo da, eta udazkenean, DVD formatuan kaleratuko da.
Emanaldiko sarrerak Usurbilgo Lizardi liburu-dendan eta egunean bertan leihatilan eskuratzeko aukera izango da.