Arrate Egaña, Mikel Zarate sariaren irabazle

Arrate Egaña

Arrate Egañak 2012an kaleratu zuen “Paradisua” liburua. Argazki hau aurkezpen egunean ateratakoa da.

Arrate Egañak idatzitako Patioan kontakizunak irabazi du 2015eko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkarrek.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bosgarren ekitaldia izan da aurtengoa.

19 lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Egañak idatzitako ipuina hautatu du epaimahaiak. Patioan izeneko istorio honek neska koxkor bat aurkezten digu, Malen, eskolako jolas-orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen duena, hortxe egon nahi duelako. Malenen jarrerak hainbat arazo eta buruhauste sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Ausardia erakusten du egileak gaia hautatzean, eta trebezia berau lantzean. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean baina sinplekerian erori gabe.

Arrate Egaña Errenterian jaio zen 1963an eta Bermeon bizi da gaur egun. Filologia Hispanikoan lizentziatua da, eta urte batzuetan irakasle jardun ondoren gaur egun Hezkuntza sistemaren ebaluazioan egiten du lan. Paradisua ipuin-bilduma idatzi du helduentzat, eta hainbat istorio haurrentzat: Kixmi elurpean, Hizkuntza sekretuak, Giltza, Simon ipuinen munduan Sari ugari irabazitakoa da: Baporea nahiz Lizardi haur literaturakoak, Kutxa antzerki saria, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa…

Mikel Zarate sariaren orain arteko irabazleak:
            2010 Asier Mendoza Beste gu
            2011 Julen Gabiria Nire aita ikusezina da
            2012 Gaizka Arostegi Urrezko orrazia
            2013 Irati Bediaga Beldarren hegaldia
            2014 Patxi Zubizarreta Mundua baloi batean

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina