Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, X. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:
a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa. (Irakurri +)
Euskal argitaletxeetan dagoeneko udazkeneko produkzio zerrendak zehaztuta daude edo azken xehetasunak lotzen ari dira. Horren eredu da Elkar argitaletxea: dagoeneko datozen lau hilabeteetan kaleratuko dituen liburuen zerrenda plazaratu du, bai helduei dagokienean eta baita haurren dagokienean ere.
X
hil da – Alaine Agirre
Nobela
Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narrataileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exortzizatuz, obsesio baten bulkada eutsiezinaz.
12etan bermuta – Jasone Osoro
Nobela
Emakume bat bere bizitzaren errepasoa egiten, hurbil izan dituen eta garrantzizkoak zaizkion pertsonekin elkarrizetan: ama, alaba, senarra, neba, amona, maitalea, laguna… Solasaldi horiek guztiak bere buru barnean gertatzen dira ordea, bera ohean dagoen bitartean, Edith Piaffen kantak entzuten…
Hondamendia – Xabier Montoia
Ipuin-liburua
Hondamendia du izena Xabier Montoiaren ipuin-liburu berriak, eta izenburuko horixe da, hain zuzen, bilduma osatzen duten istorio guztiak biltzen dituen sentipena: txikizioa eta gainbehera. Bi parte nagusitan dago zatituta: lehenengoan, planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kontatzen zaizkigu: Adam eta Eva Paradisuko baratzetik egotzi ostekoa, Erdi Aroko izurriak, XX. mendeko totalitarismoek ekarritako zoritxarrak, lehergailu atomikoaren ingurukoak… Bigarren partean, berriz, gaur egun edo etorkizun hurbil batean kokaturiko hondamentak agertzen zaizkigu, leku nahiz giro desberdinetan, era askotako pertsonaiak eta kontamoduak erabiliz, egileak ohi duen asmamen, finezia eta zorroztasunez. (Irakurri +)

Udaberrian, Jokin Mitxelena idazleak gaztetxoentzako Puka, erleak eta traktorea ipuina kaleratu zuen. Ilustratzaile ezaguna, lehen aldiz, idazlearen paperean jarri da.
Jokin Mitxelena ilustratzaile bezala da ezaguna. Nolatan orain idazle-lanetan?
Lehendik ere badauzkat neronek idatzita ipuintxo batzuk. Baina, bai, azken honen lan-bolumena niretzat ia-ia monumentala dela kontuan izanik, esan daiteke lehena dela.
Banuen istorio bat eta neska-mutil kozkorrei ondo iritsiko zitzaiela iruditzen zitzaidan. Eta lanari heldu nion.
Emozioak ukitzeko elementu asko dauzka: laguntasuna, haserre pixka bat, arriskua, normaletik ateratzea, katastrofea eta zorte ona.
Beraz, hor zegoen behar nuen guztia; hastea besterik ez nuen behar!
Benetan gertatutako bizipen batean oinarritua sortu duzu ipuina, ezta?
Ipuinean kontatzen den bezalako familia bilkura bat egiten dugu urtero Arabako herrixka batean, eta, orain dela bi urte, garai eta paraje berdinean, benetan gertatu zitzaigun antzeko zerbait! (Irakurri +)
Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate bereizten dituen irudizko marra. Osasunaren eta gaixotasunaren artekoa, adibidez. Sano zegoena gaixotu egin da, bizitza aldatu zaio, eta, bizitzarekin, errealitatearen pertzepzioa.
Neuronak ikertzen dituen zientzia izango da, Pedro Migel Etxenikeren ustez, datozen hamarkadetan garrantzi handiena izango duen eremu zientifikoa. Seguru asko Oliver Sacks da gaur munduko neurologorik ezagunena. El hombre que confundió a su mujer con un sombrero (Anagrama, 2004) kontakizun liburuak eman zion fama. Desoreka neuronalekin zerikusia duten hainbat gaitz eta gertakariri buruzko istorioak ematen dizkigu Sackek bertan, bere ezagupide zientifikoa prosa arin eta koskarik gabe baten galbahean iragazita, zientziaren eta bihotzaren arteko zubigintza eginez, gure burmuinen indarraren eta ahuldadearen arteko oreka zaila biluzian utziz.
Slawomir Mrozek dramaturgo eta ipuinlari absurduzaleak iktus bat izan zuen 2002ko maiatzean. Doi-doi libratu zen bertan seko gelditzetik, baina ia erabateko afasia bat eragin zion kolpeak, hizkuntza baliatzeko ezintasun kasik totala. Hizkuntzak ahaztu zitzaizkion, idaztea ahaztu zitzaion, nekez lortzen zuen hitzak esatea eta hitzak hitzekin jostea… Zerotik hasi eta logopeda baten kontrolpean, memoria eta hitza eskuratzen hasi zenean, Mrozek bere oroitzapenak idazten hasi zen. Baltasar izeneko liburua da prozesuaren emaitza (Acantilado, 2014). Idazleak ez darabiltza absurduaren teknikak, tonua, filosofia. Nahita abandonatu ditu edo ez da jada haiek baliatzeko gai? Iktusak munduaren pertzepzioari eragin dio —eta pertzepzio horren erakusleihoa den idazkuntzari—, hori da, besteak beste, liburuak erakusten diguna. (Irakurri +)
Eusko Ikaskuntzak 1983an Manuel Lekuona Saria sortu zuen, eta urtero gizon emakumeren bat nabarmendu nahi izan du, haren bizitza osoan euskal kulturari burututako ekarpena dela-eta. Aurtengoan ere, sariduna aukeratu ahal izateko, bozketa-prozesua abian jarri du Eusko Ikaskuntzak. Lau dira 2015eko Lekuona Sariaren hautagaitzak:
– Joan Mari Torrealdai, soziologoa, idazlea eta euskaltzalea.
– Ricardo Cierbide, filologoa eta historialaria.
– Ana Etxaide, hizkuntzalaria eta euskaltzalea.
– Saturnino R. de Loizaga, paleografoa eta Erdi Aroan jantzia.
Irailaren 15era arte eman daiteke botoa, aldi berean Euskal Komunitate Globalak bozkatuko du eta, ondoren, epaimahai instituzionalarena.
Irabazlearen izena 2015eko irailaren bigarren hamabostaldian zehar jakinaraziko da.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dugu, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).
4. Proiektuak 2015eko irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroakoudala.net (Irakurri +)






