Karmele Jaio: “Hilak erabili ditut bizirik gaudenei buruz hitz egiteko”

Orain-hilak-dituguKarmele JaioKarmele Jaiok arrakasta lortu du bere eleberri eta ipuin-bildumekin. Oraingoan ordea arlo berri bati heldu dio Elkar argitaletxearekin: poesiari, hain zuzen ere. Orain hilak ditugu poemarioan hainbat gai jorratzen ditu: denboraren igarotzeak sortzen duen mina, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desiraren itzaltzea, egunerokotasunaren gazigozoak… poesiak behar duen estilo fin, landu baina aldi berean hurbil batekin.

Hiru ipuin-bilduma eta bi nobelaren ostean, zure lehenengo poesia-liburua atera duzu. Ezinbestean datoz gure lehenengo galderak: zergatik poesia? Eta zergatik orain?

Norberarentzat ere zaila izaten da jakitea zergatik idazten duen gauza bat edo beste bat. Sentsazioa dut ez dela hautu arrazional bat izan; izan ere, nire asmoak beste batzuk ziren, beste proiektu bat nuen buruan, baina barruak azkenean hau agindu dit. Atera egin da, doministikuak ateratzen diren moduan, barruak aginduta. Eta hasieran nire planen barruan poesia idaztea ez bazegoen ere, behin onartu dudanean gorputzak hori eskatzen zidala eta hori egin nahi nuela, bere denbora eskaini diot eta horretan jarri naiz lanean. Orain hilak ditugu lan horren emaitza da.

 

Zertan du antza eta zertan da desberdina narratibarekin, gaien ikuspegian? Eta idazteko teknikan?

Nire beste lanetan agertzen diren gai asko agertzen dira (inkomunikazioa, barruko zuloetan arakatzea…) baina ipuin eta nobeletan pertsonaia batzuen ahotan edo ekintzetan jartzen ditut gaiak, hausnarketak, kezkak… Hemen, berriz, lehenengo pertsonan hitz egiten duen ahots bat dago eta narratzaile eta idazlearen arteko harremana agerikoagoa da. Egia da baita ere poema batzuetan kontu autobiografiko esplizituak agertzen direla, eta agian hori da alde handiena aurreko lanekin konparatuz gero, baina, hala ere, nik uste dut eleberri eta ipuinetan ere neu nagoela, mozorrotuago agian, beste hainbat pertsonarekin nahastuta, baina funtsean neu nago. Idazlea beti dago idazten duen horretan, eta biografikoak ez diren gaiekin ere streptease egin daiteke, batzuetan istorio errealekin baino modu eraginkorrago batean.

Eta idazteko teknikari dagokionez, aldea dago, noski, ez baita gauza bera nobela bat idaztea, ipuin bat edo poema bat. Nobela bat idaztea egunero adreilu bat beste baten gainean jartzen joatea da, egunero zoaz obrara, zure kasko eta hamaiketakoarekin. Eta poesiak lan egiteko modu askeago bat eskaini dit. Lehenengo bota egin dut barruak agintzen zidana eta gero lanean jarri naiz lehengai horrekin. Nire asmoa, poema solteak baino gehiago,poema ezberdinez egindako eraikuntza bakar bat sortzea izan da.

Izenburutik hasita, eta hainbat poematan, bizitzaren erdira iritsi izanaren inpresioa ematen du…

Izenburuak bizitzaren une konkretu bati egiten dio erreferentzia, inguruko zenbait pertsona hiltzen hasten zaizkizun garai hori: gurasoak, lagun batzuk… Adin batetik aurrera “normalizatu” egiten da hori, zure inguruan zeuden hainbat pertsona bat-batean ez egotea. Hortik aurrera bizitzaz duzun perspektiba aldatu egiten da, konturatzen zara benetan hau oso azkar doala, eta zu hemen hondar alea baino ez zarela. Hilak agertzen dira poemetan, baina ez dut hainbeste hildakoei buruz hitz egin nahi izan, bizirik gaudenoi buruz baizik. Hilak erabili ditut bizirik gaudenei buruz hitz egiteko. Bizitza gehiago baloratzeko modu bat ere bada hilei eta heriotzari begiratzea.

Landutako gaietan, betidanikoak nagusitzen direla esan liteke: bizitza, heriotza, maitasuna…

Gizakion kezka nagusiak azken finean. Bildumak atal ezberdinak ditu. “Orain hilak ditugu” izenburuko lehenengo atalean agertzen dira xalotasuna galtzearen mina, ahuldadea, errealitatetik erbesteratzeko gogoa…Barnealdera egindako ihesaldi moduko bat da atal hau, eta barnealdean putzura jausitako tantak entzuten dira.Bigarren atal batean, “Ez dabil haizerik” izenekoan, harremanei buruz hitz egiten dut, agortutako harremanei buruz alde batetik, eta gero desioaren berpiztea ere agertzen da. Hirugarren atalean, “Dekoratuak” izenekoan, zenbait poematan zoom-a nigandik urrundu dut pixka bat eta bizi naizen gizarteari begiratu diot, baita gai domestikoei eta idazketari buruzko gaiei ere. Eta azkeneko atalean, “Hildakoekin doazen zapatak” izenekoan, bizitzaz eta heriotzaz ari naiz, gizakien heriotzaz baina aldi berean bizitzaren indar infinituaz.

Nostalgiaren tentazioa sumatzen da, baina aldi berean hura gainditu eta bizitzari berriz ekitea.

Bidean galdutakoari begiratzen diot, bai, baina ez han geratzeko, aurrera egiteko abiada hartzeko baizik.

Poesia-moldeari dagokionez, ez duzu berba potoloegirik edo metafora harrigarririk bilatzen; nahita bilatutako estiloa da? Badituzu erreferentziazko poetak?

Ez dut metafora harrigarririk bilatu, ez da nire asmoa irakurlea zentzu horretan txunditzea. Kaotikoa den bizitza honetatik egoera eta irudi batzuk lapurtu eta ordena eta berniz ezberdin batekin bueltatzea da nire asmoa. Horrela azalduta, eguneroko bizitzako egoerak modu argiago edo sakonago batean sentiaraztea lortzea litzateke nire asmoa.

Erreferentziak ez dira bakarrik poesia mundukoak. Nik uste poesia poemetan bakarrik ez, hainbat lekutan aurki daitekeela. Baina poeta bat aipatzearren, oso gustukoa dut Wisława Szymborska handia, adibidez.

Nola uste duzu erreakzionatuko dutela zure ohiko irakurleek? Bestelako irakurleak espero dituzu?

Egia esan, ez dut horretan pentsatu. Idazten dudanean irakurle bat dut beti buruan, anonimoa, eta esan nahi dudana ahalik eta modu eraginkor eta ederrenean helarazi nahi dut, besterik ez. Dena den, poesia bada ere, oso narratiboa da, eta ez dago hainbesteko alderik nire aurreko lanekin.

Lehendik ere kantarientzako hitzak idatzi izan dituzu; orain, liburuarekin batera, errezitala ere prestatu duzu; poesiak letra inprimatuaz gain beste bide batzuk behar ditu hartzailearengana iristeko?

Ez dut uste beste bide batzuk behar dituenik. Poesiaona bada, poesiak berak bakarrik, inolako apaingarririk gabe, nahiko indar dauka irakurlea hunkitzeko. Baina egia da poesiak aukera ematen dizula beste genero batzuekin zailagoa den zerbait egiteko, adibidez zuzeneko emanaldi bat prestatzeko musikariekin batera. Musika eta hitza elkartzen direnean, beste zerbait sortzen da. Batak besteari laguntzen dio.

Artikuluak, narratiba, poesia… Genero berriren bat probatu nahi duzu, ala lehendik ere ibilitako bideetara itzuliko zara?

Nik uste dut honen ondoren nire bidera itzuliko naizela berriz, ipuinetara ziurrenik, baina batek daki zer agintzen didan hurrengoan barruak… Neuretzako ere sorpresa izaten da.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin