Mikel Ayllonen “Ez egin tiro anbulantziei” liburuaren AURRERAPENA

Ez tiro egin anbulantzieiEleberri ausart bezain aberatsa gauzatu du Mikel Ayllonek Igartza sariaren laguntzaz. Izua eta desolazioa nagusi diren gizarte distopiko batean, elkartasunaren ametsari eta edertasunaren ilusioari eutsi nahi liekete pertsonaiek, nahi horrek nora ezean ibiltzera bultzatzen dituen arren. Atzekoz aurrera ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiaturik, haien aurreko maitasun istoriora eta borroka asmoetara. Horrela, amaierara iristen denean historiaren hasieran egongo da irakurlea.

Lehenengo kapitulua da ondorengoa, Atzo titulupean.

ATZO

FREGONA mutur batetik bestera darama, indarge, eta, pasillo estuaren izkina bakoitza jotzen duenero, badirudi azken hatsa ematera doala. Draz, draz. Lur berdean iltzatuak ditu bere begi argiak, gardenak ia, bustita uzten dituen zatien distira iheskorrek, kasik ikusezinek, aurrera jarraitzeko adorea emango baliote legez. Draz, draz. Urte luzez, luzeegiz, jardun berean aritu denaren mugimendu ia mekanikoekin badoa lana betetzen, orain eskuinera, orain ezkerrera, eta pauso bat atzera. Eta ematen du korridorea, urteen iragate geldoa nola, ez dela sekula bukatzen. Draz, draz. Kanpotik heltzen diren (Irakurri +)