Mikel Ayllonen “Ez egin tiro anbulantziei” liburuaren AURRERAPENA

Ez tiro egin anbulantzieiEleberri ausart bezain aberatsa gauzatu du Mikel Ayllonek Igartza sariaren laguntzaz. Izua eta desolazioa nagusi diren gizarte distopiko batean, elkartasunaren ametsari eta edertasunaren ilusioari eutsi nahi liekete pertsonaiek, nahi horrek nora ezean ibiltzera bultzatzen dituen arren. Atzekoz aurrera ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiaturik, haien aurreko maitasun istoriora eta borroka asmoetara. Horrela, amaierara iristen denean historiaren hasieran egongo da irakurlea.

Lehenengo kapitulua da ondorengoa, Atzo titulupean.

ATZO

FREGONA mutur batetik bestera darama, indarge, eta, pasillo estuaren izkina bakoitza jotzen duenero, badirudi azken hatsa ematera doala. Draz, draz. Lur berdean iltzatuak ditu bere begi argiak, gardenak ia, bustita uzten dituen zatien distira iheskorrek, kasik ikusezinek, aurrera jarraitzeko adorea emango baliote legez. Draz, draz. Urte luzez, luzeegiz, jardun berean aritu denaren mugimendu ia mekanikoekin badoa lana betetzen, orain eskuinera, orain ezkerrera, eta pauso bat atzera. Eta ematen du korridorea, urteen iragate geldoa nola, ez dela sekula bukatzen. Draz, draz. Kanpotik heltzen diren zaratotsek ez dute batere asaldatzen.

Iduri luke ez dagoela inor esku zimur, beso zimel eta oin baldar horien barruan. Iduri luke ez dela han inor, arrakalek zulatutako azal zuri horren azpian ez dela ezer. Hutsa.

Draz, draz. Azken mugimendua, ezker-eskuin, eta kito. Iritsi da pasilloaren amaierako leihora. Fregonaren makila askatu eta buelta eman du Fredek. Burua nekez altxatu duenean ikusi du, han urrunean, goizaren ertz bat argitzen hasi dela.

–ETA zuk zer egiten duzu hemen? Galdera entzutearekin batera taldetik aldendu da Telmo, badaki-eta zer datorkion gainera.
–Eta ez zaitez hasi berriro iraultza egitera joan zineneko istorio zoro hori kontatzen! Leloak garelakoan ala? Iraultzaileak ez daude ondo ikusita bertan. Bandera gorriak dantzan jartzeko haize gutxi dabil aspaldi luzean.
–Beste istorioren bat asmatzeko astia izango zenuen ba! Eskuak poltsikoan, indarrez heltzen die paper pusketa batzuei, kasik zimurtzeraino. Jakin badaki hori duela bere egiaren froga bakar. Paper horailduan, munduaren bestaldetik, umetako lagunak trakets idatzitako lerroak.

Eta Telmori ere kosta egiten zaio sinestea. Egun bat bai egun bat ez janarazten dizkioten pilulek memoria lainotzen diote, eta akorduan dituen hara heldu aurreko irudi lausoak ez zaizkio oso lagungarri. Jakin nahiko luke nola ailegatu diren paper horiek bere poltsikora, zergatik iritsi ziren orain beti aldean daramatzan urak higaturiko harri haiekin, nola jakin duen lagunak bera han dela, bizirik erdi lurperatuta.

ZIGARROKINAK eskuekin apartatu behar izaten ditu Karimek alfonbra lurrean jarri aurretik. Egunean hiru aldiz egiten du keinu bera bertan, gainerako denen begien aurrean. Beste bitan, inoren begirik ez du izaten zelatan. Pentsatzen hasita
dago, ordu gutxiren buruan, txoko hura beti zigarrokinez gainezka egotea ez dela kasualitatea. Baina ez dio axola.

Besapean darama alfonbra txiki gorrizta. Lurrean luze zabaldu aurretik, makurtu eta ingurua garbitzen du apur bat, gogo gutxirekin. Larruzko zapata zimelak kendu eta ertz batean paratzen ditu, beti elkarrekin eta zuzen-zuzen.
Zapaten zulo hutsei begiratzen die ondoren, eta kendu zizkioten kordoiekin akordatzen da. Kendu izan ez balizkiote, beharbada ez zen bertan egongo, akaso gurtzera doan horren ondoan egongo zen, beste nonbait.
Alfonbra gainean jartzen da belauniko, bere begi ilunen sakontasunetik horma grisera begira. Inguruko harrabots eta oihuei, minaretetik errezora deitzen duten sirenen hotsaren antza hartzen die. Eta egunero gauza bera. Bost aldiz. Edo akordatzen denero.

MONTAGEK maite du batetik bestera, noragabe, paseoan ibiltzea. Gelditu gabe egon daiteke orduak eta orduak, harat-honat, ibili urdurian. Ondotik pasatzen zaizkionei desafi oz so egiten die, behetik gora. Txikia baita Montag, garaiera gutxikoa. Baina nekez izutuko da inoren aurrean.

Aspaldi egin zion beldurrari iskin eta jasoak ditu hamaika kolpe latz gorputz osoan. Orain, borrokan aritzeko zaharregi, akituegi, hitzak ditu harri zorrotzenak, inori buruan arrakala sakona egiteko gertu.
Burua gora eta begiak zeruan iltzatuta ibili ohi da beti, zerbaiten esperoan balego bezala. Ilea aski urdindua, ikusiak ditu zeruan, zeruaren zati ñimiño horretan, alderik alde iragaten diren hegazkin urrunak, forma ugaritako hodei
pisu eta arinak, ilargiaren azal zuloduna, eguzki gorriztaren distirak, eta txoriak… bertan sekula habiarik egiten ez duten enara migratzaileak.

Nekez geratuko du ibilia, goroldioaren beldur.

Jaitsi lehenengo kapitulua

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina