Bidaiaren epika, lirika eta dramatika

Edozein ume aztoratzen da bidaia bat iragartzen zaionean. Bidaiatzeak, normalean, oporrekin izaten du zerikusia eta, halaxe, beste toki batera joatea aldi baterako zoriona bermatzea ia-ia. Umeak bere neurrian parte hartuko du prestaketa-lanetan, etxean zer utzi eta handik zer eraman erabakiz, jostailu guztiak ezin direlako aldean erabili, adibidez. Baliteke plangintzan ere esku hartzea, helduak iritzia eskatzen baldin badio, era horretan ilusioa piztu edota kutsatzekotan.

Baina nola bizi du bidaia, derrigortuta eta halabeharrez abiatu behar duenak? Ezen bidaia bihur daiteke piztia antzeko bat, lehenago edo beranduago bidaiaria irents dezakeena, abenturak ohiko zentzu lilurakorra galdu eta arrisku edota mehatxu bihurtzen denean.

Bidaia liburuan, ume baten ahotsez egiten zaigu inorena ez eta aldi berean gerrak etxetik jaurtitako ume guztien lekukotzaren kronika. Agian, horregatik ez da ageri izen berezirik, anonimatoak jendetza zenbatezin baten identitateak biltzen dituelako. Agian, horregatik kolore lauen kontrastea eta irudien sotiltasuna, halako moldez non edozein xehetasunek esangura hartzen duen. Francesca Sannak naturaltasunez bateratu ditu artista plastiko eta testugile dohainak. (Irakurri +)