Bidaiaren epika, lirika eta dramatika

Edozein ume aztoratzen da bidaia bat iragartzen zaionean. Bidaiatzeak, normalean, oporrekin izaten du zerikusia eta, halaxe, beste toki batera joatea aldi baterako zoriona bermatzea ia-ia. Umeak bere neurrian parte hartuko du prestaketa-lanetan, etxean zer utzi eta handik zer eraman erabakiz, jostailu guztiak ezin direlako aldean erabili, adibidez. Baliteke plangintzan ere esku hartzea, helduak iritzia eskatzen baldin badio, era horretan ilusioa piztu edota kutsatzekotan.

Baina nola bizi du bidaia, derrigortuta eta halabeharrez abiatu behar duenak? Ezen bidaia bihur daiteke piztia antzeko bat, lehenago edo beranduago bidaiaria irents dezakeena, abenturak ohiko zentzu lilurakorra galdu eta arrisku edota mehatxu bihurtzen denean.

Bidaia liburuan, ume baten ahotsez egiten zaigu inorena ez eta aldi berean gerrak etxetik jaurtitako ume guztien lekukotzaren kronika. Agian, horregatik ez da ageri izen berezirik, anonimatoak jendetza zenbatezin baten identitateak biltzen dituelako. Agian, horregatik kolore lauen kontrastea eta irudien sotiltasuna, halako moldez non edozein xehetasunek esangura hartzen duen. Francesca Sannak naturaltasunez bateratu ditu artista plastiko eta testugile dohainak.

Bidaia honen kronikak badu epikatik, bai lirikatik, bai dramatikatik. Epika (epopeia hitza bezala, grekozko etimo beretik baitatoz biak), odisea gogoangarri baten berri ematen digulako, bortxa eta heroizitatea tartean. Lirika, narratzaileak sentimenduak, emozioak eta sentsazioak adierazten dituelako, ez poema gisa, baina bai poesiak berezkoak dituen hizkuntz baliabideen bitartez: erritmoa, estilizazioa, errepikak… Dramatika, elkarrizketetan azaleratzen  delako testuinguru kulturalari eta gatazka geopolitikori antzemateko kodea.

Bidaiari ekin orduko, narratzaile txikia ez da aztarrika ibiliko amarengandik jasotzen dituen erantzun zehazgabeen zuloan. Bidaian zehar, haren bihotzak ez du beste erremediorik izango eskutik oratuko dion eskuaz fio izatea baizik. Eta esku hori galduko balitz, orduan zer?

“Badaezpadako mundu honetan babesleku suntsiezinen bat izatea da lehentasun behinena” idatzi zuen Mary Wollonstonecraftek XVIII. mendean. Alabaina, non da aterpe hori? Badakigu zein den bidaiaren abiapuntua: “Egunero, gure inguruko munduak zoritxar berri batekin harritzen gintuen. (…) Gerrak aita eraman zuen”. Badakigu zein den bidaiaren helmuga: “Bakean bizi eta gure geure historia berriz hasteko toki bat topatzea”. Badakigu zein den tartean dagoen via crucis pertsonal eta kolektiboa, lehorrez nahiz itsasoz egin beharrekoa, sufrikarioz eta larriminez tindatua —mugak, guardiak, hotza, gosea…— baina baita irudimenaren zipriztinez ere alaitua: gerrari amaiera emango dioten iratxoen hitz magikoak eta txori migrarien konpainia.

Mediterraneoko errefuxiatuen nora ezak kezkatzen bagaitu, hona hemen den-dena —oroitzapenak salbu— atzean utzi behar dutenen bidaia, gure haurrei laguntzeko gureak ez bezalakoa den bidaia urragarri baten arrastoak usnatzen.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina