Jasone Osororen “Eskularru beltzak” bildumako “Casting-a” liburu berriaren aurrerapena

Eskularru beltzak - Castinga“Bazen behin… Ez. Baziren behin bi pertsona nazkagarri, higuingarri, arbuiagarri, desleial.”

Beirek paper zuri batean okatu zituen amorruak eragiten zizkion minak. Karrek bidalitako argazkia ikusteak botagura eragin zion. Lete eta Baba elkarrekin. Noiztik? Zergatik? Ezin zuen sinetsi. Baba boxeo jaialdian ez egoteak eta bere hitza ez betetzeak min egin zion, baina, azken batean, hura ezezaguna zuen. Leterena oso bestelako kontua zen. Ustez bere lagun mina.

Ustez bere konfiantzazko laguna. Ustez inoiz engainatuko ez zuen adiskidea. Ustez. Usteak erdia ustel esan ohi da, eta une hartan horixe zen Beirek pentsatzen zuena. Ezin zela inorekin fidatu. Bizitzan kaka zaharra besterik ez zegoela. Ezertarako gogorik gabe zegoen, inor ikusteko gogorik gabe, ezer egiteko, inora ateratzeko gogorik gabe. Negar ere ez zuen egin. Ez zien plazer hori eman nahi bi mutilei. Bere bizitzan horren inportanteak ez zirela adieraziko zien, ez zeukala haien beharrik. Bera, Beire, nahikoa indartsu zela edozeri aurre egiteko. Bere barruan negar zotinka ari zen ume txikia zegoen arren, kanpora begira Beirek betikoa izan nahi zuen, betikoa izaten jarraitzen zuela azaldu. Lady Beire. Bere larruzko txuparekin. Bere ohiko indarrarekin.

Babak eta Letek ez zuten argazkien berri. Ez zekiten Beire haien arteko harremanaren jakitun zela, eta neskak ez zuen asmorik ezer esateko. Momentuz ez behintzat. Azazkalak horrenbeste jatearen ondorioz hatzak txikituta zituen, odoletan, minez. Komunera joan zen, botika hartu zuen hatzetan jartzeko eta etxetik atera zen, eskolara bidean. (Irakurri +)

Jasone Osoro: “Boxeoan bezala, kolpeak jasotzean zutitzea da bizitza”

Jasone OsoroBoxeoa, muturrak txikitzeko kirola baino gehiago, bizi jarrera da, eta horixe bera izango du ardatz Jasone Osororen bilduma berriak. Eskularru Beltzak izenburupean eta lau liburukitan barrena, sei pertsonaia nagusi deskubrituko ditugu apurka, haien ahuleziak eta kemenak, gaitasunak eta ezinak, txanpon beraren aldeak balira bezala. Urtean bi liburuki plazaratzeko konpromisoa hartu du egileak. Lehenak bildumaren izenburu bera darama.

Bizitza zer den, boxeoaren bidez azal litekeela diozu. Nolatan heldu diozu boxeoari?

Ezekiel-en eta Jara-n ez bezala, mezu bat helarazi nahi nuen oraingoan. Hasiera-hasieratik bilduma gisa abiatu denez, istorioaz gainera beste heldulekurik ere behar nuela iruditzen zitzaidan, gaztaroari lotutako zerbait-edo. Gogora etorri zitzaidan gaztetan askotan izaten dela beldurra, edo ahul sentitzen zarela, tokiz kanpo, zeure lekua egin beharrean, eta talde bateko kide sentitu nahirik, batzuetan ez zaituztela onartzen, eta beste batzuetan berriz, zeu zarela zeure burua ondo kokatuta ikusten ez duena. Bullinga, harrera etxeetan bizi den gaztea, badago hitz-totela den neska bat… Gai horiei heldu nahi nien, modu entretenigarrian, eta horri zelofana jarriko zionaren bila nenbilela, bat-batean boxeoa etorri zitzaidan burura. (Irakurri +)

Jokin Mitxelena: “Puka txakurrak daki momentu oro zer gertatzen ari den. Horregatik bere ikuspegitik kontatu dut istorioa”

puka_erleak_traktoreaJokin MitxelenaUdaberrian, Jokin Mitxelena idazleak gaztetxoentzako Puka, erleak eta traktorea ipuina kaleratu zuen. Ilustratzaile ezaguna, lehen aldiz, idazlearen paperean jarri da.

Jokin Mitxelena ilustratzaile bezala da ezaguna. Nolatan orain idazle-lanetan?

Lehendik ere badauzkat neronek idatzita ipuintxo batzuk. Baina, bai, azken honen lan-bolumena niretzat ia-ia monumentala dela kontuan izanik, esan daiteke lehena dela.

Banuen istorio bat eta neska-mutil kozkorrei ondo iritsiko zitzaiela iruditzen zitzaidan. Eta lanari heldu nion.

Emozioak ukitzeko elementu asko dauzka: laguntasuna, haserre pixka bat, arriskua, normaletik ateratzea, katastrofea eta zorte ona.

Beraz, hor zegoen behar nuen guztia; hastea besterik ez nuen behar!

Benetan gertatutako bizipen batean oinarritua sortu duzu ipuina, ezta?

Ipuinean kontatzen den bezalako familia bilkura bat egiten dugu urtero Arabako herrixka batean, eta, orain dela bi urte, garai eta paraje berdinean, benetan gertatu zitzaigun antzeko zerbait! (Irakurri +)