Jasone Osororen “Eskularru beltzak” bildumako “Casting-a” liburu berriaren aurrerapena

Eskularru beltzak - Castinga“Bazen behin… Ez. Baziren behin bi pertsona nazkagarri, higuingarri, arbuiagarri, desleial.”

Beirek paper zuri batean okatu zituen amorruak eragiten zizkion minak. Karrek bidalitako argazkia ikusteak botagura eragin zion. Lete eta Baba elkarrekin. Noiztik? Zergatik? Ezin zuen sinetsi. Baba boxeo jaialdian ez egoteak eta bere hitza ez betetzeak min egin zion, baina, azken batean, hura ezezaguna zuen. Leterena oso bestelako kontua zen. Ustez bere lagun mina.

Ustez bere konfiantzazko laguna. Ustez inoiz engainatuko ez zuen adiskidea. Ustez. Usteak erdia ustel esan ohi da, eta une hartan horixe zen Beirek pentsatzen zuena. Ezin zela inorekin fidatu. Bizitzan kaka zaharra besterik ez zegoela. Ezertarako gogorik gabe zegoen, inor ikusteko gogorik gabe, ezer egiteko, inora ateratzeko gogorik gabe. Negar ere ez zuen egin. Ez zien plazer hori eman nahi bi mutilei. Bere bizitzan horren inportanteak ez zirela adieraziko zien, ez zeukala haien beharrik. Bera, Beire, nahikoa indartsu zela edozeri aurre egiteko. Bere barruan negar zotinka ari zen ume txikia zegoen arren, kanpora begira Beirek betikoa izan nahi zuen, betikoa izaten jarraitzen zuela azaldu. Lady Beire. Bere larruzko txuparekin. Bere ohiko indarrarekin.

Babak eta Letek ez zuten argazkien berri. Ez zekiten Beire haien arteko harremanaren jakitun zela, eta neskak ez zuen asmorik ezer esateko. Momentuz ez behintzat. Azazkalak horrenbeste jatearen ondorioz hatzak txikituta zituen, odoletan, minez. Komunera joan zen, botika hartu zuen hatzetan jartzeko eta etxetik atera zen, eskolara bidean.

–Ikusi al dituzu argazkiak? –gelan sartu orduko gerturatu zitzaion Kar Beireri.
–Bai –lehor, neskak.
–Eta? Zerbait esango al diozu Leteri?
–Esan? Zergatik? Horren inportantea dela uste al duzu?
Bakoitzak erabaki dezala noren alde dagoen. Edo noren kontra –Beire barruan zeukan mina disimulatzen saiatu zen Karren aurrean.
–Nik uste nuen…
–Usteak erdia ustel, Kar –azpimarratu zuen Beirek.
–Bonba bat da –esan zuen Karrek.
–Ez zenituen igoko argazkiak instagramera? –beldurtu zen Beire.
–Oraindik ez. Baina igotzen ditudanean bonba bat izango da, kar kar kar!
–Ez igo –agindu zion Beirek.
–Zer?
–Argazki horiek ez jartzeko sare sozialetan.
–Zergatik ez? –harrituta, mutilak.
–Nik esaten dudalako.

Jaitsi aurrerapen osoa .pdf-an

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina