Ekialde Hurbila liburuaren hitzaurrea – “Mapa bati begira”

ekialdehurbilaZibilizazio zahar baten azken faraoia diktadore bihurtu zenean ezagutu zuen Alaa al-Aswanik herria hitzaren benetako esanahia. Kairo munduko epizentroa zen egun horietan, eta idazlea egunero-egunero joaten zen erresistentziaren ikur bihurtu zen plazara. Tahrirren milaka eta milaka lagun elkartu aurretik ere, erregimenaren aurrean isildu ez ziren ahots bakanetakoa izan zen harena, eta, orduan ere, “errezeloak” zituen iraultzaren “mirariaren” ostean etorriko zenarekin. Urteek erakutsi dute ez zegoela oker; 2011ko matxinadek astindutako ia arabiar herrialde guztiak orduan baino okerrago daude orain. Al-Aswani diktaduraz mintzo da berriz ere: “Hosni Mubaraken garaian baino makurragoa da egoera”.

Udaberri Arabiarrek munduko egunkarietako azaletara eraman zituzten hainbat herrialde, ordura arte oharkabean igaroak zirenak. Itxaropena lehertu egin zen, plazaz plaza, herriz herri, mugak zeharkatuz, eta mapetara begira jarri ginen. Bazirudien Ekialde Hurbil Handian, mendebaldetik ekialdera, bata bestearen atzetik, banan-banan, sistema zaharren eremu mortuan udaberria loratuko zela, baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera, eta eremu antzu bihurtu da berriz ere eremu hura; negu gorria, negu beltza. Antzinako ordena itzuli da, urteetako sistema zapaltzaileak ezin baitira egun batetik bestera irauli. Gilbert Achcar idazle libanoarrak horrela laburbildu du: “Trantsizio demokratikoa ez da udaberri bateko kontua”. Bada, matxinadaren narratiba erromantikoa bukatu da; lorea zimeldu egin da, ametsa amesgaizto bihurtu da, utopia distopia, iraultza kontrairaultza.

Tunisian piztu eta eskualdean zehar zabalduriko matxinadek argazki latz bat utzi dute atzean: huts egindako estatuak, errepresioa, anabasa, estatu kolpeak, gerrak, hilketak… Achcarren hitzetara itzulita, oso prozesu luzea izango da erregimen zaharraren heriotza eta berriaren jaiotza, baina idazlea, udaberri hartan sortu zen euforiaren aurka agertu zen bezala, orain nagusi den pesimismoaren kontra dago. Ekialde Hurbilean “muturreko aldaketa bat” behar dela dio, baina argi dauka askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean altxatu zen herria izan badela, eta plazetara eraman zituzten arrazoi guztiak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, endemikoak asko eta asko, bere horretan direla.

Baina zeintzuk izan ziren arrazoi horiek? Zein testuingurutan piztu ziren iraultzak? Zer gertatu zen aldi berean eta eremu berean bata bestearen ondoren kateatzeko? Zein da herrialde horien gaur egungo argazkia? Zerk baldintzatu du, herrialde bakoitzaren berariazko ezaugarrietatik haratago, iraultza kontrairaultza bihurtzea?

Galdera horiei erantzutera dator liburu hau. Ekialde Hurbila esaten dioten eremu zabal bezain liluragarria eta konplexua nola dagoen begiratzera, gatazken muina azaltzera, jatorriei eta ondorioei erreparatzera, eta, gatazkek sakonean ertz asko dituzten heinean, hegi horiei ere so egitera, baita mapetan zuzen-zuzen marraztutako mugetatik at ere. Muinak eta ertzak. Geopolitikoak eta geografikoak.

Mapara begira jarriko gara berriro. Eta, horretarako, mapa hori etengabe zapaldu duten hiru euskal kazetari apartengana jo dugu. Bakoitzarekin bide bat egingo dugu, zeharkaldi bat, bertatik bertara, eta, kazetaritza eredugarrian, kontakizunekin eta lekukotasunekin, ñabardurez osatutako argazki bat atera dute, kaleidoskopio batetik bezala begira dezagun, dena ez baita zuria ala beltza.

 

Jaitsi hitzaurrea .pdf-an

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina