Udaberritik negu beltzera

ekialdehurbilaEkialde Hurbila dauka ardatz Elkar, Jakin eta Berria-ren Aleka bildumaren laugarren liburuak.  

2011n lehertutako iraultza arabiarrak abiapuntu hartuta, hainbat herrialdetako egoera geopolitikoaz aritu dira Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariak Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan, eremu zabal bezain liluragarri eta konplexu horretan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emanez.

“Historiaren lekukoa izatea da kazetariaren lana. Ez gaude hemen gugatik kezkatzeko. Hemen gaude ahal dugun gertuena joateko eta mundu inperfektu honetatik egia ateratzeko eta kontatzeko”. Robert Fisk kazetariaren hitzak ezin aproposagoak dira esku artean dugun liburuan beste hiru kazetarik egin duten ahaleginaz aritzeko. Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzak kazetaritza lan zorrotza egin dute ‘Ekialde Hurbila. Muinak eta ertzak’ liburuan. Begirada propioz, lekukotzak jasoz, urrun geratzen zaigun mundu bat gerturatu digute, modu argiz, gatazken jatorriak eta ondorioak aletuz, baina baita gatazken ertzak ere, hegiak, eta, beti, beste ezeren gainetik, ikusitakoa kontatuz. Azken batean, kontakizun bat dakar saiakera honek. (Irakurri +)

Ekialde Hurbila liburuaren hitzaurrea – “Mapa bati begira”

ekialdehurbilaZibilizazio zahar baten azken faraoia diktadore bihurtu zenean ezagutu zuen Alaa al-Aswanik herria hitzaren benetako esanahia. Kairo munduko epizentroa zen egun horietan, eta idazlea egunero-egunero joaten zen erresistentziaren ikur bihurtu zen plazara. Tahrirren milaka eta milaka lagun elkartu aurretik ere, erregimenaren aurrean isildu ez ziren ahots bakanetakoa izan zen harena, eta, orduan ere, “errezeloak” zituen iraultzaren “mirariaren” ostean etorriko zenarekin. Urteek erakutsi dute ez zegoela oker; 2011ko matxinadek astindutako ia arabiar herrialde guztiak orduan baino okerrago daude orain. Al-Aswani diktaduraz mintzo da berriz ere: “Hosni Mubaraken garaian baino makurragoa da egoera”.

Udaberri Arabiarrek munduko egunkarietako azaletara eraman zituzten hainbat herrialde, ordura arte oharkabean igaroak zirenak. Itxaropena lehertu egin zen, plazaz plaza, herriz herri, mugak zeharkatuz, eta mapetara begira jarri ginen. Bazirudien Ekialde Hurbil Handian, mendebaldetik ekialdera, bata bestearen atzetik, banan-banan, sistema zaharren eremu mortuan udaberria loratuko zela, baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera, eta eremu antzu bihurtu da berriz ere eremu hura; negu gorria, negu beltza. Antzinako ordena itzuli da, urteetako sistema zapaltzaileak ezin baitira egun batetik bestera irauli. Gilbert Achcar idazle libanoarrak horrela laburbildu du: “Trantsizio demokratikoa ez da udaberri bateko kontua”. Bada, matxinadaren narratiba erromantikoa bukatu da; lorea zimeldu egin da, ametsa amesgaizto bihurtu da, utopia distopia, iraultza kontrairaultza. (Irakurri +)