Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2017 – XXIX. Jokin Zaitegi Sariketa

Gartxot Unsain

Gartxot Unsain da azken edizioko irabazlea

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

– 2017an Suediako Akademiak Kazuo Ishiguro idazle japoniar-britainiarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren The Remains of the Day eleberria itzularaztea da.

– Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako pasartea euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 22an amaituko da.

– Itzuli beharreko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku.

Hemen duzu lagina: Darlington Hall (.pdf)

– Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabier Payák osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen.

– Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

– Irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du The Remains of the Day itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2018ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

– Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Ishiguroren eleberria euskaraz, 2018ko Durangoko Azokarako ahal dela. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

– Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.eus  943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin