Xabier Etxeberria: “Orain artekoak baino beltzagoa da istorio hau”

 Xabier EtxeberriaXabier Etxeberria zarauztarrak Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai saria irabazi du Berriro itzuliko balitz proiektuarekin. Etxeberriak urtebeteko epea izango du orain proiektua lantzeko eta nobela prestatzeko. Datorren urteko udazkenean aurkeztuko du Elkar argitaletxeak egindako lana.

Berriro itzuliko balitz du izenburua, baina zure hau ez da habanera bat, prezeski. Zergatik titulua?

“Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza” dio Leteren abestiak eta, hain zuzen ere, eleberriaren mamiarekin oso loturik dago melankonia sentipen hori, atzera itzuli nahia, iraganean egin genituenak (edo ez genituenak) konpontzeko ahalegin antzuan.

Nobela beltzean sar liteke neurri batean zure proiektua?

Bai, ehuneko ehunean, esango nuke. Eleberri beltzaren elementu gehienak izango ditu: desagerpen bat, heriotza, bilaketa… Erritmoa gero eta biziagoa izango da istorioa aurrera doan neurrian eta, batez ere bukaera, thrillerraren gisakoa izango da. Eleberri beltz guztietan bezalaxe, jakina, mekanismo narratibo horiek bestelako gai batzuk jorratzeko aitzakia dira, eta liburu honen kasuan atzerritar edo kanpotar izatea izan liteke, horrek dakarren guztiarekin. 

Zertan da desberdina orain artean idatzi dituzun eleberrien aldean?

Orain artekoak baino beltzagoa edo ilunagoa dela istorio hau iruditzen zait. Badu ironiatik edo umore zorrotzetik zerbait ere, baina segur aski ez nire gainontzeko liburuek bezainbeste. Aitzitik, irakurlea asaldaraziko duen zerbait planteiatzen saiatu naiz.

Gordintasuna nabarmena da, ezta?

Bai, hain zuzen ere. Liburua irakurtzen duena deseroso sentiaraztea bilatu nahi dut, barru-barruan eragitea, eta horretarako orain arteko nire beste liburuetan baino pasarte gordinagoak edo gogorragoak pentsatuak dauzkat. 

Eta protagonista, Karlos Jaso saxofoi-jolea, zure (anti)heroien sokakoa da, ala desberdina?

Itxura batean badu nire orain arteko beste protagonista alter ego batzuen tankera: desastre samarra, eguneroko gauzetarako abilidade gutxirekin, festa gehiegi gustatzen zaiona… Hasierako zatian, emaztea hil eta alaba jaioberriarekin herrialde atzerritar batean moldatu ezinik dabilenean, nabarmenagoa da hori. Pertsonaia hau aldatu egingo da istorioan zehar hala ere, irakurleari ustekabea emango dio.

Lau eskutara idatzi izan dituzu hainbat liburu, anaiarekin. Noiz eta nola erabakitzen duzu proiektu bat bakarka ala taldean lantzekoa den?

Ez zait iruditzen erabaki kontzientea izaten denik, ez niretzat, ez Martinentzat; horrela suertatzen da, besterik gabe. Elkarrekin proiektu pare batean lanean gabiltza biok (komiki munduan eta gidoigintzan), poesiarekin ere jo ta su ari da Martin bakarka, eta beste eleberri hau bakarka idaztea bururatu zitzaidan niri.

Danimarkan kokatu duzu istorioa: sinesgarritasunarekin arazo gutxiago izateko ala zergatik?

Kanpotar izateari buruz gogoeta egin nahi nuen. Izan zitekeen kanpotarra den pertsonaia bat Euskal Herrian kokatuta ere, noski, baina euskaldun bat atzerrian ipintzea nahiago izan dut, irakurle euskalduna herritik kanpo joan behar izan duenaren paperean jarrarazteko.

Horrek dokumentazio-lan handiagoa eskatuko dizu, ezta?

Bai, sinesgarria egin nahi bada, elementu txiki asko landu behar dira kontaketan: etxeak nolakoak diren, ohiturak, janariak… Alde horretatik, interesgarria ere bada dokumentazio lana, ikasteko balio du.

Zu orain Irlandan zaude bizitzen: kasualitatea da pertsonaia eta zu zeu Euskal Herritik urrun ibiltzea?

Ba bai, kasualitatea izan da. Lehendik buruan nuen eleberri honen ideia eta lantzen hasia nintzen. Gero, familia guztia urte batez Irlandara bizitzera etortzeko kontua sortu zitzaigun eta denboran biek bat egin dute, baina, esan bezala, kasualitatea izan da. Idazteko garaian lagunduko dit atzerritar sentipen horrek edozein modutan.

Bi istorio kontatzen dira zure eleberri proiektuan: bien artean paralelismoak espero behar ditugu, kontrasteak, guztiz desberdinak dira…?

Desagertu egin den bere alabaren bila dabilen ama baten istorioa dago alde batetik, eta alargundu berri den musikari euskaldun bat irla txiki batean nola bizitzen jartzen den kontatzen duena bestetik. Bi istorioek hasiera batean elkarren artean loturarik ez dutela dirudien arren, bi hari horiek bat egingo dute eleberriaren erdi aldera, ustekabeko moduan. 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina