Rafa Rueda: “Hiri kristalezkoa XXI. mendeko gizarteari buruzko hausnarketa da”

Hiria kontzeptu beti modernoaren gainean eraiki du Rafa Ruedak bere disko berria, Hiri kristalezkoa. Jaime Nieto, Txus Aranburu eta Julen Zulaika musikariekin, Leire Bilbao, Harkaitz Cano eta Gotzon Barandiaran idazleen eta Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballes bertsolarien berbekin, Malen Amenabar artista plastikoaren iruditeriarekin, hasi eta amaitu entzuteko lan kolektiboa borobildu du musikari nekagaitz honek.

Hiri kristalezkoa deritzo disko berriari Rafa. Zer da Hiri kristalezkoa?

Hiria aitzaki, musika, hitza eta irudia biltzen duen XXI. mendeko gizarteari buruzko hausnarketa da. Jakinda hemendik gutxira munduko populazioaren ehuneko handi bat hirietan bilduko dela, aitzaki ona iruditu zitzaidan “Hiria”ri berari, gizarteari eta, batez ere, pertsonari heltzeko. Musika guztiak nik sortutakoak izan arren, lan kolektiboa denaren sentsazioa dut. Testuak, irudiak eta musika indar handikoak dira, musikariek sekulako inplikazioa izan dute eta ekoizle artistikoak oso ondo bideratu du lana. Horregatik diot lan-kolektiboarena. Nire lana besteon ekarriek disko zelan birildu zezaketen asmatzea izan den sentsazioa du.

Lehen entzunaldian gaua, deslekuak, etorkizuneko bizilekuak, makinismoa (batez ere Txus Aranbururen teklatuetan) etorri zaizkigu akordura. Unai Iturriaga kanta baten letra egin dizunak, Blade Runner filma hartu du eskenatokitzat. Gentrifikazioa, migrazioa, bazterketa… XXI. mendeko gizartearen arazo larriei kantatu diezu.

Bai. Musikak hitzak baino lehenago sortuak dira eta aipatutako gai horiek ziren iradokitzen zituztenak. Lagun batek, testurik gabeko kantuak entzun eta hiria etortzen zitzaiola burura komentatu zidan. Horrek asko zabaldu zidan bidea. Teklatuek inoizko garrantzirik handiena dute. Erabili ditugun soinuen hautaketa oso zorrotza izan da. Kontzienteak ginen kantuen giroa markatuko zutela, eta horrela gertatu da. Honek asko lagundu du gai horiek kontestualizatzen. Edozein hiriren erradiografia eginez, ezinbestean agertuko lirateke zuk aipatutako gai horiek, hauei heltzea baino ez dugu egin.

Ibilbide luzea duzu musikagintzan. Zergatik orain disko kontzeptual bat?

Disko kontzeptualak betidanik izan ditut gustuko. Orain arte ez zait halako bat egitea suertatu baina oraingoan oso argi izan dut hasiera hasieratik. Denbora nahikoa neraman diskorik kaleratu gabe eta, maite ditudan arren, ez nuen kanta bilduma soil batekin bueltatu nahi. Hari argi bat duzunean, denak hartzen du zentzua. Gezi guztiak hasten dira norabide berbera markatzen eta elementuen arteko koherentzia geroz eta handiagoa da. Zehaztugabetasunari utzitako tartea ia ia zerora murrizten da eta honek askoz ulergarriagoa egiten du lana. Erronkarik handiena, lanaren osotasuna kontzeptuala izanik ere, kanta bakoitzaren autonomia errespetatzea da, eta ondo lortu dugula esango nuke.

Ohitura gero eta gutxiago badago ere, hasi eta amaitu osorik entzutea eskatzen duen diskoa ondu duzu, hasiera eta amaiera dituena.

Pieza guztiak ahokatzen joan dira ia modu inkontziente batean. Norabidea hasiera batetik argi izatearen inertziak dena bideratu du horretara. Gero eta ohitura gutxiago dago disko bat hasi eta bukaerara arte entzuteko. Ez dator bat daramagun bizimoduarekin baina aldarrikatu nahi nuen zerbait da. Gaur egun, istorioak hasi eta amaitu takada batean ikusi edo entzuteko dugun ia aukera bakarra, zinema edo antzerkia ikustea da. Musika klasikoan bada halakorik baina rockaren esparruan galdu edo galtzen ari den zerbait da. Kontsumo arinerako sortzera ohitu gara eta lanak, ibiltzen hasi orduko, zaharkituak gelditzen dira askotan. Gaur eguneko gizartearen joeraren kontra bada ere, joera horretatik at dagoen zerbait egitea nuen asmoa.

Diskoko kanta guztiek pertsona izena dute, erabat ez-ohikoa gure kantagintzan. 

Argi nuen kantek hirian bizi diren pertsonen istorioak kontatu behar zituztela. Pertsonek izen propioak dituzte eta kantuen izenburuetarako, pertsona bakoitzaren izen propioa hartzea polita izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta, bide batez, istorio bakoitza definitzeko modurik eraginkorrena.

Sei idazlek sortu dizkizute hamar pertsonaia horiek. Bakoitzak bere aldetik sortuta ere, besteak zer idatzi duen jakin barik ere, hari komun bat igartzen zaie letrei.

Aurreko galdera batean esandakoarekin lotuta dagoela uste dut. Norabidea oso markatua dagoenean, hasiera batean horren agerikoak ez diren loturak sortu daitezke. Idazle guztiei agindu berbera emateak badu zer ikusia horretan. Gainera, idazle batek beste pertsona batentzat sortzen duenean, pertsona horren buruan kokatzera behartuta dago bigarren honek esaten duena sinesgarria izan dadin. Honek, idazkera ezberdina duten idazle biren testuen arteko distantzia asko murrizten du. Ariketa hau ondo egiten bada, emaitza askoz koherenteagoa da.

Berritasunez beteriko diskoa da Hiri kristalezkoa. Guretzat, nabarmenena, kantaera. Orain arteko zure lana ezagutzen duenak igarriko du aldea.

Horretan, garrantzi handia izan du Jon Agirrezabalaga (WAS taldekoa) ekoizle artistikoak. Nire ahotsaren lekua aurkitzen asko lagundu dit. Denbora nahikoa eman dugu bilatze prozesu horretan eta oso pozik nago emaitzarekin. Urte batzuetatik ona, nire ahotsarekin adiskidetu naizenaren sentsazioa dut. Instrumenturik garrantzitsuena da, pertsonalena. Honek duen ahalmena ahalik eta hoberen aprobetxatzeko ezinbestekoa da berarekin adiskidetzea. Batzuk adiskidetasun horrekin jaiotzen dira, beste batzuek, aldiz, bilaketa prozesu baten bitartez lortzen dute, garrantzitsuena puntu horretara heltzea da.

Zuk zeuk sarritan bete dituzu ekoizle lanak. Zelangoa izan da inoren aginduetara aritzea?

Oso aberasgarria. Aspalditik hartu dudan erabakirik onenetarikoa. Nire konfort gunetik irten nahi nuen. Nik beste batzuekin egindakoa, nirekin beste batek egitea nahi nuen. Delegatzen ikasi behar duzu eta konfiantzak erabatekoa izan behar du. Batzuetan, kanpoko begiek asko argitzen dute. Denborarekin, inkontzienteki keinuak hartzen dituzu, eta hauetatik aldentzea nahi izanez gero kanpoko begiak eta belarriak ezinbestekoak dira. Ekoizle lanetan hainbatetan aritutakoa naiz eta bestearengan konfiantza osoa izateak ondo dakit zenbaterainoko garrantzia duen, eta hala jokatzen saiatu naiz ni ere. Umiltasun ariketa bat da baina, ondo atera ezkero, onerako baino ezin da izan. Jonen lanari esker, hazi egin naizela uste dut.

Malen Amenabar artistak sortu dizu diskoaren diseinua. Balio erantsia eman nahi izan diozu disko fisikoari?

Bai, sekulako lan ederra egin du. Azalaz gain, pertsona bakoitzeko irudi bat sortu du. Disko fisikoa gero eta gutxiago erabiltzen den honetan, ezinbestean, asko zaindu beharreko gauza dela deritzot. Aurreko lanetan Alain Urrutiarekin egin izan dut eta badakit ze garrantzia duen. Malenen lana Larrabetzuko Hori Bai gaztetxerako egin dituen karteletatik ezagutu nuen eta momentuan maitemindu nintzen. Sekulako etorkizuna duen sortzaile grafikoa da eta pribilegiatua sentitzen naiz proiektu honen bidelagun izan garelako.

Zuzenekoetarako musikari lagun berriak dakarzuz.

Laukotean grabatu dugu. Jaime Nieto baxu-jotzaileak eta Txus Aranburu teklatu-jotzaileak, aurretik lan egin izan dute nirekin. Ander Zulaikaren kasuan, Lou Topeten ezagutu nuen bateria jotzen eta sekulako gaitasuna duen musikaria dela iruditzen zait. Primeran moldatu da taldera eta guztien artean kantak ondu egin dituzte. Gozamena izan da hauekin lan egitea.

Hiri kristalezkoa kontzeptua borobiltzeko talde lan handi horretan, Galder Izagirre ere aritu da argazkien bitartez XXI. mendeko hiria erretratatzeko lanetan. Zertan lagundu dizu?

Galder, musikari bikaina izateaz gain, sekulako argazkilaria da. Begirada berezia du. Irudia harrapatu beharrean, irudia sortzen duela ematen du. Aspalditik nahi izan dut berarekin lan egitea, eta proiektu honetarako egokiena zela argi nuen hasieratik. Leku berean egonda eta leku horretan berak ateratako argazkiak ikusita, leku ezberdinetan egon izanaren sentsazioa izan dut, begirada berezia duten argazkilariek baino ez duten dohaina.

Eta aurreko diskoak zuk zeuk ekoitzi eta zabaldu ostean, ELKAR diskoetxearen laguntzarekin plazaratuko duzu. 

Oso esperientzia ona izan dut aurreko autoekoizpenekin baina lan hau berezia da  niretzat. Bost urteren ostean, sortze arloan jarri nahi nituen indar guztiak. Proiektua interesgarria iruditu zitzaien eta, merezi zuen babesa emateko prest zeudela jakinarazi zidaten. Gogo handia dut lanean hasteko. Elkarrek, edozein proiektuk behar lukeen babesa emateko ahalmena du eta ondo aprobetxatu nahi nuke.

Diskoa zuzenekoetan aurkeztea dagokizu orain. Zuzenekoen egungo egoera ezagututa, zein formatotan aurkeztu asmo duzu, bakarka, talde osoarekin…?

Laukotea da diskoa zuzenekora eramateko formaturik egokiena, baina edozein lekutara heltzeko formatura egokitu dezakegu. Ahalik eta leku gehienetara heltzea nahiko genuke eta bakarka, bikotean, hirukotean zein laukotean ibiltzeko asmoa dugu, laukote formatuari lehentasuna emanda, lekuan lekuko baldintzetara egokituz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina