Jasone Osoro: “Boxeoan bezala, kolpeak jasotzean zutitzea da bizitza”

Jasone OsoroBoxeoa, muturrak txikitzeko kirola baino gehiago, bizi jarrera da, eta horixe bera izango du ardatz Jasone Osororen bilduma berriak. Eskularru Beltzak izenburupean eta lau liburukitan barrena, sei pertsonaia nagusi deskubrituko ditugu apurka, haien ahuleziak eta kemenak, gaitasunak eta ezinak, txanpon beraren aldeak balira bezala. Urtean bi liburuki plazaratzeko konpromisoa hartu du egileak. Lehenak bildumaren izenburu bera darama.

Bizitza zer den, boxeoaren bidez azal litekeela diozu. Nolatan heldu diozu boxeoari?

Ezekiel-en eta Jara-n ez bezala, mezu bat helarazi nahi nuen oraingoan. Hasiera-hasieratik bilduma gisa abiatu denez, istorioaz gainera beste heldulekurik ere behar nuela iruditzen zitzaidan, gaztaroari lotutako zerbait-edo. Gogora etorri zitzaidan gaztetan askotan izaten dela beldurra, edo ahul sentitzen zarela, tokiz kanpo, zeure lekua egin beharrean, eta talde bateko kide sentitu nahirik, batzuetan ez zaituztela onartzen, eta beste batzuetan berriz, zeu zarela zeure burua ondo kokatuta ikusten ez duena. Bullinga, harrera etxeetan bizi den gaztea, badago hitz-totela den neska bat… Gai horiei heldu nahi nien, modu entretenigarrian, eta horri zelofana jarriko zionaren bila nenbilela, bat-batean boxeoa etorri zitzaidan burura.

Ez naiz sekula boxeozalea izan, kontrakoa, arbuiatu ere egin izan dut, bortxari lotuta ikusi dudalako, baina oso bestelakoa ere bada. Bizitza ring moduko bat da, eta boxeoa ez da kolpeak ematea, hori ere baden arren; kolpeak jasotzean zutitzea eta jarraitzea da boxeoa. Zentzu horretan, oso metafora interesgarria iruditu zitzaidan. Bestalde, oso gutxitan aipatzen den kirola da. Beharbada polemikoa izan liteke batzuentzat.

Mohamed Aliren irakaspenak neskei zuzenduta datoz lehen liburukian. Zein dute onura?

Boxeoa gustuko ez duenak ere badu Mohamed Aliren berri, mundu guztiak ezagutzen du. Pertsona benetan osoa dela iruditzen zait, eta gazteentzat erakargarria, kiroletik harago zegoelako. Beldurrak gainditzeko tresnatzat zeukan boxeoa. Bera jaio zen garaian, bere testuinguruan, gazteek delinkuentziara jotzea zen ohikoena. Hain zuzen patu horri ihes egiteko heldu zion boxeoari. Kontraesana dirudi: borrokatu behar ez izateko, borrokara jo. Dislexikoa zen, baina oso azkarra, umore handikoa, eta poesia gustatzen zitzaion, idatzi ere egin zuen. Oso mezu indartsuak eman zituen, auto-laguntzarako balio handia daukaten esaldiak, benetan borobilak, “’Ezinezkoa’ hitza ez da existitzen, iritzi bat da” bezalakoak. Entrenatzea sufrimendua zela esaten zuen, ez zuela ongi pasatzen, baina beharrezkoa zela bizitzan txapeldun izateko.

Mohamed Alik gauza mordoa egin zuen, baina askorentzat beltza zen, ez besterik. Neskoi ere beste horrenbeste gerta dakiguke. Mila gauza egin ditzakezu, baina beti izango zara hori gehi neska. Izena eta erlijioa aldatuta, bere figura berrasmatu zuen, berak nahi zuena, eskubideen aldekoa, gerren kontrakoa. Vietnamera joateari uko egiteagatik boxeorako lizentzia kendu zioten. Ringean ez ezik, bizitzan ere gogor borrokatu zuen, bere helburu eta ideien defentsan. Zentzu horretan, bada eredu bat.

Zure pertsonaiek itxura bat daukate kanpotik, eta barrendik bestelakoak dira. Oro har, erretratu xinpleegiak egiten ote zaizkie gazteei?

Denok dauzkagu azalak, pluralean, eta horietariko bakoitzak jokamolde bat erakusten du. Gure baldintzek eraikitzen dute geure izaera. Hein batean programatuta gatoz, baina ez gara robotak eta programatu zaigun hori bizipenen arabera joango zaigu aldatzen. Lehen liburukian batez ere bi pertsonaia marraztu ditut, Baba eta Beire, baina zirriborroak dira. Azaletik nolakoak diren esplikatzen da, nola jokatzen duten taldean. Familian nolakoak diren eta zergatik, aurrerago ikusiko da. Izan ere, bildumak horretarako aukera ematen dizu. Pertsonaia bakoitza mimatzea eta aberastea ahalbidetzen dizu.

“Erortzeak ez du ezer txarrik, garrantzitsuena berriz altxatzea da” dio, hain zuzen, hondoa jo duen pertsonaia batek. Eta teorian denok bat gatozen arren, porrotaren eta lotsaren ezaugarritzat jotzen dugu praktikan, batik bat norberari gertatzen zaionean. Gomendiorik?

Mohamed Alik esaten zuen legez, pentsatzen duzuna zenbat eta gehiago errepikatu, orduan eta gehiago sinesten duzu, eta sinesten baduzu, lortzen duzu. Mezu positiboak behar ditugu, baina zoritxarrez, gehien errepikatzen zaizkigun mezuak negatiboak dira. Badirudi perfektuak izan behar garela, gauzak ondo besterik ezin direla egin. Geure buruari beldurra izatea ukatzen diogu, edo inperfektu izatea, lotsagarri gelditzea, gai jakin baten gainean “ez dakit” erantzutea, baina denok ditugu beldurrak, denok gara ezjakinak, ahulak. Eroriz ikasten da ibiltzen.

Beraz, lotsagarri sentitzen garenean, zer esan behar diogu geure buruari?

Eta zer!

GARBINE UBEDA GOIKOETXEA

Idazlea

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina