“Hariak” Yoseba Peña

 

Yoseba Peña “Nahiz eta hiru egoerak zeharo ezberdinak izan, badago hariok lotzen dituen bilbe potente bat: kemena”

Hiru emakumeren begirada baliatu du Yoseba Peñak bere nobela berrian, Hariak (Susa, 2018), XX. mendeko  50 urteko historia istorioen bidez jorratzeko, Errepublika garaian hasi eta 1980 urte aldera arte. Ezarritako mugetatik harago doazen emakumeen kemenak gidatzen du irakurlea memoria historikoan barrena.

Hariak” 36ko gerra aurreko giroarekin hasi eta Juan Paredes Txikiren fusilamenduen osteko garaietara iristen da. Zergatik jorratu duzu hain tarte luzea?

Emakumez betetako familia batean hazi nintzen: birramama, amama eta haren ahizpa bikia, beste amama, ama… eta txikitatik liluratu izan nau haien arteko alde eta berdintasunak bilatzeak, nondik sortu ziren ulertzeak.

Gainera, gizaldi oso bat kabitzen da 1930etik 1990era eta, Hegoaldean behintzat, seguruenik izango da gehien markatu gaituen denbora-tartea, Karlistaldiekin batera. Horren inguruan eman zaigun kontakizunak, ordea, ez nau inoiz asebete, zerrenda luze bat besterik ez baita: jeneralak, heroiak, eroriak, gerrak, dominak, balentriak eta abenturak, gehien-gehienek gizasemeren bat protagonista dutenak. Pertsona anonimoen bizimodua eta bizialdia aztertu behar dira intrahistoria ezagutzeko, hots, Danilo Kiš-en Hildakoen entziklopedian agertzen direnen horiena. Proiektuarekin ibili naizen urteotan, etengabe izan dut gogoan Bertolt Brecht-en poema hura, Joxe Azurmendik euskaratu eta Mikel Laboak kantatu zuena:

(…) Lima distirant hura

eraiki zuten langileak, ze etxetan bizi ote ziren?

(…) Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada

 urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?

Nire ustez, estu lotuta daude Espainiako Gerra Zibila, frankismoa eta 80ko hamarkadako hilketak Euskal Herrian. Lehenagotik datorren gatazka baten aroak dira eta, hura bere osotasunean ulertu ahal izateko, beharrezkoa da garai guztietako bizitza anonimoak arakatzea, xehatzea, atzematea.
(Irakurri +)