Haurren heziketa emozionala literaturaren bidez

haurraren_heziketa“Kontadazu ipuin bat”!  Haurrek txiki-txikitatik adierazten duten etengabeko nahia da hori. Baina zergatik dute hainbesteko garrantzia irakurketak, ipuinak, eta orokorrean, Haur Literaturak haur eta gaztetxoen bizitzan? Zergatik izan daiteke liburua edo ipuina haurrak emozionalki hezteko baliabide egokia?

Intrigazko, beldurrezko, umorezko edo edozein ipuin miresgarri edo klasiko izan, literaturak haurra izugarri erakartzen du. Zergatik? Bada, aukera ematen diolako bere bizitza eta sentimenduak ulertzeko eta bere nahi psikoafektiboak asetzeko. Hau da, ipuinak haurraren “mamu psikologiko” guztiak (beldurrak, gatazka afektiboak, behar moralak –zer dagoen ongi eta gaizki-… ), eszenatoki baten bidez aurrean jartzen dizkio, bera konturatu gabe, modu sinboliko batean. Zer gertatzen zaion jakin behar du, bereziki bere sentimenduak ulertu nahi ditu. Baina haurrak errealitatea ez du guk bezala ikusten, sentitzen eta ulertzen. Errealitatea egozentrismotik ikusten du, sentitzen eta ulertzen du. Zer esan nahi du horrek? Bada, oraindik ez duenez trebetasun kognitiborik, ez duenez arrazonamendua, ulermena eta logika gisako tresna kognitiborik garatu, eta afektiboki ere ego-zalea denez, errealitatea berak sentitu nahi duela: Ni-a da dena. Ondorioz, fikzioa edo ipuina eta haurraren maila psikoafektiboa bat egiten dute: fantasia, sormena, pentsamendu magikoa, jolasa … daude beregan, balitz bezala da hitza. Horregatik, haurraren barne munduak eta haur literaturak konektatu egiten dute, hizkuntza berean mintzo baitira. Zentzu honetan, ipuinak ez dio haurraren buruari, arrazonamenduari “hitz egiten”, bere “bihotzari” baizik. (Irakurri +)