Haurren heziketa emozionala literaturaren bidez

haurraren_heziketa“Kontadazu ipuin bat”!  Haurrek txiki-txikitatik adierazten duten etengabeko nahia da hori. Baina zergatik dute hainbesteko garrantzia irakurketak, ipuinak, eta orokorrean, Haur Literaturak haur eta gaztetxoen bizitzan? Zergatik izan daiteke liburua edo ipuina haurrak emozionalki hezteko baliabide egokia?

Intrigazko, beldurrezko, umorezko edo edozein ipuin miresgarri edo klasiko izan, literaturak haurra izugarri erakartzen du. Zergatik? Bada, aukera ematen diolako bere bizitza eta sentimenduak ulertzeko eta bere nahi psikoafektiboak asetzeko. Hau da, ipuinak haurraren “mamu psikologiko” guztiak (beldurrak, gatazka afektiboak, behar moralak –zer dagoen ongi eta gaizki-… ), eszenatoki baten bidez aurrean jartzen dizkio, bera konturatu gabe, modu sinboliko batean. Zer gertatzen zaion jakin behar du, bereziki bere sentimenduak ulertu nahi ditu. Baina haurrak errealitatea ez du guk bezala ikusten, sentitzen eta ulertzen. Errealitatea egozentrismotik ikusten du, sentitzen eta ulertzen du. Zer esan nahi du horrek? Bada, oraindik ez duenez trebetasun kognitiborik, ez duenez arrazonamendua, ulermena eta logika gisako tresna kognitiborik garatu, eta afektiboki ere ego-zalea denez, errealitatea berak sentitu nahi duela: Ni-a da dena. Ondorioz, fikzioa edo ipuina eta haurraren maila psikoafektiboa bat egiten dute: fantasia, sormena, pentsamendu magikoa, jolasa … daude beregan, balitz bezala da hitza. Horregatik, haurraren barne munduak eta haur literaturak konektatu egiten dute, hizkuntza berean mintzo baitira. Zentzu honetan, ipuinak ez dio haurraren buruari, arrazonamenduari “hitz egiten”, bere “bihotzari” baizik.

Baina literaturak zer gehiago ematen dio haurrari ikuspegi emozionaletik? Ipuina irakurtzeko ekintza hori guraso edo hezitzailearekin batera egiten badu, komunikazio afektiborako ekintza bilakatzen da; ipuina bihur daiteke haurraren eta helduaren arteko lotura afektiboa sendotzeko tresna, afektibitate eta konfiantzako momentu goxoak sortzen dituelako, bere heldu horren denbora “preziatu” hori berari eskaintzen diolako, maite duelako. Zentzu horretan irakurketa, ekintza bezala, bizipen afektibo eta emozionala bilakatzen da. Zeren, gure haur horrek, “kontadazu ipuin bat” esaten digunean, zer nahi du? Noski, ipuinarekin, disfrutatu, gozatu nahi duela, hau da, ipuinarekin “sentitu” eta ”hunkitu”,  baina bere heldu horrekin egon ere egon nahi du; bere amodioa, afektibitatea eta arreta eskuratu bereziki.

Horrez gain, ipuina haurraren heziketa emozionaleko baliabide hobezina da. Ipuinaren bitartez, pertsonaien sentimenduak eta emozioak identifikatzea eta ulertzea lortzen du, “bestearen” azalean jarriz, enpatia garatuz; sentimendu aniztasuna bereizten du. Horregatik, ez ditugu zentsuratu behar gai edo sentimendu “ezkorrak” haur literaturan (beldurra, bakardadea, heriotza … ), sentimendu horiek haurrak sentitzen dituelako, eta entzun, ulertu, onartu eta tratatu behar ditu eraldatzeko. Hau heziketa emozionalaren arlo garrantzitsuena da. Azkenik, ipuinaren irakaspenaren bidez, sentimenduak bereiziz, emozionalki gaitasuna edukitzen laguntzen dio, zeintzuk errazten dizkiguten elkarbizitza eta zeintzuk oztopatzen dizkiguten.

         

Baina haurrak liburuetara hurbiltzeko, zenbait aspektu kontuan izatea ezinbestekoak dira. Haurrarengan irakurzaletasuna suspertzeko lehen helburua hau da: ekintza hori bizipen atseginean bilakatzea, zeren atsegina den hura, errepikatzen da; bizipen hori behin eta berriro, grinaz, bilatuko da.

Horretarako zein jarrera diren egokiak eta zeintzuk saihestu behar diren jakin behar dugu. Daniel Pennac, Como una novela saiakeran, irakurlearen eskubideak kontuan hartu behar ditugula dio irakurzaletasuna sortzeko. Lehenengoa, ez irakurtzeko eskubidea aipatzen du. Egia da; irakurtzea ez da obligazio bat, plazer bat baizik. Saihestu beharko genituzkeen jarrerak hauexek dira; ez derrigortu irakurtzera; ez elkartu beti irakurketa edota liburua eskolarekin, esfortzuarekin; ez eskatu liburua bukatzea gustatzen ez bazaio; edota ez behartu liburua amaitu ondoren “azalpenak” (“komentario kritikoa”) ematera.

Aldiz, beste jarrera batzuk hartu behar ditugu irakurzaletasuna suspertzeko. Horretarako, txiki-txikitatik ahozko kontaketara ohitu behar ditugu, hitz jolasa edo sehaska kantutik hasita, poesia, ipuin-klasiko zein herrikoi- eta genero guztietako testuetara heltzeraino. Kalitatezko liburuak eskaini behar dizkiegu, liburutegiak edota liburu-dendetara maiztasunez joanez eta geure zaletasun propioa kutsatuz. Horrela, “irakurtzen ematen” badiegu, kalitatezko liburuen bidez, ipuinaren amaiera zoriontsuak dion bezala, haurrak “zoriontsu biziko dira”.

         
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin