Gazteentzako nobela berria plazaratu du Jabi Elortzak (Bilbo, 1973): Gezurren habia, neska nerabe baten desagerketarekin abiatzen den istorioa, aurrera egin ahala erritmoa bizkortu eta jakin-mina handituz doana.
Ez dira asko gazteentzat idazten dutenak euskaraz, eta zu azken urteetako egile oparoenetakoa bihurtu zara: Sara, Kinito egunak, Gezurren habia… Zerk eraman zaitu gazteentzat idaztera?
Hasieran, nire ikasleei gustatuko zitzaien zerbait idazteko asmoz ekin nion idazteari. Sara, nire lehenengo liburua, idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen nobela bat idaztea, baizik eta ipuin labur bat, baina istorioan sartu nintzen erabat eta hilabete batzuen buruan amaitu. Hurrengo nobelak ere bide beretik egitea erabaki nuen, gazteen arteko istorioek aukera asko ematen dutela uste dudalako, eta horrez gain nabari da ikuspuntu kritiko bat arlo askotara hedatzen dena. (Irakurri +)
Jabi Elortzak Sara liburua kaleratu du estreinakoz. Elkar argitaletxeko gazte literaturako Taupadak bildumaren katalogoan txertatu den lan berri honetan, 15 urteko gazte talde baten abenturak kontatzen ditu.
Idazle berri honen inguruan eta idatzi duen liburuaren nondik norakoak jakiteko, hemen egindako elkarrizketa:
Hasteko, egile berria zarenez, aurkeztu zeure burua: nor da Jabi Elortza?
Egunean zehar zeregin asko ditut: aita, senarra, euskara irakaslea, 4. mailako tutorea, D.B.H.ko koordinatzailea… Erraz esaten da baina pertsonekin egiten diren lanek badituzte bere alde txarrak eta nekagarriak. Niri asko gustatzen zait irakaskuntza baina nire une gogorrak ere baditut.
Lanetik aparte, nola definituko nuke nire burua…? Bizitzan, orain arte, zorte handia izan duen eta gauzak ondo atera zaizkion norbait. Agian nahiko inkontzientea izan naizelako beti, eta beharbada horrexegatik naiz naizena. Gauza horien artean nerabeen irakaslea, horretarako ere apur bat inkontzientea izan behar da.
Hauxe duzu lehenengo liburua. Zerk bultzatu zaitu idaztera?
Alde batetik gustatu egiten zaidalako eta erlaxatu egiten nauelako, eguneroko arazoak ahaztu eta neuk asmatutako errealitate paralelo batean murgiltzeko aukera ematen didalako, eta, bestetik, kostatu egiten zaidalako ikasleek gustuko duten irakurgairik aurkitzea. Horrekin ez dut esan nahi gauza onik ez dagoela. Esan nahi dudana da nire ikasleen gustuekin bat datorren irakurgairik aurkitzea zaila egiten zaidala. (Irakurri +)