Errepide bat. Eta kotxe bat errepidean. Lerro zuzena han. Lerro zuzena berriketarako, isiltasunerako, zoramenerako. Lerro zuzena eta amaiezina. Lerro zuzena eta bat-batean makurra. Lerro zuzena iparralderantz. Errepidea, bazterrak. Errepidea eta seinaleak, autostopisten mamuak, marra jarraituak eta etenak, gasolindegiak, plast! haizetakoaren kontra zomorroak. Odola, izerdia eta malkoak: aurrera, aurrera beti.
Restop. Restaurante El Figón. Travel Club. Club La Boheme. Peaje. Toll.
Go on. Go on.
Errepidea eta bidaia, asfaltozko metafora, auto-ezagutza, penitentzia, deserria, basamortuan zehar egindako ibilbidea. Itaka. Literaturaren historian tradizio oparoa duen generoa. Zer uste zenuen ba. Gauza hauek fundamentuz egiten dira. Aurreko literaturaren errebisio batez. Status quaestionis.
On Quixote, errepideak asfaltozkoak ez ziren garaikoa. The Road, asfaltozko errepideek dagoeneko ezertarako balio ez duten apokalipsiaren osteko garaian. Edo bestela, erdibidean, On the road, klasiko bat. Edo Suminaren mahatsak, beste klasiko bat. Eta ez ahaztu Lolita. Zer esan Lolitaz. Lo-li-ta.
Bai, Iparramerikako literatura nagusi. Eurek asmatu zituzten errepideak eta. (Irakurri +)
Bi ipuin-liburu eta haur eta gazte-literaturako hainbat istorio idatzi eta gero, helduentzako bere lehenengo eleberriarekin datorkigu Katixa Agirre: Atertu arte itxaron. Errepide eta bidaiei buruzko istorio honetan, bikote baten inguruko gora beherak ehundu ditu unibertsitateko irakasle gasteiztarrak. Euskal Herrian zehar errepide sekundarioak eta bide malkartsuak zeharkatuz, harremanen arrakalak aurkituko ditugu kontatzailearen trebezia erakusten duen liburu honetan; komunikazio-arazoak, ongi gordetako sekretuak edo ama-alaba arteko tirabirak.
Zure lehen eleberria idaztera animatu zara. Nolakoa izan da genero berrirako jauzia? Zailtasun berezirik aurkitu al duzu?
Bai, alde izugarria somatu dut. Ipuinak 3-4 astetan idaztera ohituta nengoen, liburu oso bat osatu nahi baduzu ere, atalka egiten den lana da, ipuin bat amaitu eta satisfazio txiki bat lortzen duzu, edo ez, baina porrot egin baduzu ere ez da drama handirik gertatzen, zaborrontzira doa ipuin hura eta listo. Eleberria idaztea prozesu luzea izan da, etsigarria maiz, etenaldi luzeekin, eta gainera epe luzerako balizko satisfazio batean oinarritu behar zara. Nobela bat idaztea denbora eta ahalegin inbertsio arriskutsu samarra da. Dena den badu alde onik, niri konpainia handia egin dit istorio honek, nirekin egon delako urteetan, idazten ez nebilenean ere buruan nerabilen, nolabaiteko konstantea izan da nire bizitzako aro aldakor samar batean. (Irakurri +)
Stephen King: existituko ez balitz asmatu egin beharko genuke. Zinearen industriak behintzat behar-beharrezkoa du Maine-eko idazlearen imajinazioa. Egile garaikideen artean pantailara gehien egokitu dena da, eta literaturaren historiari begiratzen badiogu, soilik Shakespeare, Txekhov, Dickens eta enparauek gainditzen dute. Zer du King honek ba? Argumentu sinple baina indartsuak, eta edozeinen beldur ezkutuenak ere letretan agertarazteko abilidade harrigarria, labur esanda.
King handiaz oroitu naiz Carrie (Debolsillo) nobelaren adaptazioa berri bat estreinatu berri delako zinemetan, Kimberley Peirce zinegilearen eskutik. Brian de Palmak gorpuztu zuen lehenengo aldiz Carrie gaixoa, hiltzaile telekinetiko kutuna, eta ordutik hiru aldiz egokitu da istorioa, edo lau, tv movie bat ere aintzat hartuz gero.
Pena da Stanley Kubrick dagoeneko gure artean ez egotea, bestela ziurrenik zeluloidera eraman nahiko luke El Resplandor (Debolsillo) nobelaren ondorengoa, gazteleraz Doctor Sueño izenburuaz berriki argitaratua Plaza y Janés argitaletxean. Edo hobe horrela, akaso, idazlea ez baitzen batere pozik geratu Kubrickek Overlook Hotelari (eta bertako bizilagunei) emandako itxura bitxi eta txit kubrickianoarekin.
Baina Stephen Kingen obra aita zoratu, nerabe odol-gose, botere psikiko eta txakur/auto hiltzaileetatik harago doa; ez alferrik, fantasiatik ezer ez duten bere nobelek ere zazpigarren artearen arreta deitu dute. Nork ez du gogoratzen Cadena Perpetua (The Shawshank Redemption, Frank Darabont, 1994), bizitza osorako bidegabeki kartzelaratutako Tim Robbins zoragarriarekin? Stephen King-en nobela labur batean oinarrituta dago istorio hunkigarria, izan ere, halako batean King handiak terrorearen eremua utzi eta laguntasunaz eta giza psikologiaren trikimailu sotilez idaztea deliberatu zuen, lau nouvelle edo eleberri labur konposatuz. Lau istorio horietatik hiru pantailaratu dira dagoeneko: aipatutako Rita Hayworth and The Shawshank Redemption da akaso ezagunena, baina merezi dute ere Cuenta Conmigo (Stand By Me, Rob Reiner, 1986) eta Verano de Corrupción (Apt Pupil, Bryan Singer, 1998) delakoek. Lau nobela labur horiek, aldiz, Debolsillok argitaratu ditu, bi aletan: Las Cuatro Estaciones I: Primavera y Verano eta Las Cuatro Estaciones II: Otoño e Invierno. (Irakurri +)