Literatura eta mundua abezean emanak

Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate edo gehiago bereizten dituen irudizko marra. Alfabetoko letrak, adibidez. Aingira eta aingura elkarren hurbil daude hiztegietan, baina batek, hitz askok bezala, txirrist egiten digu esku artean; besteak, hitz askok bezala, gatibatu eta lotu egiten gaitu toki jakin batera.

Zeharo maiztua daukat eta orri askatuekin Seix-Barral etxeak 1983 urtean argitaratutako Alberto Savinioren Nueva enciclopedia liburuaren nire alea (Acantilado argitaletxeak edizio berri bat argitaratua du berriki, orririk nekez galduko zaion edizio txukunean). Saviniok sarreran dio: “Oso nago desgogara ezagutzen ditudan entziklopediekin, eta neure-neure bat idatzi dut nire erabilera propiorako”. Idazle italiarraren formulazioak, entziklopediak kritikatzeaz gainera, garbi adierazten du: munduaz hitz egiteko bere neurriko entziklopedia bat nahi du osatu, honetaz eta hartaz pentsatzen duena zehaztuta eduki, bere pentsamenduaren geografia marraztu, idazlea eta irakurlea mapa berean kokatu. Alfabetikoki ordenatua eta ironiaren tintetan blaitua dago liburua, ohiko entziklopediak ez bezala. (Irakurri +)