Literatura eta mundua abezean emanak

Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate edo gehiago bereizten dituen irudizko marra. Alfabetoko letrak, adibidez. Aingira eta aingura elkarren hurbil daude hiztegietan, baina batek, hitz askok bezala, txirrist egiten digu esku artean; besteak, hitz askok bezala, gatibatu eta lotu egiten gaitu toki jakin batera.

Zeharo maiztua daukat eta orri askatuekin Seix-Barral etxeak 1983 urtean argitaratutako Alberto Savinioren Nueva enciclopedia liburuaren nire alea (Acantilado argitaletxeak edizio berri bat argitaratua du berriki, orririk nekez galduko zaion edizio txukunean). Saviniok sarreran dio: “Oso nago desgogara ezagutzen ditudan entziklopediekin, eta neure-neure bat idatzi dut nire erabilera propiorako”. Idazle italiarraren formulazioak, entziklopediak kritikatzeaz gainera, garbi adierazten du: munduaz hitz egiteko bere neurriko entziklopedia bat nahi du osatu, honetaz eta hartaz pentsatzen duena zehaztuta eduki, bere pentsamenduaren geografia marraztu, idazlea eta irakurlea mapa berean kokatu. Alfabetikoki ordenatua eta ironiaren tintetan blaitua dago liburua, ohiko entziklopediak ez bezala.

Norberak norberarentzat osatutako historia bat, entziklopedia bat, hiztegi bat… Saviniok bezalatsu, Ambrose Biercek ere bere burua eta mundua ordenatzeko balioko zion hiztegi bat zuen amets: Deabruaren hiztegia osatu zuen (Ibaizabal, 2000). Fernando Trueba zinegileak bere artea hobeto ulertu nahi, eta zineaz zekiena finkatu zuen idatziz: Mi diccionario de cine deitu zion (Galaxia Gutenberg, 2006), gaztelaniazko mi posesiboarekin  garbi uzten duelarik zineari buruzko bere aportazio pertsonal ez akademiko baten aurrean gaudela, bere estetika propioaren emaitza intelektuala biltzen duena.

Alfabeto bat, jakina baietz, izan liteke testu literarioak ordenatzeko modu bat. Beste edozein ordenamendu bezain zilegia. Formulak etekin handia eman dezake: hiztegi eta entziklopedien zorroztasunari eransten bazaizkio jokoaren eta halabeharraren eta kalkuluaren aukerak, produktu guztiz berri bat da emaitza. Bernardo Atxagaren alfabeto gisa emandako testuak gozatzeko aukera ematen zaigu, adibidez Groenlandiako lezioak liburuaren orrietan barrena (Erein, 1998), adibidez Alfabeto de las pulgas (Pamiela, 2013) bildumarekin. Aldian-aldian Sarrionandiaren Hitzen ondoezari (Txalaparta, 1997) egindako bisitak etekin asko ematen du inoiz amaitzen ez den hitzak pisatzeko eta “aintzat hartzeko” ikasketan.

Czeslaw Milosz-ek alfabeto baten modura antolatu zuen bere autobiografia eta Abekalio Milosza deitu zion (Abecedario, Diccionario de una vida, Fondo de Cultura Económica, Madrid) ia bizi osoan exilioan egindako bere ibilbide poetikoaren kontakizunari. Inger Christelsen-ek, XX mendeko poeta daniar onena kontsideratuak,  Alfabet deitu zion (gaztelaniaz, Alfabeto, Sexto Piso, 2014) bere poema-liburu nagusiari. Matematikaria zen lanbidez, eta alfabetoa bezalako serieak eta matematikako hainbat sekuentzia baliatu zituen bere obran.  Ez nuke aipamenen zerrendatik kanpo utzi nahi Javier Pérez Andújarren Diccionario enciclopédico de la vieja escuela argitaratu berria (Tusquets, 2016): frankismoaren azken hamarkadan jaiotako belaunaldiaren iniziazio kultural sentimentalaren miszelanea bat da liburua. Munduari begiratzeko modu berriei buruzko hausnarketa bat, besteak beste: komikiak, rocka, undegraunda, telebista, kultura popularra….

Italo Calvinok multiplicitá hitza baliatu zuen halako literatuta-mota definitzeko: errealitateak ertz ugari baditu, begiradak ere kantoi asko behar munduaren ibilbideari erreparatzeko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina