Alaine Agirreren “Odol mamituak” – Miren Agur Meaberen hitzaurrea

Odol mamituak

Odol mamituen bide itxia
Miren Agur Meabe

Zer ote da izugarriago asaldura kontrolaezin bat pairatzea baino, horren zantzuak, besteak beste, itomena, konbultsioak, ondoeza gainditzeko ziurtasun eza, minaren aldaera guztiak eta erru-sentimendua direnean?

Odol mamituak  infernurako joan-etorri bati buruzko narrazioa da. Bide latz horretan emakume gazte bati sortzen zaizkion galderen berri jasoko du irakurleak, txunditurik so egiteko buruko gaixotasunaren eta sen onaren arteko borroka desorekatuari.

Protagonistak, A-k, bost ibiltartetan deskribatzen du bidaia. Ohean preso dagoela abiatzen da, bere etsaiaren defi nizioa emanez: “Gorria da”. Gorria da –odola eta sua bezala–, beragan arantzak, iltzeak, kristal eta metal zatiak dituen zer arrotz eta harrotu hori, gorputzean etengabe hedatu eta irteerarik aurkitzen ez duena, zergatik eta bere jabearen baitan dagoelako, jabea bera delako. Eromena norberaren baitako mehatxua denean, hiru aukera baino ez daude: edo bertan disolbatu, barne-ekaitzean galduz; edo ahal bestean igeri egin, etsipenaren zurrunbiloan ez itotzeko; edo bidea zabaldu ihes egin dezan, adibidez, zainak ebakita. Desesperazio horrek Maupassanten gau ankerra ekarri dit gogora, hark ere, kanpokoa zen zerbait bere barruan kokatuz zihoala sentituta, hainbat aldiz egotzi nahi izan baitzuen bizarra mozteko labanaz lepoa moztuta. Baina nola egiten du batek igeri ur-azalerantz iluntasunari beldur dion haurra legez sentitzen bada, bere burua irudimenaren bitartez torturatzen badu eta, aldiz, bihotza lotan badu? Batzuetan ia ezinezkoa gertatzen da bizitzari aurre egitea.

Bigarren tartean, A-k bere egoeraren kanpo-definizioa jasotzen du, diagnostikoa: “Psikosia da…”. Erlojuak denbora neurtzeko kapaz ez diren ingurune batean, narratzaileak ikuspuntua aldatuko du lehen pertsonatik bigarrenera, bere izateari beha dagoen A-ren pasibitate tenteldua islatzeko. Badira ohe bat, uhel eta guztikoa. Burdin barrak leihoetan. Plastizkoko pazientzia eta elefante-sudurra duen mediku bat. (Zergatik ote du psikiatrak elefante-tronpa sudurraren ordez? Agian, arketipoei kasu eginez gero, elefanteak sendotasuna, memoria ona, egonarria eta jakituria adierazten dituelako, eta sugearen –kaosaren– etsaia delako?). Lixibaren usaina. Korapiloak burmuinean. Begiak irekitzea galarazten duten botikak; loezina, berba egiteko moteltasuna eta lerde-jarioa eragiten duten botikak; apetitoa neurriz gain kilikatzen duten botikak. Isiltasuna. Talde-terapia. Paziente-katalogo bat eta haien errebeldia xaloa… Beste kartzela mota bat, azken batean, eta bertan A, bere arrainontziak eztanda noiz egin zuen ez dakiela, noiz hautsi zen bere munduaren kristala. Norena da errua? Zein da desorekaren jatorria? A osatzen duten A guztietatik, zeinek bultzatu ditu beste guztiak paradero horretara? Errailetatik irtendako trenentzako geltokia da ospitalea, eta A-k nahi luke behin betiko helmuga izatea, burbuila babesgarri berri bat, beldur delako ustelak betiko iraungo ote dion erraietan. (Irakurri +)

Alaine Agirreren “Odol mamituak” – Elkarrizketa

Alaine AgirreOdol mamituakHaur literaturan zenbait ipuin plazaratu ostean, helduentzako lehen liburuarekin dator Alaine Agirre (Bermeo, 1990): Odol mamituak, indar eta edertasun handiko eleberria, irakurlea inarrosteko gaitasuna duena.

Joan-etorriko bidaia bat kontatu duzu: emakume gazte baten gaixoaldi psikikoa, psikiatrikoan egonaldia eta ondorengo osatzea. Zergatik gai hori?

Gai ezkutu bat dela uste dut. Bai arazo sozialez bai intimoez lasai mintzatzen gara, gaixotasun baten xehetasunak ere kontatzen dizkiegu lagun eta ezagunei, baina gaitz mentalei dagokienez, isildu egiten gara. Eta hor daude, hala ere, lurperatuta. Jende asko da bere bizitzako aldiren batean halako gaitzen bat eduki duena. Adituek diotenez, hirutik batek eduki du, dauka edo garatuko du noizbait gaixotasun mental bat.

Bereziki gogorra gertatzen da eromen prozesua, infernura jaiste bat bezala; nahita bilatu duzu efektu hori? Errealitatearen isla da?

Nobelaren hasiera nik pasatako ilunaldi batean dago oinarrituta, eta kontatzen diren sentsazioak, lehen partean batez ere, nik bizi izandakoaren oihartzun bat dira. Gogortasuna ez dut nahita bilatu, baina egia da, esan didatenez, irakurle askori gordina iruditu zaiola. Hala ere, errealitatean horrelako esperientzia bat beti izango da gogorragoa paperean agertzen dena baino.

Gogortasun horrekin kontrastean, badira umore printzak han-hemen, baita samurtasun keinuak ere…

Aldez aurretik planeatu barik irten dit horrela. Protagonistak bere buruari barre egiteko gaitasuna du, baita kariñoa agertzeko ere. Hori beti da ona, eta gehiago horrelako egoera batean. Nik ere ikasi beharko nuke nobelako protagonistarengadik horrela jokatzen.

Intentsitate handia lortzen duzu, idazkeraren bitartez sentsazio fisiko eta emozional muturrekoak transmitituz.

Istorio hau horrela idatzi behar nuela sentitzen nuen, ez hotzean erabakita baizik eta intuizio hutsez. Ni hustu egin naiz idaztean, eta pozten naiz indar hori jasotzen baldin bada irakurtzean. (Irakurri +)