Alaine Agirreren “Odol mamituak” – Miren Agur Meaberen hitzaurrea

Odol mamituak

Odol mamituen bide itxia
Miren Agur Meabe

Zer ote da izugarriago asaldura kontrolaezin bat pairatzea baino, horren zantzuak, besteak beste, itomena, konbultsioak, ondoeza gainditzeko ziurtasun eza, minaren aldaera guztiak eta erru-sentimendua direnean?

Odol mamituak  infernurako joan-etorri bati buruzko narrazioa da. Bide latz horretan emakume gazte bati sortzen zaizkion galderen berri jasoko du irakurleak, txunditurik so egiteko buruko gaixotasunaren eta sen onaren arteko borroka desorekatuari.

Protagonistak, A-k, bost ibiltartetan deskribatzen du bidaia. Ohean preso dagoela abiatzen da, bere etsaiaren defi nizioa emanez: “Gorria da”. Gorria da –odola eta sua bezala–, beragan arantzak, iltzeak, kristal eta metal zatiak dituen zer arrotz eta harrotu hori, gorputzean etengabe hedatu eta irteerarik aurkitzen ez duena, zergatik eta bere jabearen baitan dagoelako, jabea bera delako. Eromena norberaren baitako mehatxua denean, hiru aukera baino ez daude: edo bertan disolbatu, barne-ekaitzean galduz; edo ahal bestean igeri egin, etsipenaren zurrunbiloan ez itotzeko; edo bidea zabaldu ihes egin dezan, adibidez, zainak ebakita. Desesperazio horrek Maupassanten gau ankerra ekarri dit gogora, hark ere, kanpokoa zen zerbait bere barruan kokatuz zihoala sentituta, hainbat aldiz egotzi nahi izan baitzuen bizarra mozteko labanaz lepoa moztuta. Baina nola egiten du batek igeri ur-azalerantz iluntasunari beldur dion haurra legez sentitzen bada, bere burua irudimenaren bitartez torturatzen badu eta, aldiz, bihotza lotan badu? Batzuetan ia ezinezkoa gertatzen da bizitzari aurre egitea.

Bigarren tartean, A-k bere egoeraren kanpo-definizioa jasotzen du, diagnostikoa: “Psikosia da…”. Erlojuak denbora neurtzeko kapaz ez diren ingurune batean, narratzaileak ikuspuntua aldatuko du lehen pertsonatik bigarrenera, bere izateari beha dagoen A-ren pasibitate tenteldua islatzeko. Badira ohe bat, uhel eta guztikoa. Burdin barrak leihoetan. Plastizkoko pazientzia eta elefante-sudurra duen mediku bat. (Zergatik ote du psikiatrak elefante-tronpa sudurraren ordez? Agian, arketipoei kasu eginez gero, elefanteak sendotasuna, memoria ona, egonarria eta jakituria adierazten dituelako, eta sugearen –kaosaren– etsaia delako?). Lixibaren usaina. Korapiloak burmuinean. Begiak irekitzea galarazten duten botikak; loezina, berba egiteko moteltasuna eta lerde-jarioa eragiten duten botikak; apetitoa neurriz gain kilikatzen duten botikak. Isiltasuna. Talde-terapia. Paziente-katalogo bat eta haien errebeldia xaloa… Beste kartzela mota bat, azken batean, eta bertan A, bere arrainontziak eztanda noiz egin zuen ez dakiela, noiz hautsi zen bere munduaren kristala. Norena da errua? Zein da desorekaren jatorria? A osatzen duten A guztietatik, zeinek bultzatu ditu beste guztiak paradero horretara? Errailetatik irtendako trenentzako geltokia da ospitalea, eta A-k nahi luke behin betiko helmuga izatea, burbuila babesgarri berri bat, beldur delako ustelak betiko iraungo ote dion erraietan.

Hirugarren txanpa. A-k, arestian pertsianak goratzeko kemenik izan ez eta bere inguruan mundua biraka ikusten zuenak bera elbarrituta –eritasunak azpiratuta– zegoen bitartean, bigarren hasierari ekingo dio: “Hasiera, begirada zure barrura daramazun unean hasten da”. Hoberantz egin du, nahiz eta ospitalerako osteretan oraindik ere kiratsa arnasten eta mamuak ikusten jarraitzen duen. Jarraitzen du, horrenbestez, ez jakitearen eta ezgai sentitzearen kontzientzia mutiladorearen zama sufritzen. Oroimen-ariketa egiteko ordua da, atzera begiratu eta “nire itzalean arrastaka daramatzadan harriak” zein diren bereiztekoa. Nolakoa zen A eta nola bizi zen eritasuna azaldu aurretik? Perfekzionismoa. Anorexia. Nerabezaroko zauri sendatugabeak. Sexu-identitatearen zirrikituak. Antsietateak eraginiko egite-desegite akigarria. Bulimia. Terapia alternatiboak. Gorputz aldatua, hogei kiloko propina. Ordua da antipsikotikoak puzzlearen arrakalak itsatsiko dituen porlan moduko bat direla onartzeko.

Desiraren taupada ibilbide guztian ozena bada ere –A-k ekintza arrunten irakurketa sexuala egiteko joera du: bi zigarretaren arteko amodio-afera ikusten du batak bestea muturretik piztean, kasurako–, sexu-pultsioak toki handiagoa hartzen du laugarren geldialdian: “Bihotza eta klitoria goseturik zeuzkan”. Gorriak jan du jada A-ren barrua osorik. Akaso A-k bide labur eta errazena aukeratu zuelako; alegia, bere burua ez maitatzea? Horregatik igartzen al da uneoro maitasun-erregua? Orain “nia” eta “zua” bazterrean geratuko dira “hura” sartzeko, distantzia behar da-eta A-ren amorante-bilduma hoztasunez errepasatzeko. Errealitatearekiko haustura, oraingoan, ametsen eta fantasia erotikoen bitartez gauzatuko da. Eta nahitaez otutzen zaigu hurrengo galdera: zenbaterainoko eragina izan dute zorigaiztoko amodioek A-ren gaixotasunean? Protagonistak behar-beharrezkoa du bere buruari errieta egitea muga barik maitatzeagatik eta maitasuna bere bizitzaren grabitate-zentrotzat hartzeagatik. Hala ere, hiltzeko beldur da orain: ohartu da merezi duela bizitzea.

Eta bosgarren geldialdian, puzzlea osatzeko unea eta azken galdera: Nola bizi liteke betiere agonia etengabean bizi dena? Beste hitz batzuetan: Zein da odol mamituen patua? Alaine Agirreren idazkera kalifi katu behar izatekotan, esango nuke, lehenik eta behin, idazkera organiko-anatomikoa dela, edukia guztiz blaiturik dagoelako usainez, jariakinez, korrokadaz, behazunez, malkoz, gonbitoz, gihar-dardaraz eta higidura errefl exuz. Gorputza eta haren atalak dira gertaeren subjektu eta objektu aldi berean, eta jarrera horretan uztartzen da naturaltasunez protagonistaren begirada krudela, xehetasun zatarrak urritzen ez dituena. Bere buruan itsusia ikusita, hala agerrarazten du.

Beste alde batetik, flashen bidezko idazkera dugu; hots, atal laburren kateaketa, zeinetan irudiek garrantzi handia duten. Irudiek badute, batzuetan, metafora indartsuaren biribiltasuna; besteetan, gogoeta baten destilazioa dira; edo narrazioaren osotasuna laburbiltzeko ahalmena dute; edo surrealismoaren ñabardura preziosistak dituzte…

Egileak hainbat hizkuntz baliabide erabili ditu A-ren errealitate psikologikoan borborka ari diren gatazkak adierazteko. Iruditu zait sinonimo-zerrendek haluzinazioen itsasgoran hitz zehatza hautatzeko zailtasuna adierazten dutela; justaposizioak bat datozela pentsamen aldrebestuarekin; barne-monologoak ideien jario nahasia erakusten digu; eta errepikek, aldika-aldika testuan zipriztindurik, protagonistaren borondatea, aieruak eta sentipenak berresten dituztela desorientazioaren erdian.

Izan ere, zein da amildegia: eromena ala beldurra? Ala eromenarekiko beldurra?

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina