Alaine Agirreren “Odol mamituak” – Elkarrizketa

Alaine AgirreOdol mamituakHaur literaturan zenbait ipuin plazaratu ostean, helduentzako lehen liburuarekin dator Alaine Agirre (Bermeo, 1990): Odol mamituak, indar eta edertasun handiko eleberria, irakurlea inarrosteko gaitasuna duena.

Joan-etorriko bidaia bat kontatu duzu: emakume gazte baten gaixoaldi psikikoa, psikiatrikoan egonaldia eta ondorengo osatzea. Zergatik gai hori?

Gai ezkutu bat dela uste dut. Bai arazo sozialez bai intimoez lasai mintzatzen gara, gaixotasun baten xehetasunak ere kontatzen dizkiegu lagun eta ezagunei, baina gaitz mentalei dagokienez, isildu egiten gara. Eta hor daude, hala ere, lurperatuta. Jende asko da bere bizitzako aldiren batean halako gaitzen bat eduki duena. Adituek diotenez, hirutik batek eduki du, dauka edo garatuko du noizbait gaixotasun mental bat.

Bereziki gogorra gertatzen da eromen prozesua, infernura jaiste bat bezala; nahita bilatu duzu efektu hori? Errealitatearen isla da?

Nobelaren hasiera nik pasatako ilunaldi batean dago oinarrituta, eta kontatzen diren sentsazioak, lehen partean batez ere, nik bizi izandakoaren oihartzun bat dira. Gogortasuna ez dut nahita bilatu, baina egia da, esan didatenez, irakurle askori gordina iruditu zaiola. Hala ere, errealitatean horrelako esperientzia bat beti izango da gogorragoa paperean agertzen dena baino.

Gogortasun horrekin kontrastean, badira umore printzak han-hemen, baita samurtasun keinuak ere…

Aldez aurretik planeatu barik irten dit horrela. Protagonistak bere buruari barre egiteko gaitasuna du, baita kariñoa agertzeko ere. Hori beti da ona, eta gehiago horrelako egoera batean. Nik ere ikasi beharko nuke nobelako protagonistarengadik horrela jokatzen.

Intentsitate handia lortzen duzu, idazkeraren bitartez sentsazio fisiko eta emozional muturrekoak transmitituz.

Istorio hau horrela idatzi behar nuela sentitzen nuen, ez hotzean erabakita baizik eta intuizio hutsez. Ni hustu egin naiz idaztean, eta pozten naiz indar hori jasotzen baldin bada irakurtzean.

Aldi berean, edertasun estetiko handiko une gorenak eskaintzen dituzu.

Beti gustatu izan zait berbekin jolas egitea; haien musikaltasunaren arabera aukeratzea, berba bakoitzak zer kolore ekartzen didan burura… hitz bakoitzaren zentzuaz haratago niretzat daukan konnotazioa hartzen dut kontuan. Onerako zein txarrerako, behar bat da niretzat, obsesio bat ia.

Pertsonaia bat da nagusi kontaketan zehar, A, baina ez da bakarra, B-tik Z-ra beste hainbat agertzen baitira. Zer garrantzi daukate hauek?

Pertsonaia bakoitza mundu bat da. Nobela honetan, pertsonaia guztiak daude, momentu batean edo bestean, A-rekin ukipenean. Horregatik dira A-ren ekuazioko aldagai askeak. Eta, aldi berean, A beste aldagai guztiekiko menpekoa da. Istorioa konta zitekeen beste aldagai baten ikuspuntutik, baina nik A-ren ikuspuntutik kontatzea erabaki dut.

Diskurtsoaren jario indartsu horrek sujeritzen duen espontaneitatearen kontra, eraikuntza ondo pentsatua dauka eleberriak: pertsonaiak A-tik Z-ra, 100 pasarte guztira…

Beste obsesio bat.

Lehen pertsona, bigarrena eta hirugarrena ere tartekatzen dituzu narrazioan zehar. Sen hutsez? Helburu jakin batekin?

Hasieran intuizioz hasi nintzen bat edo beste aukeratzen, baina gero konturatu nintzen bazegoela logika bat: 2. pertsona erabili dut A errealitatearen mugetatik kanpo dagoenean; 1.a, gaixotasunak inbadituriko bere eguneroko bizitza kontatzeko; eta 3.a hortik irteten hasi deneko harremanak distantzia batetik kontatzeko.

Haur literaturan ezagutu zaitugu orain arte. Helduentzako liburu batekin zatoz orain. Batean bezain eroso zabiltza bestean? Geroko planak aurreratzerik?

Eroso inoiz ez, ez baitut sentitzen erraztasunez egiten dudan gauza bat denik. Baina haur literatura idazteak halako dibertimendu bat ekarri didan bezala, helduentzako nobela hau idazteak betetasun sentsazio bat eman dit. Geroko planez, geroak esango du.

Hitzaurrea Miren Agur Meabek egin dizu. Horretaz zerbait esan nahi?

Miresten dudan idazlea da Miren Agur Meabe; beraz, ohore handi bat da niretzat haren hitzaurrea eta oso eskertuta nago.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina