Felix Arrieta: “Gure ongizate sistemak ez du zaintzaren gaia inoiz erdigunean jarri”

Felix Arrieta (Irudia: Elkar)

Zaintzaren hariak. Oihal berri baterako bideak ehuntzen liburuarekin Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko graduko irakasle Felix Arrietak (Donostia, 1982) gakoak eman nahi izan ditu egun zaintza sistemak dituen gabeziak ikusten laguntzeko eta sistema osoago baterako urratsak nola egin daitezkeen iradokitzeko.

Zerk bultzatu zaitu lan hau egitera?
Nik beti eduki dut gizarte zerbitzuen sistemarekiko kezka, uste dut erronka zabalak dauzkala, hobetu beharreko aldeak, eta pandemiaren ondorenean uste dut, gainera, gai horren gaineko kezka zabaldu dugula esparru guztietara. Horretan ere onartu beharra dago mugimendu feministak egin duen eta egiten duen lana, eta uste dut momentu egokia dela eztabaida hori zabaltzeko bidean beste aletxo bat jartzeko.

Zein aldagaik erakusten dute ondoen egungo sistema ez dela aski sendoa?
Badago aldagai nagusi bat: gure ongizate sistemak ez du zaintzaren gaia inoiz erdigunean jarri. Zergatik? Urte askoan ongizate estatuaren eredua eraiki da gizon zuri langilearen ereduaren gainean. Emakumeak egiten zuen etxeko lana, zaintza lana, eta emakumeek lan mundurako pausoa egin dutenean egoera hori ez da aldatu. Horrek oso ageriko jarri du zaintzaren gaineko ez tabaida hori zabaldu beharra. Gainera, gurean orain ar te horretarako elementu nagusiak ematen zituen sistemak, gizarte zerbitzuenak, badauzka arazo egiturazkoak.

zaintzaren hariak - Felix ArrietaZein dira nabarmenenak?
Nik askotan aipatu izan ditut bi termino. Erkidegoan, baita Nafarroan ere, gizarte zerbitzuen arloan mataza handia daukagula esan izan dut, erreferentzialtasun falta izugarri bat; uste dut klabeetako bat hori dela. Gero sistemaren gobernantzan ere ez daukagu sistema bakar bat; osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen artean elkar ekintza handiagoak sortu behar dira, eta gobernantza eredua aldatu behar da gizarte zerbitzuetan sistema helduago bat izateko, osoagoa. Aurreko liburu batean artxipelagoa terminoa aipatu nuen, eta artxipelago hori desegin egin behar da: sistemari gorpuzkera bat eman behar zaio.

Liburuan zer kontatu nahi duzun ondo azaltze aldera, pertsonaia bat asmatu duzu; zaintza beharrean dagoen emakume bat…
Bai, Koro da. Koro nik ezagutzen ditudan hainbat pertsonaren batura da. Liburuan Koro Donostiako Gros auzoan bizi da, eta Kororengan ikusten dugu zer gertatzen zaion adineko pertsona bati zaurgarri izaten hasten denean, bere burua ahulago ikusten duenean… Haren kasuari begira ikusten dugu zer den berreraiki behar duguna.

Zein dira hor aurrera egiteko gakoak?
Nik hor bereiziko nituzke epe luzea eta epe ertaina. Epe luzera beste erakundetze bat behar dugu, eta uste dut eztabaida hori egiteko momentua dela. Horrek luze jo dezake. Epe motzera begira, ordea, toki mailak aukerak eman diezazkiguke beste modu batean artikulatzen hasteko arreta; hori egin daiteke osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen artean adostasunak lortuta eta erreferentzia bakarrak sortuta, azkenean ez dezagun pertsona mareatu; administrazioa jar dezagun pertsonen zerbitzura, eta ez alderantziz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina