Xabier Mendiguren: “Tortura giza duintasunaren aurkako ekintzarik itsusienetako bat da”

Liburuaren izenburua ezaguna egingo zaio askori: Joxe Arregik (Asteasu, 1951-Madril, 1981) presokideei esandakoa Carabanchelgo erizaindegian sartu zutenean, hainbat egunez poliziaren torturapean egon ondoren. Idazleak “Itziarren seme-alaba guztiei” eskaintzen die liburua.

Hamazazpi urte betetzeko zenituen Joxe Arregi torturengatik hil zenean Madrilen, 1981eko otsailaren 13an. Ze oroitzapen daukazu egun haietaz?

Denontzat adoleszentzia izaten da garai berezi bat eta jasotzen ditugun estimuluak barrurago sartzen zaizkiguna; horregatik tipikoa izaten da norberari gehien gustatzea gazte garaian entzun duen musika, edo ikusi dituen filmak edo irakurri dituen idazleak… eta nik uste politikan berdintsu gertatzen dela; egongo da jendea bereziki markatu zuena Etxebarrietaren heriotzak, Yoyesenak edo Burgosko Auziak… eta normalean kointziditzen du norberaren iratzartzearekin. 1981eko otsaila oso gogoan daukat gertakari indartsuz betea izan zelako. Juan Carlos Erregea Gernikara etorri eta HBko parlamentariek Eusko gudariak kantatuz hartu zuten. José María Ryan –Iberdueroko ingeniaria, Lemoizko obraren zuzendaria– ETAk bahitu eta hil egin zuen. Joxe Arregi atxilotu eta torturaz hil zen. Handik astebetera izan zen Tejeroren estatu-kolpe saiakera. Eta oso gutxira ETApm-k su-etena eman zuen.

Zu orduan institutuan ibiliko zinen, mobida izango zen…

Beasaingo institutuan nenbilen. Astelehen batean izan zen Ryanen bahiketaren kontrako greba, eta hurrengo astelehenean Arregirenagatik. Nik uste klaseko delegatua nintzela eta izan nuen eztabaida irakasleren batekin; gogoratzen naiz Arregiren kasuan  institutua itxita zegoela, ez zegoela klaserik. Eta nik esan nuen: oso ondo, baina ikasleok eduki beharko genuke eskubidea biltzeko eta honetaz hitz egiteko, erabaki bat hartzeko. Bazegoen niretzat orduan halako esnatze politikoa, kontzientzia hartze bat. Markatu egin ninduen, nik uste.

Joxe Arregiren kasuari heldu diozu haren hilotzari atera zizkioten argazki klandestinoen aferatik. Juan Kruz Unzurrunzaga galeristak eman zuen ekintza haren testigantza hil baino pare bat hilabete lehenago (Berria, 2016-05-25, Amagoia Gurrutxagaren erreportajea).

Unzurrunzagak kontatu zuen argazki horiek Zizurkilgo hilerrian gorpua hilobitik aterata egin zituztela berak eta Bixente Ameztoi pintoreak; egundokoa iruditu zitzaidan albistea. Garaitsu hartan ezagutu nuen Ameztoiren alarguna, Virginia Montenegro, Juan Kruzek esandakoarekin haserre zegoena. Aurtengo udaberrian Ameztoiren alaba topatu nuen eta bat-batean sentitu nuen horretaz idazteko bulkada. Mugitzen hasi nintzen, norekin hitz egin nezakeen begiratu… Nahiko azkar idatzi dut liburua, motibazioa lehendik nekarrelako.

Bi pertsonaia horiek jartzen dituzu dantzan, Unzurrunzaga eta Ameztoi; ohiko parametroetan sartzen ez ziren pertsonak.

Nik ez nituen ezagutu ez bat eta ez bestea. Liburu bat idazten duzunean lehenengo erabakitzen duzu: zertaz idatziko dut? Zer kontatuko dut eta zer ez; eta nola kontatuko dut. Sartu nahi dut, batetik torturan, eta bestetik hiru pertsonaia horietan: Unzurrunzaga, Ameztoi eta Joxe Arregi. Joan nintzen galdetzen ezagutu zituztenei, familiakoei, lagunei, eta joan nintzen osatzen armazoi bat haien bizitzekin eta gau horretan gertatu zirenekin. Liburuaren azpitituluak dauka halako sinbologia kristau bat: Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea. Hau da, hil zenetik hiru egunera atera zutela-eta, Kristoren sinbologia zetorkidalako. Baina bi gauza geratu zaizkit jakin gabe: gau horretan, atera zutenean Arregi eta berriz sartu zutenean hilobian, nor izan zen argazkilaria, eta mediku bat ere egon zen; ibili naiz arakatzen, baina ez dut informazioa atera ahal izan. Konturatu naiz ez naizela kazetaria, eta liburuaren funtsa ez da historia liburu bat, ezta periodistiko bat ere. Egiazko gertakariak dira, baina tratamendua literarioa da; nobelista baten moduan idatzi dut gehienbat.

Ez da, ordea, nobela poliziako bat, ezta torturari buruzko txosten bat ere. Kronika literarioa dela esan dezakegu?

Polita da definizioa. Nire burua batzuetan libre utzi dut nahita, halako edertasun literario bat bilatuz, baina beste batzuetan oso estu hartu dut. Adibidez, liburuan ez dago elkarrizketarik, ez zitzaidan ateratzen. Ez dut gehiegi imajinatu nahi izan zer gertatu zen, zer esan zion batak besteari, gehienez ere egin ditut suposizio batzuk pertsonaia zentralen profil psikologikoari buruz, eta gertakarien alderdi soziologikoaz, baina garbi esanda nire suposizioak direla edo nire eraikuntza mentalak. Gogoetak egiten ditut, adibidez, kale-baserriari buruz, edo Donostiako familia erdaldun frankista baina kulturadunei buruz, eta horiek euskararekin izango zuten harremanari buruz, edo geografikoki errekan behera joatearen eta gizartean gora joatearen arteko harremanei buruz.

Busti egiten zara.

Busti naiz, guztiz gainera, torturaren kontra eta hori posible egiten duen sistema guztiaren kontra: atxilotua isolatzea baimentzen duen legedia,  hori bultzatu duten politikoak, ezkutatu duten komunikabideak eta abar. Tortura giza duintasunaren aurkako ekintzarik itsusienetako bat da. Hortik aurrera ez ditut bereziki goratu nahi izan Joxe Arregiren ideiak, edo haren erakundea, ez da hori izan nire asmoa.

Tarteka zure aldartea azaltzen duzu, tortura presente dagoen neurrian.

Torturatu izan dituzten lagunak izan ditut, baina horretaz ez dugu hitz egin, zaila gertatzen zaidalako. Badago euskaldun klase bat samuraiaren etika bat bezala duena, ez kexatzearena. Esaten zuten Joxe Arregi ere ez zela kexatzen; hori diote ospitalean ikusi zutenek. Esperientzia izugarria izanda ere, hortik pasatakoek, edo lotsagatik edo espresatzea ez delako erraza, ez dute normalean kontatu izan.

Dena dela, bada gogorra horrelako gai bati heltzea.

Niretzat ez da izan sufrikario bat. Lana bai, noski: obra literario bat aspaldian egin gabe nengoen, eta hau diferentea izan da; horrelakorik sekula egin gabea nintzen, eta alde horretatik pozik nago. Baditut urteak –59–, liburu asko idatzi ditut, eta askoz gehiago ez dakit idatziko ditudan; esan liteke aldapan behera hasita nagoela aspaldi. Baina pozik nago, nire ustez zerbait ezberdina egin dudalako, eta irakurleak esan beharko du zenbateraino den baliokoa ala ez.

Carabanchelen zeuden hiru presok –tartean Iñaki Agirre eibartarra– Arregiren egoerari buruz emandako lekukotza ikaragarria da.

Izugarri indartsua da eta iruditu zitzaidan sartu behar nuela ezeren apaingarririk gabe. Euskaratzea besterik ez dut egin. Haiek izan ziren testiguak; Iñaki Agirrez gain, beste biak gailegoak ziren, bat Grapokoa eta bestea PCE(r)koa. Elkarrizketa batean Agirrek kontatu zuen gutuna nola atera zuten. Abisatu zien aitari eta arrebari egoteko kartzelaren aldameneko lursail batean; gutuna sartu zuten tenis pilota batean, preso sozial bati eman, hark tiragomaz jaurti, eta Agirreren arrebak eta aitak jaso zuten. Ostiral batean hil zen Joxe, eta igandean argitaratu zuen Eginek. Argazkiena izugarrizko ekintza izan bazen, gutuna bera ere bada inportantea.

Paralelismo antagonikoak egiten dituzu: Joxe Arregi eta Ryan.

Ryanena oso krudela izan zen. Ez nuen horretan zentratu nahi, baina horri ez ikusia ere ez nion egin nahi. Ez dago detaile askorik, gehiago da dakigun apurtxoa gogora ekartzea. Niretzat hilabete horrek markatu zuen gutxienez hamarkada bateko eskema mentala ezker abertzaleko jendearentzat. Borroka armatuaren historian zenbat ekintza egon daitezke esan ahal duzunak benetan emaitza positiboak lortu ditugu honi esker? Argi eta garbi positiboak oso gutxi izango dira, eta bat Lemoiz da, geldiarazi zelako benetan. Oso modu krudelean, ze hil zuten Ryan, gero Pascual, aurrekoaren ordez jarri zuten ingeniaria, eta tartean beste hainbat heriotza izan ziren, militante nahiz langileenak. Eta harrez geroztik Gobernuak esan zuen: honekin ez daukagu jarraitzerik, eta geldiarazi behar izan zuten. Garaipen bat izan zen. Baina garaipen hori espejismo moduko bat da, eta luzera tragedia bat, eskema berbera aplikatu baitzuen ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuenean.

ETA desegin zenetik gatazkari lotutako gaiak gutxiago aipatzen dira. Tabu bihurtu litezke? Eta hurrengo belaunaldiei transmititu ez? Autokritikarik ez alde batetik nahiz bestetik?

Arriskuak askotarikoak dira. Bat da jo eta pasa egitea, izan ez balitz bezala egitea. Beste alde batetik naturala da garai bateko gauzak ahaztuz joatea. Ez dakit zenbateraino gertatzen den ahanztura edo tabua edo ez ikusia egitea. Ze, beste alde batetik, badago zer gertatu zen nola kontatu, horren inguruko borroka bat, norgehiagoka. Espainolek asko azpimarratzen dute: egon ziren gaizto batzuk, eta sistema demokratiko bat, eta erakunde terrorista bat… hori kontatzen da Espainia mailan, liburuetan, pelikuletan. Igual batzuek hori sinetsiko dute, baina garaia ezagutu dutenak, buru pixka bat baldin badute, konturatuko dira ez dela horrela. Gaiztakeria ikaragarriak egin zituztela, eta ez bakarrik torturagatik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina