Josu Martinez: “Ihes egitea, nahi duzun tokira joatea da”

Josu MartinezTunelak, izarak, mozorroak eta bafleakErreportaje sorta zirraragarri bat egin du Josu Martinezek, etakideak parraide izan diren ihesaldi edo ihes-ahaleginak kontatuz, kronika periodistikoaren eta abenturetako eleberriaren teknikak uztartuz.

Kartzeletako ihesak txikitatik maite dituzula kontatu duzu lan honen sarreran. Baina noiz bururatu zitzaizun liburu honen ideia, eta nola joan zen burutazio hori forma hartzen?

Ihes egitea gauza ederra dela, esan beharrik ere ez dago. Denok egin dugu nonbaitetik ihes noizbait, ametsetan bada ere; hain justu, ihes egitea, nahi duzun tokira joatea delako. Liburu honi dagokionez, nik uste dut aspalditik izan dudala buruan ideia bueltaka. Norbaitek ihesaldi baten istorioa kontatzen zidan bakoitzean, “To! Hori liburu bat egiteko modukoa da!” pentsatzen nuen, baina gero, agian, “Barrura Begiratzeko Leihoak” filma egin genuenean hasi zen asmo hura forma hartzen. Dokumentazio lana egitean zenbait ihesaldi saiakeraren berri izan nuen eta momentu batean iruditu zitzaidan, haietako dozena bat kontatuta bilduma polita osatu zitekeela. Garaitsu horretan bidali nuen liburu-proiektua lehenengoz Tene Mujika bekara; eta hurrengo urtean jaso nuen saria.

Zuk zeuk esana duzu ez daudela hemen jaso zitezkeen istorio guztiak; hainbat arrazoi izango ziren tartean beste batzuk baztertzeko; alde batera uzteak pena berezia eman dizun kasurik bai?

Jakinik ere ezinezkoa zela, saiatu naiz, ihesen aukeraketa egiterakoan, zenbait irizpide errespetatzen; garai, adin, jatorri, sexu, militantzia, ihes-molde eta abarren arabera, ahalik eta bilduma anitzena egiteko. Bistan denez, ez dut ekuanimitaterik lortu, inposiblea zelako. Batzuei gustatuko zaie egin dudan hautaketa eta beste batzuei ez. Nik garbi daukat istorio polit piloa gelditu dela kanpoan; eta zuzenean galdetzen didazunez, esango dizut, badela bat bereziki pena handia eman didana kanpoan uztea. Idatzita neukan, argitaratzeko prest, baina protagonistari arazo judizialik sor ez zekion, azkenean ez argitaratzea erabaki genuen. Momentuz. Liburuaren bigarren edizio bat badago, agian hamar istorioren ordez, hamaika izango ditu liburuak.

Kazetaritzako eta narratibako hainbat teknika desberdin erabili dituzu istoriook idazteko; kontaiguzu horren zergatia, adibideren bat edo beste…

Ez naiz ni teoria zalea; istorioak eskatzen zidan tonua lortzen saiatu naiz aldi guztietan, eta horretarako, ba, modu egokiena zena aukeratu dut. Naturalki.

Kapitulu askotan, kontatzen den ihesaldia abentura bat da, baina horko protagonistengana iristea beste bat, ezta?

Bai. Ihesaldi (edo saiakera) baten berri daukazunetik protagonistarengana heldu eta hark bere bizipenak konpartitzea onartzen duen arte, bide luzea izaten da sarritan. Bereziki, harekiko kontaktua ez bada erraza (giltzapean dagoelako, desagertuta, edo dena delako arrazoiengatik). Horregatik, kasu batzuetan, istorioaren bilaketaren istorioa ere integratu dut kontakizunean; neure burua ere pertsonaia gisa sartuz; irrigarria egiten zitzaidalako prozesu guztia nola gertatu zen eta kasik detektibe Mortadelo bat bezala sentitzen nintzelako.

Nolakoa izan da ihesaldien protagonistekin kontaktuan jartzeko bidea? Eta haiekiko harremana? Pasadizoren bat kontatzeko?

Harreman goxoa izan dut protagonistekin beti. Saiatu naiz konfiantza transmititzen eta haien bizipenak ahalik eta errespetu handienarekin tratatzen, eta horregatik, testuen zirriborroak erakutsi dizkiet, zuzenketak egiteko aukera emanez eta. Azken finean, norbere bizitzaren parte oso pertsonal bat kontatzera zoaz, eta inportantea da haiek gustura sentitzea emaitzarekin. Bide horretan, anekdota asko gertatu dira, noski, baina kontatzeko nituenak, liburuan agertzen dira.

Berezia da liburuari eman diozun tonu alai, jostaria; kartzela barruko bizi-baldintza gogorrekin kontrastea egiten duena.

Eskerrik asko. Esan bezala, gaiak eskatzen zidan bezala egin dut. Hala ere, lagun artean gaudenez aitortuko dizut, nire ustez ez dudala balio drama idazteko.

Zuk zinema ere egin duzu: ez zaizu burutik pasa ihesaldi hauetako bat edo besterekin dokumental bat edo fikziozko film bat egiteko aukera?

Bai, askotan. Istorio gehienekin, pelikula ederrak egin litezke. Baina ez ditut nik egingo. Burua beste gauza batzuetan daukat honezkero, eta gaiz aldatzeko gogoa daukat.

Badirudi ihes-ahalegin gehiago izaten zela orain 40 urte orain baino; espetxezaintzaren teknologiak hainbeste aurreratu du?

Ba arrazoi daukazu, eta agian beste liburu bat idatzi beharko litzateke gai horretaz. Zergatik urritu dira hainbeste ihesaldi saiakerak? Segur aski, urritu direnak ihesak dira, ez saiakerak. Izan ere, ez dut uste presoen ihes egiteko gogoa apalduko zenik. Kartzeletako seguritatea eta teknologia asko aurreratu dela pentsatzera zaramatza logikak… Baina tira, norbaitek esan zidan bezala, sistema perfektuenean ere badago zirrikituren bat. Beti.

Gonbidatu berezi bat ere izan duzu; zertaz da liburuaren epilogoa?

Bai. Plazer handia hartu nuen Joseba Sarrionandiak libururako epilogoa idatziko zidala jakin nuenean. Esan zidan, liburuko tonu umoretsua asko gustatu zitzaiola, eta tonu berdineko zerbait idazten saiatuko zela. Baina gero, beste zerbait idatzi du; askoz sakonagoa. Badakizu. Berak esango lukeen moduan, txoriengandik zuk zerbait espero duzu… “Baina txoriak zuregandik, beti ihes doaz”. Bromak alde batera utzita, oso pozik nago epilogoarekin, eta uste dut oso ondo borobiltzen duela liburua.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina