Patxi Zubizarreta: “Bertan goxo geratu gabe, mugak hausteko beharra nuen”

Patxi Zubizarreta50Bi liburu dakartza udazken honetan Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964), 50 nobela Txalapartarekin, eta 10 urtetik gorako haurrei zuzenduriko Mundua baloi batean Elkarrekin,  Mikel Zarate sariaren irabazlea.

50 eleberrian hiru adiskide Panticosara doaz errezitaldi bat eskaintzera. Farandula, elkarrizketa mamitsuak, sekretuak… dena in crescendo doan larritasun ahaire batek inguratua. Zergatik larritasun hori?

David Foster Wallacen ustez, narratibaren helburu nagusienetakoa bakardadea, itxitasuna, heriotza bezalako sentimenduak areagotzea da, axaleko garaiotan gai horiei aurre eginda baino ez baitugu konponbidea topatuko. Larritasuna, bai, existentziala, adinak, gabeziek eta heriotzek areagotua; eta soziala, munduaren, herri honen egoerak eraginda. Artearen gainbeherak ere pizten dit egonezin hori; baina konponbide faltan, agian, kontsolamendua eskain diezaguke.

Adiskidetasuna ardatz, hainbat ataletan intentsitate handiko road movie baten antza du liburuak. Ezkutatzen diren eta behiala azaltzen diren sekretuen biltoki al da adiskidetasuna?

Bidaiek —distantziak—, toki itxiek —furgoneta, sauna, bainuetxeko giroa—, aukera aparta eskaintzen digute geure buruarekin egoteko eta kontu-isilka aritzeko. Gaueko irratsaioetan bezala, bat-batean borborka hasten zara, barrena askatzen, eta solaskide duzuna, betiko adiskidea izan arren, erabat harritzen duzu. Adiskidetasuna gainbaloratua dagoen, ezusteko konpromisoetara eraman gaitzakeen, horri erantzuteko ehundaka orrialde behar izan ditut…

Liburuak, Mintxoren irudiez gain, disko bat dakar. Joserra Senperena, Maddi Oihenart, Antton Valverde, Rafa Berrio eta Oihane Igerabidek zure hainbat idatzi musikatu dituzte. Beste arte espresio batzuk, literatura hobeto eskaintzeko?

Liburua korala da, bai planteamendu narratiboan, bai kreatiboan. Irakurlea hobeto seduzitu daiteke diziplina desberdinak batuz —teknikoki erraza da gaur egun—, kodeak anitzagotuz, ulermen mailak fusionatzeak irakurketa aberasten duelakoan nago.

Jaioterriko erreferentzia ugariak mundu klasikokoekin aberasten dituzu. Zeure abilezia da Joxe Arratibel eta Xerezade aurrez aurre jartzea, zer bilatzeko?

50 izenburuak adina adierazten du, baina araua ere bai, bide seinale horrexen muga. Bertan goxo geratu gabe, mugak hausteko beharra nuen: musika, pintura, baina literaturan ere idatzia eta ahozkoa, funtsean bat diren hemengoa eta ekialdekoa, Arratibelen beldur, bakardade eta heriotzak Xerazaderen sentsualtasunarekin (bertan bizi dugun erdal mundura ere leiho bat zabaldu nahi izan dut).

Errezitaldi baten intrahistoria kontatzen du nobelak, eta era berean, errezitaldi baten ernamuina dirudi…

Nobelak jasotzen duen errezitaldia —Baso bat opari— Txus Aranburu musikariak eta biok Arenas de San Pedron eskaini genuen, eta aparta gertatu zen. Gizakion bilakaerari buruzko hausnarketa pausatua da, naturaz, arteaz… Orain Joserraren musikarekin, Mintxoren marrazkiekin, formatu txikian berritu eta aberastu nahi nuke.

Eta Mundua baloi batean liburuan, zerk eraman zaitu futbola idazgai hartzera?

Futbola diozu, eta nik batere maite ez, baina berriro ere lehia, protagonismoa, obsesioak lantzeko baliatu dut, halako kritika kutsuarekin… Eta, hala ere, zeinek eta Lezamako Udalak saritu zuen! Sari bikoitza oraingoan, marrazkiak Elena Odriozolak egin baititu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina