Patxi Iturregi: “Ipuinaren izaeraren beraren kontrakoa da epikotasuna”

Patxi Iturregi (Laudio, 1952) gure ipuingintzako maisuetako bat da, orain hogeitaka urte Haize kontra itsas giroko ipuin liburua argitaratu zuenez geroztik. Beste zenbait ipuin bilduma eta hamarkada luze bateko isilaldiaren ondotik, itsasoko istorioetara itzuli da, orain dela 100 urteko Bilbo eta orduko giroa erretratatzen dituen liburu eder batekin: Ur biren artean.

Hamar urte baino gehiago igaro dira azken liburu argitaratu zenuenetik. Idazten egon zara bitartean? Eta zerk bultzatu zaitu itzultzera?

Oraindik mingarria da niretzat galdera horri erantzun beharra. Duela hamar bat urte depresio handi bat jasan nuen, ezin bainituen uztartu nire lanbidea eta zaletasuna. Hortaz, une batean idazteari utzi nion eta, ez hori bakarrik, liburu-denda batean sartzen banintzen ere, sekulako tristura sortzen zitzaidan, eta askotan erdi negarrez atera behar izaten nuen kanpora. Gero, astiro-astiro baretuz joan zen ukazio-sentimendu hori eta berriro hasi nintzen irakurtzen, liburuez gozatzen, eta, zorionez, barneko zauri hori berez bezala sendatu da. Orain, erretiroa hartu ondoren denbora libre gehiago dudanez gero, berriro ekin diot idazteari. Bitxia bada ere, dena izan da denbora kontu bat, besterik ez. Makalaldi luze hartan, zer edo zer idatzi nuen, zertan ukatu: laneko txostenak, eskualdeko komunikabideetarako artikuluak, zutaberen bat…, baina ez benetako literaturarik. 

(Irakurri +)