Udaberrian, Jokin Mitxelena idazleak gaztetxoentzako Puka, erleak eta traktorea ipuina kaleratu zuen. Ilustratzaile ezaguna, lehen aldiz, idazlearen paperean jarri da.
Jokin Mitxelena ilustratzaile bezala da ezaguna. Nolatan orain idazle-lanetan?
Lehendik ere badauzkat neronek idatzita ipuintxo batzuk. Baina, bai, azken honen lan-bolumena niretzat ia-ia monumentala dela kontuan izanik, esan daiteke lehena dela.
Banuen istorio bat eta neska-mutil kozkorrei ondo iritsiko zitzaiela iruditzen zitzaidan. Eta lanari heldu nion.
Emozioak ukitzeko elementu asko dauzka: laguntasuna, haserre pixka bat, arriskua, normaletik ateratzea, katastrofea eta zorte ona.
Beraz, hor zegoen behar nuen guztia; hastea besterik ez nuen behar!
Benetan gertatutako bizipen batean oinarritua sortu duzu ipuina, ezta?
Ipuinean kontatzen den bezalako familia bilkura bat egiten dugu urtero Arabako herrixka batean, eta, orain dela bi urte, garai eta paraje berdinean, benetan gertatu zitzaigun antzeko zerbait! (Irakurri +)
Iaz Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, Adarra saria sortu zuen euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko. Lehen edizioan, 2014an, saria Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Aurten, berriz, Ruper Ordorikari ematea erabaki du aholkularitza batzordeak, aho batez.
José Antonio Echeniquek, Jon Eskisabelek eta Agurtzane Aizpuruk osatutako aholkularitza batzordeak arrazoi hauek hartu ditu kontutan, besteak beste: “Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ruperrek, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Ruperrek jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez.” (Irakurri +)
Igartza bekaren edizio berri bat dagoeneko abian da. Atzo, goizean Donostiako elkar aretoan eta arratsaldean Igartza Jauregian aurkeztu zen iazko irabazlea izan zen Mikel Ayllonen lana: Ez tiro egin anbulantziei.
Hauxek dira edizio berri honetako oinarriak:
Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XVIII. IGARTZA LITERATURA SORKUNTZAKO BEKA sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako narratiban liburu bat baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2015-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu. (Irakurri +)