Uxue Alberdi: “Emakumeon gorputzak gorputz subordinatuak dira zalantzarik gabe, objektualizatuak eta menostuak”

Euli giroUxue AlberdiEmakumearen gorputza, gaixotasuna, heriotza, bizitza, sexua… guzti hauek aurkituko ditugu Uxue Alberdik Susa argitaletxearen eskutik dakarkigun liburu berrian: Euli-Giro. Emakumea du protagonista nagusi, elgoibartarrak helduentzat sortu duen errelato bilduma berriak.

Badirudi eroso sentitzen zarela ipuin/errelato labur formatuan. Aulki bat elurretanAulki jokoa -nobela izanik istoiro laburrak biltzen dituena-, eta orain hau.

Hala da, genero erakargarria zait ipuinena, bai idazle bai irakurle moduan. Ez naiz jario handiko idazlea, eta istorio handietan galdu egiten naiz. Xehetasunei erreparatzen, pertsonaien psikologian sakontzen eta zehaztasuna bilatzen saiatu naiz ipuinotan.

Bai, karga psikologiko handia aurkitzen dugu errelatoetan. Oso adin eta nortasun ezberdinetako emakumeak aurkitzen ditugu (Begoña nerabea, Sara elbarritua, hilzorian dagoen amona, zakur bihurtzen den ama….). Non bilatu duzu inspirazioa?

Neure emozioetatik abiatu naiz, eta inguruko emakumeen gorputzetan, gorpuzkeretan eta gorputzaldietan jarri dut arreta. Hortik eraiki ditut istorioak, errealistak batzuk eta ukitu surrealista duten beste zenbait. Hainbat gai jorratzen dira ipuinetan: sexualitatearen iratzartzea, gorputzen arteko botere-harremanak eta subordinazioa, desagertzearen beldurra, zaintza, amatasuna…

Atentzioa eman dit eulien inbasioaren metaforak. Nondik sortu da irudi hori? Ze esanahi eman nahi izan diozu?

Ipuinetako batean bilaketa obsesibo bat narratzen da, eta euliak obsesio horrek eragiten duen itolarria, ezintasuna, nazka islatzen dute. Euliak lainoa dira, bestaldean dagoena ezkutatzen duen beldurra.

Zakur bihurtzen den amaren errelatoa zeharo kafkianoa egin zait. Bakoitzak bere interpretazioa egin beharko du. Zein da zeurea?

“Ama independizatu zait”, esan zidan behin lagun batek; “aita galdu eta seme bat irabazi dut”, beste batek. Familiaren barruan nork nor zaintzen duen, dependentzia horiek ze emozio eragiten dizkiguten, gertukoen gaisotasunaren, zahartzaroaren, gorputzen endekatzearen aurrean nola kokatzen garen… Gai interesgarriak iruditzen zaizkit. Badaude hierarkia naturalaren barruan onartzen ditugun dependentzia eta eskuzabaltasun jarrera batzuk, baina hierarkiek buelta ematen dutenean sortzen den gatazka islatu nahi izan dut.

“Emakume izatearen gauzarik zailena edozertan neurri egokia zein den asmatu beharra iruditu izan zait beti” irakur dezakegu “Preludioa” errelatuan. Hala pentsatzen duzu?

Emakumeok, batez ere, bi gauzatarako hezten gaituzte: seduzitzeko eta atseginak izateko. Egokitasuna oso gai mamitsua da, norma eta normatik kanpo dagoena bereizten baititu. “Preludioa” errelatoko protagonista nagusiak inhibizio gaitasuna galdu du iktus baten ondorioz, eta bere desegokitasunak agerian uzten du gainerakoen kortsea. Elbarritasunak hainbat dependentziatatik askatu du protagonista, ederra izandako emakumea herrena eta desinhibitua da orain. Arrakasta deitzen dugun tranpari buruzko narrazioa da, besteak beste.

Ezin da ukatu zure begirada edo konzientzia  feminista ipuinotan. Asko esan eta idatzi da emakumearen liberazioaz, baina sexuan oraindik ere gizonen nagusitasuna nabaria dela adierazten duzu.

Emakumeon gorputzak gorputz subordinatuak dira zalantzarik gabe, objektualizatuak eta menostuak. San Ferminetako txupinazoko argazkiei begira itolarria sentitu nuen emakumeen gorputzen gainean gizonezkoen hamaika esku ikusita. Esku horiek hor daude beti. Askok eskuak ikusi ere ez ditu egiten…

Pertsonaiak lantzeaz gain, lekuen deskribapen zehatza egiten duzu, xehetasun asko emanez. Baserria, Donostiako pisu dotorea…

Deskribatu ditudan espazio gehienak ondo ezagutzen ditut, egona naiz etxe horietan. Atmosfera batzuek ukitu fantastikoa duten arren oso ipuin lurtarrak dira, sinesgarritasunarekin eta hizkuntzaren zehaztasunarekin obsesionatuta ibili naiz.

Zein esango zenuke dela ipuinen arteko lotura?

Hor daude emakumeen gorputzak, hor dago mehatxuzko atmosfera halako bat, eta hor daude etxeak. Ia ipuin guztiak etxe barruetan kokatzen dira. Emakumeen gorputzen bilduki modukoa izan diren etxeetan. “Etxea lehertzen ez den karratua da”, irakurri nion behin poeta bati. Babesleku behar luke, baina errealitateak kontrakoa erakusten du sarri.

Zer pentsa arazten dizu euskal literaturako talentu berrietako bat zarela entzuteak?

Hasiberritzat dut neure burua, eta argi daukat ipuinak ez direla talentuarekin idazten, lanarekin baizik. Ados nago eskuarekin ez, ipurdiarekin idazten dela esan zuenarekin. Ipuin bakoitzarekin ahalik estuen konprometitzea da nire lana, nire onena ematea… Orduak sartzea, azken finean.

Zure burua nobelagiletzat hartzen ez duzula esan izan duzu…Nola definituko zenuke?

Nobela bakarra idatzi dut, eta labur-laburra. Istorioak kontatzen ditudala esango nuke, umetatik sentitu dut idatziz kontatzeko beharra. Azken bi urteotan ipuinak idatzi ditut batez ere. Aurrerantzean zer idatziko dudan ez dakit, kontatzen jarraituko dudala baino ez.

Emakume polifazetikoa zaitugu. Bertsolaria, idazlea, itzultzailea, irrati esataria, taula gainean ere ikusi zaitugu kantuan….Non sentitzen zara erosoen?

Kazetari lanak utzita dauzkat. Aste barruan idatzi egiten dut eta asteburuetan kantatu. Bertsoa eta literatura elkarri kontrapisua egiten dioten jardun gisa bizi ditut, elkar orekatzen dute. Oreka horretan bizi naiz azken zazpi urteotan, eta oraingoz horrela jarraituko dudalakoan nago.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

1 Comment

  1. Pingback: UXUE ALBERDI, EULI-GIRO IPUIN BILDUMA | Maxixatzen

Utzi zure Iruzkina