Kattalin Miner XVIII. Igartza Sariaren irabazlea

kattalin_miner Igartza Saria irabazi berri du Kattalin Minerrek (Hernani, 1988) “Kafe beteak” nobela proiektuarekin, erabaki behar eta ezinean kateatuta sentitzen den emakume bati buruzko historia.

Ezaguna zara komunikabideetako kolaborazioetatik, aktibismo feministatik… Nondik eta noiztik datorkizu literaturarekiko lilura, harremana?

Esan ohi den gisan, “betidanik” irakurri izan dut asko, baina egia esan kazetaritzako 3. mailan Iratxe Retolazaren ikasgaian hasi zen harekiko pasioa, ikerketarakoa, analizatzekoa. Karrera amaituta, Literatura Konparatuko masterra egin nuen, beraz bai, azken urteetan asko irakurri ez ezik irakurketak egiten aritu naiz. Idatzi ere beti idatzi izan dut, baina ez hainbeste nobela formatuari begira.

Nobela baten proiektuarekin irabazi duzu Igartza saria. Genero horretara zuzenean jo duzu, ala lehendik eginak dituzu ahaleginak ipuinekin edo poesiarekin?

Ipuinekin ez, beti pentsatu izan dut imajinazio handia behar dela amaiera on eta moralejak asmatzeko, eta tamalez ez da nire fuertea. Poesia bai, poesia beti idatzi izan dut, eta tentaldi bati edo besteri ere eutsi izan diot publikatzera animatzerako orduan. Nobela moduan pentsatzen jarri naizen lehen aldia da hau, eta beti errespetua eman izan badit ere, nahiko genero logikoa egin zait, ez uste nuen bezain zaila. Gero ikusi beharko…

Andre gazte bat da zure nobelako protagonista, Jezabel, emakume arrakastatsua alde batetik baina zalantzak ere badituena. Indartsu/ahul dikotomia hori ote da gure jendartearen ezaugarrietakoa?

Gure jendartea oro har dikotomiek osatzen dute. Aipatu horrek, baita zuria/beltza, emakume/gizon, normala/anormala, zuzena/okerra… Dikotomiek A edo Bn kokatzera garamatzate sarri, edota horien artean aukeratzera, eta bestalde, gure pertsonaren hainbat aspektu polarizatu edo ezkutatzera; eta hori bera nahikoa eskizoidea da. Izan ere, hain indartsu, zuzen, emakume, normal deritzogun horrek, beste alde oker, baldar, ahul, ez hain emakume… dituela sentitzen duenean, non kokatzen gara? Izan al gaitezke hain normal eta anormal aldi berean? Hain emakume eta gizon? Hain ahul eta indartsu? Eta hori bada gure jendartearen ezaugarrietako bat: dirudigun, izan behar genukeen eta garenaren arteko talka internoa.

Ziniko agertzen da Jezabel, baina berak ere badu samurtasun beharra, ezta?

Ziniko izateak berez ez luke samurtasun faltarik iradoki behar, baina Jezaren kasuan hala da. Baditu normalitate eta arrakastaren bidean elikatzea ahaztu dituen hainbat bizitzako aspektu. Hala ere, ez dakit Jezabelek samurtasuna bilatzen duen, barru-barruan agian bai, baina azaleko krisia beste bat da, erabakiek eta erabakiak hartu beharrak sortzen diotena hain zuzen.

Azkenaldiko gure literaturak harreman pertsonalak jorratzen dituela eta ez sozialak esan izan da; zure proiektuan, aldiz, suma daiteke pertsonala politikoa dela, eta alderantziz.

Besteak beste, feminismoari hala ikasi diodalako, harreman pertsonalak oso politikoak direla uste dut, beste gauza bat da gure literaturak nola erretratatzen dituen. Egia da, nire kasuan adierazi nahi dudala protagonistari pasatzen zaizkionak ez direla kasualak, ez direla “bere kontuak”, baizik eta inguruko, jendarteko normalitate horrek zuzenean eragiten dizkionak. Agian garrantzitsuena ez da Jezabeli gertatzen zaiona, gertatzen zaion hori guztia inguratzen duena baino.

Zure artikuluetan ere lantzen dituzun hainbat gai ukitzen dira nobelan zehar: familia eredua, bikotea, homo/heterosexualitatea… Ze desberdintasun dago iritzi artikulu batetik narratiba lan batera?

Buf, sekulakoa. Iritzi artikuluetan diskurtsoa egiten dugu (edo dut behintzat), agian batzuetan poetikoago, literarioago, baina diskurtsiboki antolatuta, azken finean. Literaturan, fikzio horretan sartuta, hainbat gai jorratu arren, ezin duzu nahi zenukeen hori modu berean esan, une batean pertsonaiak agintzen baitu, kontraesanak baititu, ezin diozulako pertsonaiari atxiki une batean Kattalinek esango lukeena, ez baitu norberarekin zerikusirik. Gai batzuk jorratu arren, eta atzean horiek lantzeko gogo bat izan arren, akzioari lotuta doaz, beraz egitura eta intentzioa guztiz bestelako plano batera pasatzen dira. Beraz, gai batzuk lantzeak ez du esan nahi ideologikoki sinisten duzun horren alde edo aurka kokatuko zarenik nobelan.

Eta orain? Lanari heltzeko ilusioz, arduraz, beldurrez…?

Egia esan oso gogotsu, nobela izango denaren egitura buruan baitut jada, beraz hori dena bota eta horren gainean lantzeko gogoz. Ardura ere, ez dut ukatuko, sekulakoa da, baina espektatiben jokotik aldendu eta buruan nuen ideia hori garatzen saiatuko naiz. Beldurrik ez, aspaldi ikasi genuen ezer gutxirako balio digula horrek.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina