Mariasun Landa: “Bada gure desirak ez betetzea baino zerbait okerragoa: desiatzeari uztea”

Mariasun LandaMaitagarria eta desioaMariasun Landa idazleak bere literatur ibilbidean helduentzako zein haurrentzako idatzi izan du. Oraingo honetan, aldiz, gaztetxoei zein nagusiei zuzendutako ipuin batekin datorkigu: Maitagarria eta desioa.

Mariasun Landari nola sortzen zaizkio ipuin berriak idazteko ideiak?

Narrazio bakoitzak bere sorrera eta ibilbide berezia ditu. Kasu honetan, Maitagarria eta desioa narrazio labur bat izan zen lehenik eta behin, eskaera zehatz bati erantzuteko egina. Baina gaiak eskatzen zidan gehiago lantzea, aurrera joatea, eta hona hemen emaitza. Orain lasai nago.

Zein izan da idatzi hau egitera eraman zaituen ideia?

Bat baino gehiago, baina, agian, desioaren gaia izan da nagusiena. Gilles Deleuze-k zioen bezala, “bada gure desirak ez betetzea baino zerbait okerragoa:  desiatzeari uztea”. Eta  are gehiago: desio bat aukeratzeak hainbait eta hainbat baztertzen ditu, ezta? Oraingoak eta gerokoak.

Lan hau ipuin luze bat edo eleberri motz bat dela esango zenuke?

Ez dakit. Lehen bertsioa ipuin labur-laburra bazen, oraingo honetan, ez dakit eleberri izatera heldu den ala ez, ez diot horri konturik egin eta, gainera, ez dit axola. Argumentoa luzatu eta garatu zitekeen, Ezbai pertsonaiaren bizitzan, geure bizitza errealean bezala, milaka aukera aurkitu baitzitezkeen desio bat bete ahal izateko. Baina, narrazioak tentsio bat, erritmo bat, elipsiak eskatzen zizkidan, gaia ez zedila galdu anekdotetan zehar.

Irakurketa bat baino gehiago ditu ipuin honek. Haur eta gazteez gain, helduei zuzenduta ere badagoela esan daiteke.

Bai, noski. Auden poetaren hitzetan, haurrentzako liburu on bat inoiz ez da soilik haurrentzako liburu bat. Maitagarria eta desioa ere irakurketa ezberdinak dituela uste dut, irakurlearen gaitasun literarioaren  araberakoak. Batetik,  narrazioak kutsu alegorikoa du; bestetik, argumentoari eta beste baliabideei begira, haur eta gazte literaturan ohikoak diren ezaugarriak aurki daitezkeela iruditzen zait: fantasia, umorea, abentura…

Egunerokotasuneko kezkak / arazoak, errealitatea fikzioarekin nahastu dituzu. Nolatan?

Beno,  nire kasuan askotan eman den nahasketa da. Narrazioa idazten nuen heinean ezin nuen ahantzi inguruan azaltzen ari zen giza errealitate gordina, narrazioa bukatuta ere garatzen joan dena: krisia, desilusioa, ziurgabetasuna… Dagoeneko gazteak ere oso ohituta egongo dira hiztegi horretara, zoritxarrez.

Ezbai da pertsonaia nagusia. Nolakoa da?

Nire ustez, Ezbairen istorioa nolabaiteko “Bildungsroman” bat da, pertsonaia baten garapen fisiko, moral eta etikorako eta formakuntza bidaia baterako narrazioa. Haurtzarotik zahartzarora arte. Hasiera-hasieratik, pertsona berezia da Ezbai, sorgin kutsua eta ahalmen batzuk ditu: maitagarri bati laguntzeaz gain, maitagarri hori bizitza osoan bere zain egotea lortzen du, eta ez da gutxi. Bestalde, neska, emakume arrunta ere bada, noski.

Zalantza egiten dut, baina esango nuke euskal literaturan ez dela maitagarri askorik agertzen. Zergatik maitagarri bat?

Bai, ni behintzat, orain arte, sorginek gehiago erakarri naute maitagarriek baino. Baina sorginak hilkorrak dira eta maitagarriak ez. Ederrak, onak eta ahalguztidunak dira ipuinetan… Niri, ordea, denborarekin duten harremana da ipuin honetan gehien interesatu zaidana. Eternitate sentsazioa lelo batez errepikatzen da tarteka ipuinean: Maitagarri-segundo bat orduak izan daitezke guretzat, asteak txolarrearentzat, hilabeteak antxoarentzat eta urteak inurrientzat”. Agian horregatik, istorioko maitagarriak malenkonia istant bat du, ahulezi une bat… Eta hor kokatzen da, hain zuzen, istorioaren hasiera.

Ezbai eta maitagarriaren arteko harremana estua da, hortik irakaspen edo moraleja bat atera daiteke, ezta?

Irakaspen hitza ez zait atsegina egiten, moraleja are gutxiago. Aurrekoarekin lotuz, Ezbai berezia eta erdi sorgina bada ere, hilkorra da, badaki desioa eskatzeko epe bat duela. Maitagarria, berriz, zain dago… Denborak ez dio axola, horregatik narrazioaren bukaeran bien denborak elkartzen dira, baina hobe amaiera gehiegi ez argitzea, ezta?

Laburbiltzen jakingo zenuke liburu honen ideia nagusia?

Desioaren gaia, badela gure desirak ez betetzea baino zerbait okerragoa:  desiatzeari uztea. Baita fantasia eta errealitatea uztartuz gaurko zenbait gai aipatzea, eta amandre ipuin ezberdin bat idaztea, noski!

Oraingoan ere, Maite Gurrutxagak egin ditu ilustrazioak?

Nik beti pentsatu eta esan dut ilustratzailea izan ohi dela narrazioaren lehen irakurketa egiten duena, eta errespeto handia zor zaiola. Gerta daiteke bat ez etortzea idazleak buruan zeukan irudiararekin baina horrexegatik da, hain zuzen, hain interesgarria eta aberasgarria ilustratzailaren eginbeharra.  Oso kontent nago egin duen lanarekin.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina