Joan Mari Irigoien: “Orbetarrak trilogia idaztea sekulako ahalegina izan da”
“Nor bere bidean” argitaratuta, amaitu da “Orbetarrak”liburu-sorta. Zein dira une honetan zure sentsazioak?
Arintasuna eta liberazioa, Himalaiarantz abiatu den mendizaleak senti ditzakeenaren antzekoak, K-2a edo Annapurna igota gero. Ez dut esan nahi nire obra, literarioki, Himalaiako mendi eder horien parean jartzeko modukoa denik, baina bai, lanari dagokionez, sekulako ahalegina izan dela.
Labur definitzekotan, nola azalduko zenuke lehen liburukia, “Bestea da mundua”?
Zati hori gurasoen munduari lotua dago: beren ametsak eta helburuak eskuratzeko zer oztopoak aurkitzen dituzten Nazariok eta Regi–nak, nor bere alorrean: Nazario “bere” fabrika eraikitzeko bidean eta Reginagoiko klase sozialera igarotzeko. Alboko istorio batzuk ere azaltzen ditut, liburuaren egitura zabaltzen dutenak, halako sare bat osatu arte, ipuin bilduma bat balitz bezala. Horrez gain, euskararen tratamendua azpimarratuko nuke: nobela honek, pertsonaien introspekziora eraman nauenak, euskara jaso bat eskatzen zidan, eta horretan saiatu naiz… baina irakurleak du azken hitza.
Eta bigarrena, Haragiaren gauak eta egunak?
Egiturari dagokionez, lehen zatia baino bilduagoada. Pertsonaiek familia bat osatzen dute, espazio berean eta erlojuaren denbora berean bizi dena, gero familiako partaide bakoitzak bere bideari ekingo badio ere. Trilogia hau zuhaitz batekin konparatzen dut: lehenengo zatian kontatzen diren istorioek sustraiak osatuko lituzkete, bigarren zatia enborra litzateke eta hirugarrena hostaila eta hostailaren itzala. “Enbor” itxurako honetan, gurasoen eta seme-alaben joan-etorriak eta beren arteko harremanak kontatzen dira.
Orain hirugarrena kaleratu duzu. Sentitu alduzu, hainbat irakurle honen zain eta eskean dituzula edo?
Zorionez, bai, irakurle batzuk halaxe etorri zaizkit-eta, bi lehen aleak irakurriak dituztela eta ea noiz aterako den hirugarrena. Horien artean badago irakurle emakumezko gazte bat, Igeldokoa, aurten hil dena eta ezin irakurriko duena. Edo agian bai, hain zen irakurle leiala…
Liburu honen lehen berezitasuna generoarena da. Zergatik nobela epistolar bat?
Halaxe atera zitzaidan. Damaso eta Gabino protagonistak hasiera beretik lehen pertsonan jarri nituen, nor bere baratzeaz mintzatzen zirela. Esperimentuak ondo funtzionatzen zuela iruditu zitzaidan. Gainera, beste bi liburukiak hirugarren pertsonan kontatuak zeuden nagusiki, eta zergatik ez hirugarrenean ikuspuntua aldatu?
Edukia eta forma guztiz loturik daude kasu honetan. Jainkoaren auziaz jardun nahi zenuen, ikuspegi bitatik. Gustura aritu al zara argumentuak kontrajartzen?
Nik neure ideiak ditut, baina bi protagonistekin ahalik eta zintzoen jokatzen ahalegindu naiz. Ni sinestun bezala agertu izan naiz, oso era poetiko bezain heterodoxoan sinesten badut ere. Alde horretatik, Gabinorekin adosago egon naiteke (frantziskotarra da) Damasorekin (ateoa dagoitik behera) baino; baina ni ere Damaso batek bizi nau (poeta izan naiteke, bai, baina zientzietako karrera bat ere egin nuen, arrazoia erabiltzera naramana), eta ni bizi nauen Damaso hori ere agertzen saiatu naiz: ez, ordea, Damaso kaxkar bat, Damasorik zorrotzena baizik.
Hemendik aurrera, beste proiekturen bat duzu esku artean?
Baditut, alde batetik, bizpahiru zirri–borro bukatu nahiko nituzkeenak; bestetik, buruan dabilkit beste proiektu bat armen negozioei lotua…Poema liburu bat ere badabilkit bueltaka… Ikusiko dugu.