Arantxa Urretabizkaia: «Jendeak bizi nahi du, baina zahartu gabe»

zahartzaroaren maparen bila - Arantza UrretabizkaiaAldez aurretik ere erne begiratua zion zahartzaroari Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), kritiko, eta urteotako nobeletan ere bistaratu izan du hari buruzko gogoetarik. Orain, ordea, diferente aritu da, ideiok «fikzioz mozorrotu gabe». Zahartzaroaren maparen bila saiakera eman du, Pamielarekin.  

Irakurleak ohartarazpen batekin eginen du topo liburuan orri-pasaka hasi bezain laster: beste esapide asko ere bazenuen aukeran, baina zuk zahar hitza baliatu duzu lan honetan, hasi eta buka, “askoren gustuko ez bada ere”.

Kontua da jendeak bizi nahi duela baina ez duela zahartu nahi. Zahartzeak lotsa ematen digu; beldurra ere bai, baina, batez ere, lotsa. Eta horrek eramaten gaitu hura ezkutatzera, disimulatzera. Hori dut abiapuntu nik.

Aurrez, fikziozko pertsonaien trazuetan bistaratu dituzu zahartzaroari loturiko bizipen eta bizi-baldintzak, 3 Mariak (2010) eta Azken etxea (2022) nobeletan. Saiakera batean eman dituzu orain. Zer bide zabaldu dizu genero honek?

Nahi gabe, 3 Mariak liburuak zahartzaroaren aditu bilakatu ninduen. Hasi zitzaizkidan hitzaldiak-eta eskatzen, eta nik beti abisatzen nuen: “Ez naiz gerontologoa, ez naiz soziologoa, azken urteetan zahartzaroari buruz buruari bueltaka ibili den idazle eta kazetari bat besterik ez naiz”. Baina, halako batean, pentsatu nuen, nik dakidana ezer gutxi izanda ere, behintzat izan daitekeela abiapuntu bat norbaitentzat; besterik ez bada, eztabaida sortzeko. Eta, nolabait, zahartzaroaren inguruko nire ideologia fikzioz mozorrotua dago nobeletan, eta hau, saiakera, mozorrorik gabea da guztiz.

Izenburuan bertan dago jasoa lanaren tesi nagusietako bat: eredu tradizionala salbu, ez dagoela zahartzaroaren beste maparik, ez dagoela behar adina eredu. Nolakoa da eredu tradizionala, funtsean? Eta berriak zer behar luke zentroan izan?

Are gehiago, zahartzeko modu tradizionala desagertu egin da, ia erabat. Ez daukat ezer eredu hori jarraitu nahi duenaren kontra, baina zera pentsatzen dut: “Ahalegindu, baina kostatuko zaizu”. Gizartea goitik behera aldatu baita, eta lehengo ereduan baliagarri izan zitezkeenek ez baitute balio orainerako.

Zure kritika nagusietako bat da pertsonak erabakiguneetatik kanporatzen dituztela zahartu ahala.

Izatez, askok gustura egiten diote uko bertan egoteari.

Nork bere burua ikusteko maneran ere baduelako eragina presioak?

Hori gertatzen da eredu bat onartzen dugulako: gaztea ona da; zaharra, txarra. Eta hainbesterakoa da kontua, ezen zahar batzuek inondik ere ez dute nahi zahartzat har ditzaten.

Topikoak pitzatzeko ahalegina ere egin duzu. Hona hemen eraitsi duzun usteetako bat: “Gazteak baleki, zaharrak baleza”.

Gizarteak —eta gizarte esaten dudanean ari naiz goi mailako agintariez, baina baita zurekin soinketan dagoen horretaz ere— bultzatzen zaitu bazterrera, ezer ez egitera. Eta ez da egia ezer ezin dugula egin. Beste kontu bat da nahitaezkoa ez izatea.

Inoiz baino pertsona zahar gehiago dira bizirik gaur egun. Potentzialtasun horri erreparatu eta hura artikulatzea da erronketako bat?

Bai. Liburuan, momentu batean esaten dut zaharrak oso trebeak direla kexatzen, kexa doinua dutela nagusia. Iruditzen zait heldu dela kexuetatik aldarrietara pasatzeko garaia: baina, betiere, guk geuk aldarrikatzekoa, guk geuk esatekoa. Ez besteei uztekoa esaten. Ez halakoak geure seme alaben esku uztekoa.

Anna Freixasen oihartzun franko daude liburuan. Zer beste ahots izan duzu xuxurlaka idazketa prozesuan?

Hainbat izan ditut, alde eta kontra. Adibidez, aspalditxo jo nuen Simone de Beauvoirren La vieillesse lanera, pentsatuta horrek nabarmen emango zidala euskarri ideologiko bat. Ordea, apenas aurkitu nuen halakorik; haren ikuspuntua ez da nirea.

Aldiz, Rita Levi-Montalciniri kapitulu oso bat eskaini diozu.

Rita Levi-Montalcinik dio burmuina eta neuronak galdu egiten direla adinarekin, baina neuronen arteko loturak ugaldu ere egin daitezkeela, eta, horrela, ordezkatu egin dezaketela galera. Elastikotasun horren aldarrikapena itsasargi bat izan da niretzat.

Horrek ezinbestean lagunduko du mapa bat trazatzen.

Iparra non dagoen badakigu behintzat. Gero, iparrera jo nahi dugun, edo bertan gelditu nahi dugun, norberak erabakiko du, eta nik errespetatu egingo dut beti. Bestalde, mapa ez da berehala osatuko, edo agian ez da sekula santan behin betiko osatuko; aldakorra beharko du izan.

Hitzatzean bertan diozu zeure iritziak zorrozteko eta zuzentzeko prest izanen zarela aurrerantzean.

Guk ikasi genuen mundu honetara sufritzera etorri ginela. Orain ez, orain gertatzen da mundu honetara disfrutatzera etorri garela. Eta ni, ni ikastera etorri naiz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina