Bakardadezko hiru istorio txirikordatu, Garazi Kamioren lehen eleberrian

Garazi KamioGarazi Kamiok Orube abandonatuak eleberria kaleratu berri du, iaz irabazitako Augustin Zubikarai sariaren fruitua. Elkarrekin txirikordatzen diren hiru kontakizun, bakardadearen gordina pairatzen duten hiru pertsonaia, nora joan ez daukatenen hiru deserri. Horra Garazi Kamiok bere lehen eleberri honetan eskaintzen diguna, galtzaile guztiekiko sentiberatasunez eta aldarririk gabeko patetismoz.

Lehenago ipuin-liburu bat idatzi zenuen, eta orain nobela. Bilakaera bat da? Aurrerapausoa? Bi lan klase? Zertan dira desberdintasunak?

Ipuin laburretatik nobelara pasatzea aurrerapausoa izan da. Orain arte eskema itxi eta laburrak sortzen nituen istorioak osatzerako garaian. Orain, aldiz, eskemak zabaldu egin ditut.

Hala ere, nobela hau hiru istorio txirikordatuz osatzen da: zerk egiten du, hortaz, kontakizun bakarra? Zer da Orube abandonatuak?

Orube abandonatuak nobela, denboran elkarrengandik urrun dauden hiru istoriok osatzen dute. Itxuraz desberdinak izan daitezke, baina komunean gauza ugari dituzte. Autore edo egoera bat gogorarazten duten hiru obra edo film dira, esaterako. Elkarren artean txirikordatzen dira eta, esaterako, batentzat huskeria dena, beste pertsonaia batentzat bizirauteko osagai garrantzitsua izan daiteke.

Hiru istorio horiek lekua konpartitzen dute, baina garai desberdinetan gertatzen dira. Zer lokarri gehiago dute? (espiritua, objektu batzuk…)

Hiru pertsonaiek etxe baten orubea konpartitzen dute, garai desberdinetan betiere. Pertsonaia batentzat hutsala den armairua, esaterako, beste batentzat fetitxismoz betetako elementua da; hirugarren pertsonaiarentzat, aldiz, ezinbesteko bihurtuko den altzaria da.

Aipa ditzagun banan-banan hiru istoriook. Lehenengoa, gerraostean kokatzen da, preso eduki duten gizon bat itzultzen da herrira. Zer topatuko du bertan?

Mariok trenez egingo du etxerako bidea. Emaztea zain izango du Tolosako geltokian, baina oinez egin beharko dituzte etxerako hamaika kilometroak. Emaztearen aldetik hoztasuna sentituko du eta ez du ulertuko haren jarrera. Mezua argi utziko dio itzultzen den lehendabiziko egunean: inork ez daki herrira itzuli denik eta lotsa du familiak barruraino sartuta.

Ze dokumentazio-lan egin duzu atal hau idazteko?

Kontzentrazio esparru batean izan nintzen, bertakoak entzuteko. Izan ere, kontzentrazio-esparruetako irudia 2. Mundu Gerrakoa dugu eta gutxi jaso dugu espainiar estatuan lanean egon zirenen inguruan. Gai hori erreskatatu nahi izan dut, sinbolikoki bada ere.

Bestalde, gerra ondorengo Andoaingo Kale Nagusia nolakoa zen galdezka ibili naiz han-hemen, irudia neure buruan sortzeko asmoz.

Istorio horretako beste pertsonaia nabarmen bat emaztea da, itzal-argi ugari dituena…

Gerra zibila amaitu ondotik beldurra nagusitu zela badakigu. Maiz, bizi garen egoerak bultzatuta, gizakiak portaeran aldaketak izaten ditu. Bizirautea norberaren kontua da, eta beldurra ate joka dugunean… Marioren emazteak ez du aldaketarik nahi bere bizitzan. Senarraren etorrerak izuari atea irekitzen dio. Horrexegatik da itzal-argiak eskaintzen dituen pertsonaia.

Bigarren istorioak 80ko urteetara garamatza. Txikitako zure oroitzapenetatik aritu zara neurri batean? Etxean eta kalean entzundakotik? Hemerotekatik?

Haurra nintzen garaia da niretzat 80ko hamarkada. Euskal Herria gogor astindu zuen drogaren garai hura nire haur begietatik bizi izan nuen. Etxean eta kalean entzuten nituen orduan ulergaitzak zitzaizkidan elkarrizketak. Heroina-xiringak ikusi izan ditut etxe ondoko parkean, baita ere. Gerora era pausatuan bizi eta hausnartu dudan gaia izan da.

Droga-menpekotasuna da ageriko gaia, eta zulotik irteteak ematen dituen lanak, baina sakonean beste gai batzuk ere ageri dira, ezta?

Ezjakintasunak gure gizartean zer-nolako mina eman zuen ikustea ikaragarria da. Droga ageriko gaia da, baina berarekin batera datoz egun pentsatzera garamatzaten ekintzak: gaixo dagoenari laguntzeko bakarrik utzi eta baztertzea, esaterako. Garai hartan egiten zen zerbait zen, babesa eman beharrean. Topikoari jarraituz, beste garai batzuk zirela esan genezake, eta noski, gure garaiaz ere ariko dira noizbait, gure hutsuneak kontatzen.

Amaieran ustekabe bat gorde duzu; ipuingintzako teknika bat da eleberrira eramana?

Hiru istorioetan irakurlearen barrenak astindu nahi izan ditut. Zenbait orrialdetan ez diet kontatu nahi izan pertsonaiek zehatz-mehatz egunero zer egiten duten. Mirenen kasuan, bizirauteko beharrezkoa duen zerbaitekin lotura du amaierak. Beste bi istorioetan ere beste horrenbeste gertatzen da. Eroso nabil ipuingintzan, eta gauza bera gertatu zait nobelarako jauzia eman dudanean ere. Hiru pertsonaien etxea erakutsi dut, baina ez ditut beti ate guztiak ireki.

Azken istorioa gaur egun gertatzen da, eta honetan, proiektuan aurkeztu zenuen asmotik aldatu egin duzu. Zergatik?

Ez nuen argi ikusten Maiderren bilakaera bekara aurkeztu nuen laginean. Azkenerako utzi nuen istorioa izan zen, nahita. Hiru garaietan gizartean bolo-bolo zebiltzan gaiak ukitu nahi nituen eta azkenean egunkarietan egunero ikusten dugun gaia hartu nuen hizpide.

Krisiaren eragina nabarmena da istorio honetan.

Maiderren istorioak hasieratik du zerbait nabarmena beste bien aldean: jendez inguratuta bizi da. Horrek zeresan handia du kontakizunean. Maider krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu duen neska da. Ez du bere lehenagoko bizitza aldatu nahi, ordea. Ez du, ezta ere, lana edukitzeak sor dezakeen planik saihestu nahi. Gezur txiki bat sortuko du, baina gezur horrek elur bola baten antza hartuko du.

Besteak engainatzea eta norbere burua engainatzea ez direla berdin uzten duzu agerian…

Besteak engainatzea erraza suerta daitekeela iruditzen zaigu. Orduan, marra bat marrazten da gure baitan. Egiaren alde batean egoten gara, gezurra esan dugula jabetuta. Arazoa marra hori gainditzen dugunean gertatzen da: gezurra sinesten hasten garenean. Burua larritzen hasten da orduan. Dena den, gezurra esana dagoela ere badakigu, eta nola-hala gezur horrekin bizitzen ikasi beharko dugula.

Zure lehen liburua idazteko Igartza beka jaso zenuen. Zubikarai bigarrengoan. Sistema ona dira bekak, zure ustez?

Bekek akuilu lana egiten dute batetik; bestetik, lana data konkretuetan entregatzeko beharra sortzen dute. Lan honetaz bizi direnak esku bateko hatzez konta litezke eta, laguntza izateaz gain, lana egitera behartzen duen sistema da. Bestela, askok urteak beharko genituzke liburuak aurrera ateratzeko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina