
Argazkilaria: Ricky Davila
36ko gerraren osteko erresistentziako bi militanteren bizitzak ditu oinarri Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) Elkarrekin esnatzeko ordua nobelak (Susa): Txomin Letamendi (Bilbo, 1901-Bartzelona, 1950) eta Karmele Urresti senar-emazteak. Horien ondoan, pertsonaia historiko ugari ageri da nobelan, hala nola Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manu Sota eta Andima Ibiñagabeitia, beste askoren artean.
Txomin Letamendi bilbotarra zen sortzez (1901ean jaioa), Bilboko Orkestra Sinfonikoan tronpetista, Euzko Gudarostean Ariztimuño Batailoiko komandantea, Parisen Canaro tangistaren musikaria, Manu Sota aberatsaren adiskidea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren konfiantzakoa, Euskal Zerbitzuetako agente sekretua frankismoan… Karmele Urresti ondarrutarra zen sortzez (1915ean jaioa); erizaina, Roseraie ospitalean lan egindakoa gerra sasoian, gero Eresoinkako kantaria, Txomin Letamendirekin ezkondu zen… Frantzia okupatutik ihesi Caracasera joan ziren biak, handik itzuli ziren Euskal Herrira klandestinoki erresistentzian lan egitera, hiru seme-alaba izan zituzten… (Irakurri +)
Urteko sasoi honetan, Elkar argitaletxeak titulu berriak aurkezten jarraitzen du. Oraingo honetan, haur literaturaren txanda izan da. Batela bildumako hiru titulu berri eta Kuku saileko nobedade bat kaleratu ditu: Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Ispilutxo, Txomin eta Peru Magdalena eta Iosu Mitxelenaren Txomintxo eta Perutxo maiteminduta, Txabi Arnal eta Belatzen Ikazkina Olentzero bihurtu zenekoa eta Paddy Rekalde eta Eider Eibarren Kartoizko kaja, hurrenez hurren.
Ispilutxo
Mutilak “nexka” deitzen diote eta horregatik, baztertua eta triste sentitzen da Kevin, oso triste, astoa baino tristeago, zeren bera ez da neska. Horregatik, joan da errekara, ispilutxori galdetzera. (Irakurri +)
Harkaitz Cano, Antton Olariaga eta Jexuxmai Lopetegiren Itzal zaunka disko-liburua aurkeztu dute gaur Durangoko azokako Ahotsenean. Mitxel Murua izan da solasaldiaren gidari-lanetan.

Mo Yan-en liburua, Maialen Marinek eta Aiora Jakak itzulia. Zaitegi sarian oraingoz argitaratu den azken lana. Laster Iker Santxoren berria kalean izango da
Urtero Literaturako Nobel Saria euskaratzera bideratutako Jokin Zaitegi martxan da berriz. 2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, eta 2002tik 2012ra bitarteko Nobel saridunak euskaratu ziren beka honi esker. Babeslerik ezak bertan behera utzi zuen sariketa pare bat urtez, baina iaz jarri zen berriz ere martxan, Svetlana Aleksievitx itzultzeko (datorren udaberrian kaleratuko den liburua).
2016an Literaturako Nobel Saria Bob Dylan kantagile iparramerikarrak irabazi du, eta haren kanta sorta bat euskaratzea izango da Zaitegi Sariaren helburua. Parte hartu nahi duten itzultzaileek lagin bat euskaratu beharko dute, eta hemen topatu ahalko ditu bai oinarriak, bai itzuli beharreko lagina: Dylan lagina
Epaiamahaia Iñigo Roque eta Maialen Berasategi itzultzaileek eta Jon Basaguren musikariak osatuko dute. (Irakurri +)
Katixa Agirreren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamazazpi lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 27an, ostegun arratsaldean eman zaio, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien barruan.
Amek ez dute izena duen Katixa Agirreren proiektuak amatasunaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, hari detektibesko baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta are obsesioa sortzen dio protagonistari: idazlea da bera, eta ama ere bai; emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du. (Irakurri +)